2020(e)ko apirilaren 17(a) 10:00

Aldundiak martxan jarri du BizkaiUp aplikazio mugikorra, herritarrei COVID-19ari buruzko informazioa helarazteko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

BizkaiUP aplikazioa foru-erakundearen eta bizkaitarren arteko topagune eta zerbitzua emateko kanal berria izateko sortu da; alertak bidaliko ditu oraingo osasun-krisia eta haren ondorioak direla-eta sortzen diren berritasunekin

Bizkaiko herritarrek tresna berri bat dute eskura gaurtik aurrera, COVID-19ak sortutako osasun-krisiari eta krisi horrek zerbitzuetan, ekonomian eta lurraldeko pertsona, familia eta enpresa guztiengan duen eragin zuzenari buruzko informazio egiaztatu eta eguneratua izateko. BizkaiUP Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri duen aplikazio mugikor berria da, eta oraingo egoerari buruzko informazio garrantzitsua eta zerbitzuei buruzkoa ematen du.

Abisu berriak jakinarazteaz gainera, aplikazioaren hasierako bertsio honen bidez, erakundeak argitaratutako berri, informazio eta eduki guztiak kontsultatu ahal izango dira, eta grafikoki ikusi ahal izango dira mapa batean une hauetako puntu interesgarri nabarmenenak, hala nola, kontsulta egiten duen pertsona dagoen lekutik hurbil dauden farmaziak eta supermerkatuak.

BizkaiUP erabiltzeko ez da erregistratu behar, ezta informazio pertsonalik eman behar ere. Telefono adimendunetan gehien erabiltzen diren sistema eragileetako -Android eta iOs- dendetatik sartu ahal da aplikaziora. Horretarako, nahikoa izango da denda birtualean sartzea; BizkaiUP Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikorretarako aplikazioa lokalizatu, eta doan deskargatzea.

BizkaiUP irauteko sortu da, eta helburua da herritarren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko beste topagune bat izatea. Hala, COVID-19ari eta lurraldean dituen ondorioei buruzko informazio garrantzitsu eta nabarmenenari, intereseko zerbitzu eta eduki berriak gehituko zaizkio Android eta iOS sistemen dendetan argitaratuko diren bertsio berrietan. Bertsio horiek eskuratzeko, herritarrek aplikazioa eguneratu beharko dute beren gailuetan.