2020(e)ko apirilaren 21(a) 16:00

Bizkaiak hirugarren laguntza-baliabidea aktibatu du, Santurtzin, Covid-19 positibo izanik egoera ahulean dauden adinekoentzat

Gizarte Ekintzako Saila

Zentroa Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskutik; lehen herriko Itsastarren Etxea egon den instalazioetan dago. 22 gela daude eta gehienez 44 pertsona har ditzake. Unitate soziosanitario honetan Covid-19 birusean positibo ematen duten Bizkaiko adinekoak artatzen dira, ospitalean alta eman ondoren ahulezia dela eta etxera berehala itzuli ezin direnak, hain zuzen ere. Baliabide hau mota honetako hirugarrena da, lehendik beste bi jardunean ari izan baitira, bata Birjinetxen (Bilbon), maila ertaineko bi unitate soziosanitario espezializatu, eta bestea Unben (Erandio), unitate isolatu handia; horiek biak martxo amaieran aktibatu ziren Covid-19 birusaz kutsatutako Bizkaiko egoitzetako adinekoak artatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gizarte Ekintza Sailari atxikitako Gizarte Urgazpenerako Erakundearen bitartez maila ertaineko arreta soziosanitarioko beste laguntza-baliabide bat aktibatu du Santurtzin, hirugarrena, Covid-19 positibo izanik ospitalean alta eman ondoren gaixondoa bakartuta igarotzera etxera itzuli ezin diren adinekoentzat.

Unitate soziosanitario berria lehen herriko Itsastarren Etxea zegoen instalazioetan dago. 22 gela daude eta gehienez 44 pertsona har ditzake.

Unitate hau honako ezaugarri hauek dituzten pertsonentzat da: adinekoa, Covid19 positiboa eta kutsagarritasun-fasean dagoena, ahulezian dagoena (mendekotasun arina edo mendekotasun-arriskua) edo horrekin parekatzen den egoera batean, nahiz eta balorazioa eginda ez eduki, arreta-laguntza intentsiborik behar ez duena eta mugitzeko eragozpen handirik ez daukana.

Gainera, gaixondoa etxean igarotzea eragozten duen inguruabar hauetako bat gertatu behar da:

  • Ez edukitzea zaintzailerik edo zaintzailea bera ere ahulezian egotea, eta ez egotea zaintzaren ardura har dezakeen beste inor.
  • Adinekoarekin bizitzea osasun-arriskuan dagoen pertsonaren bat, inondik ere kutsatu ezin daitekeena.
  • Zaintzailea egon arren, hark ahulezian dauden beste pertsona batzuek artatu behar izatea eta beste inoren ardura bere gain hartzeko gauza ez izatea.

Pertsona horiek gehienez ere 14 egunez erabili ahal izango dute baliabide hau, beren egoera klinikoak eragozten ez badu.

Bizkaiko kontingentzia-plana

Baliabide hau mota honetako hirugarrena da, lehendik beste bi jardunean ari izan baitira, bata Birjinetxen (Bilbon), maila ertaineko bi unitate soziosanitario espezializatu, eta bestea IMQ Igurco Unben (Erandio), unitate isolatu handia; horiek biak martxo amaieran aktibatu ziren Covid-19 birusaz kutsatutako Bizkaiko egoitzetako adinekoak artatzeko. Pazienteak egoitzetatik heltzen dira unitate horietara zuzenean edo ospitalean sartu ondoren bideratzen dituzte. Adinekoen egoera larri arina edo moderatua da, Covid-19 positiboa emana dute edo aztertzen ari dira, ez dute behar arreta intentsiborik. Baliabide honi esker osasun-sistema ez makaltzea lortzen da. Bi baliabideetan 184 plaza daude guztira.