2020(e)ko apirilaren 05(a) 11:58

Bizkaiko Foru Aldundiak web bat aktibatu du COVID-19ari inguruko informazioa eta neurri bereziak zabaltzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Webgunera, www.bizkaia.eus helbidetik sar daiteke, eta bertan foru-erakundeak informazio egiaztatu eta eguneratua eskaintzen du hainbat arlotan onartzen ari den neurriei buruz: gizarte-laguntza, zergak, ekonomia, zerbitzu publikoak eta herritarrenganako arreta.

Bizkaiko Foru Aldundiak webgune bat aktibatu du astelehen honetatik, apirilaren 6tik, COVID-19ren inguruan sortutako egoerari buruzko informazio guztiarekin. Webgunera, www.bizkaia.eus helbidetik sar daiteke, eta bertan jakitera ematen da zer neurri hartzen dituen foru-erakundeak krisi sanitarioaren ondorioak arintzeko. Gainera, katalogo batean biltzen ditu autonomo eta enpresentzako laguntza eta estimulu ekonomiko eta fiskalak.

Bizkaiko Foru Aldundiak kanal espezifiko bat jarri nahi du erabiltzaileen esku, informazio egiaztatu eta eguneratua eskaintzeko. Helburua da egungo egoera ezagutzera ematea, bai eta sail eta zerbitzuetan gertatzen diren aldaketak ere. Modu horretan, posible izango da jakitea zein diren tributuen arloan onartutako azken aldaketak eta zer-nolako aldakuntzak gertatzen diren sail eta sozietate foral guztien programa eta deialdietan, bai eta berrikuntzak bide telematikotik ezagutzea eta ezohiko aldi honetan foru-erakundeak abiatzen dituen ekimen guztien berri izatea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren COVID 19 webguneak kontsultako tresna eta lanabes eraginkorra izan nahi du, haren bidez herritarrek arin eta erraz eskura ahal izan dezaten funtsezko eta zerbitzuko informazioa.

Adinekoentzako eta kolektibo kalteberentzako arreta

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak, webgunearen bidez, zenbait kanal dauzka irekita herritarrekin, hauek hainbat proiektutan parte hartu ahal izan dezaten (adibidez, boluntarioen sarea, Bizkaia gara eta gizarte-zerbitzuen alorrean ikasten ari diren ikasleentzako enplegu bereziko poltsa).

Gainera, adinekoen egoitzei buruzko informazioa eguneratuko da.

Neurri fiskalak eta ekonomia sustatzekoak

Bizkaiko Foru Aldundiak tributuen arloko neurri sail bat onartu du bizkaitarren likidezia hobetzeko -bereziki, mikroenpresena, enpresa txikiena eta autonomoena-, ekonomiaren sektore kalteberenen gaineko inpaktu ekonomikoa negatiboagoa izan dadila eragozteko eta zergadunen eskubideak bermatzeko.

Era berean, Ekonomia Sustatzeko Saila lanean ari da enpresei eta ekintzaileei zerbitzu eta programa foralak erabiltzen laguntzeko. Ainara Basurko diputatuak nabarmendu du ahalegin handiak bideratzen ari direla arreta eta aholkularitza indartzera. «Ziurgabetasun handiko asteak bizitzen ari gara, eta Bizkaiko Foru Aldundian lanean dihardugu erantzuna eman ahal izateko ehun ekonomiko eta enpresarialak planteatzen dizkigun kezkei. Eguneratzen ari gara enpresek eta autonomoek eskura ditzaketen laguntzen katalogoa; foru-laguntzak ez ezik, gainerako erakundeenak ere bai. Une honetan, informazioa eta koordinazioa funtsezkoak dira. Eta mezu argi bat zabaldu nahi dugu; erronka erraldoi horri erantzuteko lan egiten dugu, gure enpresa- eta ekonomia-ehunari susperraldiari berme hobeekin aurre egiteko balioko dioten neurri osagarriekin», gaineratu du Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru-arduradunak.

Párrafos para nota de prensa sobre coronavirus.

Enpleguaren arloko neurriak

Bere aldetik, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak adierazi du kontingentzia-plan bat lantzen ari direla enpleguaren arloan, Covid-19 birusak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko geldialdi ekonomikoa atzean utzi ondoren.

Esan duenez, koronabirusaren krisiaren ondorioz, enplegu-programa ausartak eta irudimentsuak jarri behar dira martxan. Eta erantsi du egokitzen ari direla, eta osasun-krisiaren faserik txarrena pasatu ondoren aplikatuko dituzten ekimenak diseinatzen ari direla. Krisiaren osteko lehenengo egunean pentsatzen ari direla adierazi du, eta ez daudela geldi, indartsu atera behar dutela suspertze ekonomikoa lortzeko eta ahal den pertsona-kopururik handienak izan dezan lan egiteko aukera.

Zehatzago, Laespadak azaldu du, adibidez, malgutasun-neurriak hartzen ari direla, laneratzeko jarduerak eta ibilbidea eten arren, haietako batzuk onlineko prestakuntzaren bidez eskaini ahal izateko. Ildo horretan, jada hiru prestakuntza sarean egiteko aukera ematen da Lan Berriren arloan (enplegua lortzeko arazoak dituzten pertsonentzako laguntza), eta beste hamar gazteen enplegagarritasunaren arloan. Halaber, zenbait entitate lanean ari dira beren ibilbideak on line eskaini ahal izateko.