2020(e)ko apirilaren 11(a) 10:30

Bizkaibusek zerbitzu gehiago izango ditu hilaren 14tik aurrera (asteartea), ordaindutako baimenen amaiera dela eta

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

- Zerbitzu-eskaintza % 50 inguru izango da berriro, alarma-egoeraren hasieran ezarritako kopuruaren antzekoa. - Edukiera-mugaketak mantendu egingo dira, segurtasun-tarteak bermatzeko. - Ordutegi eta maiztasun berriak web orrian kontsulta daitezke: www.bizkaia.eus/bizkaibus.

Bizkaibusek zerbitzuak berreskuratuko ditu hilaren 14tik aurrera (asteartea); izan ere, amaitu egin dira ordaindutako baimenak, Gobernuak koronabirusaren hedapenari aurre egiteko dekretatuak, eta aurreikuspena da zerbitzu-eskaera handiagoa izatea. Zerbitzu-maila berriro izango da % 50 ingurukoa, hau da, joan den martxoaren 16an indarrean zegoenaren antzekoa, egun horretan deklaratu zelarik alarma-egoera.

Gogoan izan behar da martxoaren 30tik apirilaren 9ra bitartean —alegia, industria-jarduera geldiaraztea ezarri zuen dekretua indarrean jarri zenetik— % 40 gutxienez murriztu zela Bizkaibusen eskaintza.

Behin ordaindutako baimenen aplikazio-epea bukatuta, ziur aski, gora egingo du zerbitzu-eskaerak, eta, beraz, komeni da alarma-egoeraren hasieran zegoen eskaintza-mailara itzultzea, azaldu du Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.

EDUKIERA MUGATURIK

Berrikusi egin da zer eskaintza beharko den bateragarri izan daitezen herritarrek beren lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea eta erabiltzaileen artean gorde beharreko segurtasun-tarteak mantentzea. Datuen arabera, birusari eusteko neurriak emaitzak ematen ari dira, eta posible da garaipena lortzea, baina beharrezkoa da oraindik ere ahalik eta gehien mugatzea mugikortasuna eta lehen ezarritako segurtasun-neurri guztiak mantentzea.

Besteak beste, autobusen edukiera mugatzea, segurtasun-tarteak bermatzeko; egunero desinfektatzea autobusak eta markesinak; gidariaren lekua higienizatzea eta fisikoki bereiztea gainerako bidaiariengandik; eskudiruz ordaintzeko aukera kentzea; Bizkaibuseko kabina guztiak ixtea, eta abar. Ekimen-andana bat, denak ere pandemiaren aurka borroka egitera zuzenduak.

Ordutegi eta maiztasun berriak web orrian kontsultatu ahal dira:www.bizkaia.eus/bizkaibus.

Era berean, edozein zalantza argitzeko edo informazioa jasotzeko, 946 125 555 doako informazio-telefonora deitu ahal izango da 07:00etatik aurrera edo Bizkaibusen Facebook eta Twitter-eko profil ofizialak erabil daitezke.