2020(e)ko apirilaren 01(a) 13:37

Foru Ogasunak tributu-betebeharrak malgutzeko eta itzulketak arinago egiteko hartu dituen neurri berriak

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak neurri berriak onartu ditu langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien tributu-betebeharrak malgutzeko, Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioei aurre egiteko behar duten likidezia izan dezaten.

Neurri hauek bat egiten dute martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean onartutako neurriekin. Izan ere, foru-dekretu horren bidez, geroratzeak ezarri ziren zergak ordaintzeko eta aitorpenak aurkezteko, langile autonomoei eta enpresei dagokienez.

  • Aitorpenak aurkezteko zazpi aste gehiago autonomo eta enpresa txiki eta ertainentzat

    Lehenengo neurria ekonomia-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoentzat, mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat da, eta ekainaren 1era arte luzatu zaie aitorpenak eta likidazioak aurkezteko epea. Neurri horren barruan sartzen dira nahitaez telematikoki aurkeztu behar direnak. Beraz, zazpi astez luzatzen da 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean ezarritako epea, hasiera batean apirilaren 14ra arte luzatu baitzen aurkezpen telematikorako epea kolektibo hauentzat.

    Foru Ogasunak neurri hau hartu du, foru-agindu bidez, oraingo konfinamendu-egoerak zailtasun operatiboak sortzen dizkielako langile autonomoei eta enpresa txikiei, eta Bizkaiko tributu-araudiak enpresa txikiei eskaintzen dien babes bereziarekin koherente izateko.

  • 700.000 gako jakinarazpen telematikoak errazteko

    Halaber, Ogasun eta Finantzen foru-diputatuaren foru-agindu bidez, salbuespenezko arauak ezarri dira jakinarazpen telematikorako, aplikatu ahal izateko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako presazko neurriak.

    Dekretu horrek eten egiten ditu administrazio-prozedurak martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean (PFEZaren likidazio-proposamenak izan ezik, maiatzaren 4an itzulketak egiten hasi ahal izateko), baina, hala ere, Foru Ogasunak jarraitzen du beharrezko zereginak egiten, zerga bakoitza dela-eta zergadunek eskatutako itzulketak egiteko, bereziki BEZarenak, eta ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko eskaerak izapidetzeko.

    Itzulketa horietako batzuen kasuan, Ogasunak aurretiazko jakinarazpena egin behar du, eta, osasun-larrialdiko egoera honetan, telematikoki baino ezin dira egin. Hori dela eta, soilik posta bidezko jakinarazpenak jasotzea aukeratu duten zergadunek Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan ere izango dituzte eskura jakinarazpen horiek. Jakinarazpenetara sartzen badira, jakinarazpena egindakotzat joko da, baina soilik zergadunaren aldeko diren ondorioetarako, eta itzultzeko prozedura izapidetzen jarraituko da. Ez badute eskuratzen jakinarazpena Ogasunaren egoitza elektronikoaren bidez, posta bidezko jakinarazpena egingo da ahal bezain laster.

    Jakinarazpena eskuratu badute, 2020ko ekainaren 1a izango da ondorio-data, errekurtsoetarako eta beste jarduketa batzuetarako epeak zenbatzeari dagokionez, 1/2020 Foru Dekretu Arauemaileak ezarritako epeen etetearekin bat etorrita.

    Ildo horretan, gogoratu behar da Ogasunak identifikazio digitalerako metodo bat eskainiko diela Bizkaiko zergadun guztiei, egoitza elektronikora sartzeko erabil dezaten. Datozen asteetan, errenta-kanpainako jakinarazpenak baliatuta, 700.000 pertsonak errenta-gakoa jasoko dute etxean, eta haren bidez aktibatu ahal izango dute Bak gakoa errentaren web-orrian.

Foru-agindu bidez onartutako bi neurri hauek osasun-larrialdiaren ondorio ekonomikoak arintzeko aurretiaz onartutako neurriei gehitu behar zaizkie. Hauek dira neurri horiek, laburbilduz:

  • Martxoan aurkeztu beharreko aitorpenak eta autolikidazioak (oro har, 6 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena duten enpresak): aurkezteko epea 2020ko apirilaren 14ra arte luzatu da, mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan izan ezik, kasu horretan ekainaren 1era arte luzatu baita epea.
  • Apirilean aurkeztu beharreko aitorpenak eta autolikidazioak (hilekoak eta hiru hilean behingoak):
    • Pertsona fisikoak, errentak esleitzeko araubideko entitateak (kide guztiak pertsona juridikoak direnean izan ezik), mikroenpresak eta enpresa txikiak: aurkezteko epea ekainaren 1era arte luzatu da.
    • Gainerako entitateak: ez da aldatu epea (apirilaren 27a).
  • Maiatzean aurkeztu beharreko aitorpenak eta autolikidazioak (oro har, 6 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena duten enpresak): aurkezteko epea ohikoa izango da (arau orokor gisa, maiatzaren 25a), mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan izan ezik, kasu horretan ekainaren 1era arte luzatu baita epea.
  • Langile autonomoek ez dituzte egin behar 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa zatikatuak.
  • Urtebete atzeratu da Batuz sistemaren nahitaezko ezarpena
  • Eten edo luzatu egin dira beste tributu-prozedura batzuk
  • Hilabete atzeratu da onartutako gerorapenen ordainketa.