2020(e)ko apirilaren 22(a) 12:30

Bizkaiko Foru Aldundia progresiboki hasiko da berriro ere etxeetan mendekotasun-egoeraren ebaluazioak egiten

Gizarte Ekintzako Saila

Foru Aldundiak erabaki hau hartu du funtsezko prestazio eta zerbitzu batzuk eskuratzeko ezinbestekoa delako mendekotasun-egoera ebaluatua izatea. Gizarte Ekintza Sailak baldintza batzuk ezarri ditu etxeetara egiten diren bisitak segurtasun- eta babes-berme guztiekin egin daitezen ebaluazio-taldeetako kideentzat zein ebaluatu beharreko pertsonentzat. Neurri honek ez du eraginik izango egoitza-zentroetara in situ egiten diren ebaluazioetan, etenda geratuko baitira salbuespenezko kasu arrazoituetan izan ezik. Martxoaren 15ean alarma-egoera sanitarioa deklaratu zenetik, presazkotzat jotakoetara esklusiboki mugatuta zeuden etxeetan egin behar ziren mendekotasun-egoeraren ebaluazioak.

Bizkaiko Foru Aldundia berriro hasi da talde ebaluatzaileek eskatzaileen etxeetan in situ egiten dituzten mendekotasun-egoeraren ebaluazioak egiten. Horretarako, Gizarte Ekintza Sailak jarraibide batzuk ezarri ditu etxeetara egiten diren bisitak segurtasun- eta babes-berme guztiekin egin daitezen ebaluazio-taldeetako kideentzat zein ebaluatu beharreko adineko pertsonentzat.

Hala ere, neurri honek ez du eraginik izango egoitza-zentroetara in situ egiten diren ebaluazioetan, etenda geratuko baitira salbuespenezko kasu arrazoituetan izan ezik. Kasu horretan, teknikoki posible bada, aztertuko da ea beste mekanismorik erabil daitekeen ebaluazioa egiteko.

Martxoaren 6an, Aldundiak lehenengo neurriak hartu zituen mendekotasun-egoeraren ebaluazioak murrizteko; ondoren, martxoaren 15ean, etenda geratu ziren neurriok, COVID-19aren pandemia dela-eta alarma sanitarioaren egoera deklaratu ondoren. Iazko ekitaldian, 22.346 mendekotasun-ebaluazio eta laguntza-plan ebatzi ziren; beraz, kalkulatzen da Bizkaiko familiek 2.000 ebaluaziotik gora izapidetu gabe utzi dituztela konfinamendua hasi zenetik hona.

Neurrion helburua zen birusaren transmisio komunitarioa saihestea eta. bereziki, birusa egoitza-zentroetara ez sartzea. Testuinguru horretan, presazkotzat jotakoetara mugatuta geratu ziren ebaluazioak.

Hala ere, funtsezkoak diren prestazio eta zerbitzu batzuk eskuratzeko ezinbestekoa da mendekotasun-egoera ebaluatua izatea; beraz, birusaren transmisio komunitarioaren gaur egungo testuingurua kontuan hartuta eta konfinamenduan hilabete baino gehiago igaro ondoren, Foru Erakundeak erabaki du neurri horiek eguneratzea.

Hori horrela, hemendik aurrera, berriro ere ekingo dio mendekotasun-egoeraren ebaluazioak egiteari, baina baldintza hauetan:

Mendekotasunaren ebaluazioak egiten dituzten talde profesionalei dagokienez:

  • Ebaluatzaileek ez dute aldi batera egingo jarduera profesional hau beste ezein jarduera sanitario eta soziosanitariorekin, baldin eta hori dela-eta kontaktuan egon badaitezke COVID-19a dela-eta positibo diren edo ikerketapean dauden pertsonekin.
  • Arnas aparatuko infekzio akutuaren antzeko koadro klinikoa duen edozein pertsona (sintoma hauetako edozeinen bat-bateko hasiera: eztula, sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna), larritasuna edozein dela ere, ebaluatzaileak ez dira joango lanera, eta lan-zentroari jakinaraziko dio.

Etxeetako ebaluazioei dagokienez:

  • Etxeko bisita in situ egin aurretik, telefonoz konfirmatuko da ebaluazio-eskatzaileak eta zaintzaileak ez dutela arnas aparatuko infekzio akutuaren antzeko sintomarik. Sintomarik izanez gero, ebaluazioa atzeratu egingo da, sintomarik (sukarra edo arnas aparatuko infekzioaren sintomak) izan gabe 15 eguneko epea bete arte. Areago, profesionalak etxera joten direnean gertatzen bada egoera hori, ebaluazio ez da egingo.
  • Beharrezkoa diren babesak jarrita etxera heldu aurretik, eskatuko da ebaluazioa etxeko leku egurastuenean eta handienean egin dadila, segurtasun-tartea gordetzeko. Gela txikia bada, ebaluatzaileak banan-banan sartuko dira, eta ebaluazioa gizarte-ebaluazioarekin eta zerbitzuen eta/edo prestazioen proposamenarekin amaituko da.
  • Ebaluazio-taldeko kideak behar bezala akreditaturik joango dira, eta maskara eta eskularruak eramango dituzte.
  • Bisitan, beharrezkoak diren erreferentzia-pertsonak baino ez dira egongo: oro har, senide bakar bat.