2020(e)ko martxoaren 29(a) 12:00

Bizkaiak egoitza-zentroen sareko Covid-19 positiboa duten adinekoentzako kontingentzia-plana aktibatu du

Gizarte Ekintzako Saila

Aldundiak tarteko mailako eta maila soziosanitarioko bi unitate espezializatu aktibatuko ditu Birjinetxen (Bilbo) eta IMQ Igurco Unben (Erandio) isolatutako unitate handi batean, lurraldeko egoitzetatik datozen eta COVID-19 positiboa duten pertsonentzat, haietatik bertatik zuzenean datozenentzat zein ospitaleratu ondoren datozenentzat. Unitate bien artean guztira 184 plaza egongo dira. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Birjinetxe zentro soziosanitarioak Bizkaiko egoitza-zentroen saretik eratorritako Covid-19 positibo eman duten erabiltzaileen lehen bi kasuak artatzen ditu. Ostiralean amaitu zen azpiegitura hori aurretik okupatzen zuten egoiliar guztien lekualdatzea. Bi zentroek larritasun arineko edo ertaineko sarrerak jasoko dituzte, eta zentro horiei esker, ahalik eta ondoen zainduko da Bizkaiko egoitza-zentroetan dauden adinekoen bizitza, eta, aldi berean, bermatu egingo da osasun-sistema ez dela gaixotzen.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere kontingentzia-plana aktibatu du, lurraldeko egoitza-zentroen saretik eratorritako Covid-19 positibo eman duten pertsonen lehen kasuak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Birjinetxe zentro soziosanitariora iritsita.

Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskutik diseinatutako planak zentro batean biltzen ditu, Birjinetxen (Bilbo), eta unitate isolatu handi batean, IMQ Igurco Unben (Erandio), biak ala biak erantzuteko gaitasun handikoak, lurraldeko egoitzetatik datozen pertsonei, haietatik bertatik zuzenean edo ospitale batean ingresatuta egon ondoren. Larritasun arineko edo ertaineko ospitaleratzeak izango dira, Covid-19 positiboarekin edo ikerketa-fasean daudenak, zainketa intentsiborik behar ez dutenak, eta osasun-sistema ahuldu ez dadin lagunduko dutenak. Bi baliabideen artean guztira 184 plaza batuko dituzte.

Sarrera bakoitzaren asistentzia-ibilbidea zehazteko (ospitalera, unitate berezietara edo egoitzara bideratzea), egoiliarren galbahe (aukeraketa edo sailkapena) bat egingo da, eta haien sarbidea bi erreferentzia-unitateetan bateratuko da.

Birjinetxe, funtsezko osagaia

Gaur egun koronabirusa hedatzen ari denez, Foru Aldundiak, Osasun Sailaren eskutik, Bizkaiko egoitza-zentroetan dauden adinekoen bizitza ahalik eta ondoen zainduko duten konponbideak bilatzen jardun du, eta, aldi berean, osasun-sistema ez dadila kaltetu bermatzen.

Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Birjinetxe zentro soziosanitarioak Aldundiaren egoitza-zentroen saretik eratorritako Covid-19 positibo eman duten erabiltzaileen lehen kasuak artatzen ditu. Zentro horretako lantaldeak fidagarritasunez gainditu zuen martxoaren 7an egoiliarren artean kasu positibo bat agertu izana, eta 14 eguneko isolamendu-aldia zentroan kutsatu berririk agertu gabe amaitu zen.

Ostiral arratsaldean, azpiegitura hori aurretik okupatzen zuten egoiliar guztiak lekuz aldatu ziren, ordenatuta, bi egun lehenago erabiltzaileei eta erabiltzaileen familiei, langileei eta ordezkariei jakinarazi ondoren.

Ostiral arratsaldean egin zuten lekualdatzeko operazioa. Mendetasun Egoerako Heldu Desgaituen Unitateko (MEHDU) 40 erabiltzaileak eta arreta ematen dieten langileak Mundakako Biotz Sakratu zentrora eraman zituzten (33 egoiliar), eta gainerakoak (7) Gallartan daude. Lekualdatze hori bertako langileen eta Bizkaiko DYAko dozena bat ibilgailuren laguntzarekin egin zen, DYAko langileek operazioan modu altruistan parte hartu zutelarik.

Bestalde, Birjinetxeko plaza soziosanitarioaren 7 erabiltzaileri alta eman zitzaien, eta etxera itzuli ziren, beren susperraldia amaitu izanagatik teknikoki horrela agindutako kasuetan. Gainerakoak, 52 erabiltzaile, beste bi egoitza-zentrotako antzeko ezaugarriak dituzten unitateetan birkokatu dira, susperraldia amaitu ez dutelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza-zentroen sareko Covid-19 positiboa duten adinekoentzat diseinatutako kontingentzia-planean jasotzen den bigarren baliabidea unitate isolatu handi bat da, Erandioko IMQ Igurco Unbe zentroan kokatua. Zentroaren ezaugarriak direla eta, instalazioak erabat bereizita dauden eta autonomoak diren bi modulutan banatu ahal izan dira, bi asistentzia-talde ezberdinekin; hala, osasun-agintarien jarraibideei jarraituz, egoera horri aurre egiteko baliabide guztiak segurtasun klinikoko berme handienekin prestatu dira.