2020(e)ko apirilaren 03(a) 12:31

Bizkaiak ezohiko lan-poltsa bat abiarazi du, gizarte zerbitzuen arloko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendua

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko egoitza-zentroen sarean lan egiteko behar den gaikuntza lortzeko eskatzen diren ikasketak egiten ari diren ikasleak kontratatuko ditu. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko du lan-poltsa, bai kontratazioak egiteko, bai halako pertsonen zerrenda bat emateko Bizkaiko gizarte-zerbitzuen arloko foru-sareko erakundeei zein zentroei. Kontratuak obra-kontratuak izango dira, eta Covid19k eragindako larritasun handiko inguruabarrak amaituta azkendu ahal izango dira. Interesdunek prest daudela erregistratzeko formulario bat bete behar dute, zeina www.bizkaia.eus web-orri foralean dagoen. Bestalde, Gizarte Ekintza Saila hasi da koronabirusaren ebaluaziorako test-frogak egiten Covid 19ren ondorioz bajan dauden lurraldeko egoitza-zentroetako profesionalei. Halaber, atzo eta gaur artean, Foru Erakundeak 248.000 maskara kirurgiko banatu ditu Bizkaiko adinekoen egoitzetan.

GLS enpresako langileak bidali beharreko paketeak antolatzen enpresaren egoitzan

Bizkaiko Foru Aldundiak ezohiko lan-poltsa bat abiarazi du, lurraldeko egoitza-zentroen sarean lan egiteko behar den gaikuntza lortzeko eskatzen diren ikasketak gaur egun egiten ari diren ikasleak kontratatzeko. Foru Erakundeak ikasleek gainditutako mailen kopuruaren arabera ordenatuko du zerrenda; alegia, zenbat eta gehiago gainditu, orduan eta gorago zerrendan.

Covid-19ren hedapenaren ondoriozko osasun-alertaren testuinguru honetan, kontrataziorako edo langileak lanean hasteko ezohiko neurri gisa, baimena ematen da aldi baterako kontratatzeko —lanaldi partzialean edo osoan— gizarte-zerbitzuen sektoreko eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako esparruetan dagozkien zerbitzuak emateko eskatzen diren ikasketetako azken urtean ikasten ari diren pertsonak, zeinek oraindik ez duten derrigorrezko titulu akademikoa edo dagokion gaikuntza profesionala.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko du lan-poltsa, bai kontratazioak egiteko, bai halako pertsonen zerrenda bat emateko Bizkaiko gizarte-zerbitzuen arloko foru-sareko erakundeei zein zentroei. Kontratuak obra-kontratuak izango dira, eta Covid19k eragindako larritasun handiko inguruabarrak amaituta azkendu ahal izango dira. Orduan, Aldundiak Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio ikasle horiek egindako jarduera ondorio akademikoetarako aitortzen duen egiaztagiria.

Medikuntzako eta erizaintzako ikasleez gainera, Gizarte-Instituzioetan Mendekotasun-Egoeran Dauden Pertsonei Arreta Soziosanitarioan lan egiteko lanbide-gaikuntzari dagokionez, honako titulu eta ziurtagiri hauek ere kontuan hartuko dira:

  • Erizaintzako zaintza osagarrien teknikaria edo haren baliokideak, klinikako teknikari laguntzailea, psikiatriako teknikari laguntzailea eta erizaintzako teknikari laguntzailea, edo ondorio profesional berekin argitaratzen den beste edozein titulu.
  • Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arretako teknikaria, edo haren baliokidea, arreta soziosanitarioko teknikaria, edo ondorio profesional berekin argitaratzen den beste edozein titulu.
  • Goi-mailako gizarteratze-teknikaria, edo titulu horren baliokidea.
  • Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta emateko profesionaltasun-ziurtagiria.

Interesdunek prest daudela erregistratzeko formulario bat bete behar dute, zeina www.bizkaia.eusweb-orri foralean dagoen.

Testak eta maskarak egoitzetako langileentzat

Bizkaiko Foru Aldundia hasi da koronabirusaren ebaluaziorako test-frogak egiten Covid 19ren ondorioz bajan dauden lurraldeko egoitza-zentroetako profesionalei (sintomak izateagatik edo kontaktu estuan egoteagatik). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskutik ezarri da neurria.

Frogak Gizarte Ekintza Saileko osasun-langileak ari dira egiten, Foru Erakundearen Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalaren lokaletan (Uribitarte 15, Bilbo).

Egoitzen enpresa kudeatzaileetako prebentzioko eta lan-osasuneko zerbitzuak dagoeneko hasi dira Aldundiari bidaltzen haien ustez eta sintomak kontuan hartuta froga hori egin behar duten beren langileen zerrenda. Sintomak ebaluatzeko, 72 orduko gutxieneko eboluzioa eskatzen da. Foru Erakundea, berriz, gaur goizean hasi da testa egin behar duten pertsonei deika, aurretiazko hitzorduaren bidez.

Horrez gainera, Foru Aldundia maskara kirurgikoak banatzen ari da, atzotik, 248.000 maskara, guztira (500, 25 egoiliar-plazako), birusaren hedapena geldiarazteko neurri unibertsal gisa. Uriosteko Suhiltzaile Etxea materiala biltzeko gune nagusi gisa erabili da. Banaketa, berriz, GLS enpresak egin du, zeinak bere burua modu altruistan eskaini du zerbitzu hori Bizkaiari emateko.


Argazkiak