2020(e)ko martxoaren 27(a) 12:48

Aldundiak bat egingo du koronabirusaren krisialdian indarkeria matxistaren biktimak babesteko “Maskara 19” kanpainarekin

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Arrisku-egoeran dagoen edozein emakume Bizkaiko edozein famaziatara joan daiteke eta laguntza eskatu “Maskara 19” esanez. Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialak eta Foru Aldundiak arrisku-egoeran dauden emakumeei arreta emateko protokolo bat adostu dute.

Maskara-19.

Hauxe da informazioa eta arreta jasotzeko telefono-zenbakia: 900 840 111.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialarekin lankidetzan, "Maskara 19" kanpainarekin egingo du bat indarkeria matxistaren biktimak babesteko eta koronabirusaren krisialdian laguntza eta arreta bermatzeko.

Indarkeria matxista pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan bizi diren emakumeak gure lurraldeko edozein farmaziatara joan ahal izango dira eta laguntza diskrezioz eskatu, farmaziako langileei, beste barik, hauxe esanez: "Maskara 19".

Establezimenduetako langileek, Bizkaiko Farmazilarien Elkargo Ofizialak emandako jarraibideen bitartez, emakume horiei babesa eta arreta emateko protokolo bat abiaraziko dute, eta, horrela, beharrezkoa izanez gero, Larrialdiko Arretarako Foru Zerbitzuetara bideratu ahal izango dituzte.

Kanpaina martxan dago jada beste autonomia erkidego batzuetan, "Genero-indarkeriaren aurka, Maskara 19" izenburuarekin. Helburua da erantzun egoki bat eman ahal izatea osotasun fisiko, psikologiko edo sexuala arriskuan duten emakumeei, bai hurbileko familia-inguruan, bai kalean.

Hauxe da informazioa eta arreta jasotzeko telefono-zenbakia: 900 840 111

Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu nahi du indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zerbitzua martxan dagoela eta, beraz, emakumeak zerbitzuarekin harremanetan jar daitezkeela babesa eskatzeko. Hau da, foru-erakunde honek eskaintzen duen babes-maila ez da koronabirusaren krisialdiaren ondorioz murriztuko.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak hauxe nabarmendu du: emakume horiek hemen jarraitzen dugula jakin behar dute; hau da, Bizkaiko Aldundiak haiek pairatzen duten mehatxu eta indarkeriari aurre egiteko laguntza, baliabideak eta babesa eskaintzen jarraituko duela.

Ez ditugu gure babesa behar duten emakumeak abandonatuko. Ahalegin are handiagoa egiten ari gara bizi dugun osasun-krisialdi honetan gure zerbitzuetan erantzuteko gaitasunak behera egin ez dezan, gehitu du.


Argazkiak