Berriak
2020(e)ko martxoaren 27(a) 19:02
Bihartik aurrera (larunbata, hilak 28), Bizkaibusek zerbitzu gehiago jarriko ditu Bizkaiko osasun-zentro batzuetara joateko
Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila
Guztira, 12 lineatan gehituko dira zerbitzuak osasun arloko langileen mugikortasunari erantzuteko.
Osasun arloko langileek hainbat eskaera egin dituzte lan-zentroetarako sarrera- eta irteera-orduak eta txanda aldatzeko ordutegiak direla-eta; bada, eskaera horiei erantzuteko, Bizkaibusek, bihartik aurrera (larunbata, hilak 28), linea batzuen maiztasunak areagotuko ditu Bizkaiko herri batzuetatik zenbait osasun-zentrotara joateko, esaterako, Gurutzetako ospitalera, San Eloy ospitalera edo Galdakaoko ospitalera.
Zehatzago, 12 lineatan jarriko dira zerbitzu gehiago osasun-arloko profesionalen mugikortasuna bermatzeko, kolektibo horren eginkizuna funtsezkoa baita gaur egungo alerta sanitarioan.
Adibidez, A0654 BALMASEDA - Gurutzeta/Cruces linean, ospitaletik itzultzeko beste irteera-ordu bat gehitzen da 15:20an; A3522 MUNGIA -DERIO - Gurutzeta/Cruces linean, berriz, beste bi irteera-ordu gehitzen dira Mungiatik eta Gurutzetatik, 14:20an eta 15:15ean, hurrenez hurren.
Edonola ere, ordutegi eta maiztasun berriak www.bizkaia.eus/bizkaibus web orrian kontsulta daitezke dagoeneko.
Era berean, edozein zalantza edo argibidetarako, 946 125 555 doako informazio-telefonoa edo Bizkaibusen Facebook eta Twitter-eko profil ofizialak erabil daitezke.