2020(e)ko martxoaren 27(a) 10:13

Amaituta dago La Avanzadako berrantolatze-obren lehen fasea, Leioan

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bizkaiko Aldundia Leioako tunelaren eta Artazako biribilgunearen artean egiten ari den jarduketaren bidez, bide-segurtasuna hobetu nahi da, eta Getxorako noranzkoko zirkulazioa arindu, gune horretako auto-ilarak gutxitzeko.

Avanzada

Aldundiak ostiral honetan amaitu du Leioan La Avanzadako galtzada (BI-637) berrantolatzeko egiten ari den obraren lehen fasea; alegia, tunelaren eta Artatzako biribilgunearen arteko zatia. Aldundiak 1.126.368 euro inbertitu ditu obra honetan, eta, haren bidez, bide-segurtasuna hobetu nahi du, eta Getxorako noranzkoko zirkulazioa arindu, La Avanzadako erdiko enborraren ahalmena handituz eta zirkulazioa oztopatzen duten faktoreak kenduz. Beste jarduketa batzuen kasuan bezala —Kukularrako lotuneko berrantolaketa eta Gurutzeta eta Arrontegi arteko tartekoa, adibidez—, obraren helburua da Arrontegiko zubiaren ordezkorik ez egoteak eragindako arazoak konpontzea, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko obra amaitu bitartean.

Lehen faseko lanak pasa den urtarrilean hasi ziren, eta tunelaren eta suhiltzaileen lotunearen arteko zatian exekutatu dira, Getxorako noranzkoan. Tarte horretan, bi errei zeuden La Avanzadako erdiko enborrean, eta beste bi, alboko bidean; ondorioz, zirkulazioaren trentzatze-mugimenduak gertatzen ziren, zeinek zirkulazioa moteltzen zuten intentsitate handieneko uneetan eta istripu-arriskua gehitu.

Egindako jarduketari esker, erdiko enborrak hiru errei ditu tunelaren irteeratik, eta, alboko bidean, errei bakarra utzi da, trentzatze-mugimenduak kentzeko. Halaber, alboko bidetik erdiko enborrera sartzeko mugimenduak erraztu eta arintzeko, handitu egin da itxaroteko gunea. Hain zuzen, lehen 100 metro zeuden; orain berriz, 170 metro. Gainera, kendu egin da suhiltzaileen lotunetik La Avanzadara sartzeko bidea; mugimendu hori stop batetik egin behar zen, eta, beraz, zirkulazioaren arintasuna ukitzen zuen beste faktore bat zen.

Lehen fase honen lanak egiteko, saiatu da ahalik eta gorabehera gutxien sortzen zirkulazioan, intentsitate handieneko uneetan. Oro bat, ingurunean bizi diren pertsonei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, lan gehienak egunean zehar egin dira. Hala ere, azken obrak, hau da, fesatze-, asfaltatze- eta pintatze-lanak bost gauetan egin behar izan dira. Izan ere, obra horiek egiteko, beharrezkoa zen errepidea guztiz ixtea eta zirkulazioa alboko bidetik eta Leioako Boulevardetik desbideratzea. Egunean zehar ezinezkoa izango zen desbideratze hori egitea, tarte horretan oraindik ere dagoen zirkulazio-bolumenagatik, nahiz eta erabiltzaile-kopurua nabarmen gutxitu den koronabirusari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoeran.

Hori dela eta, Aldundiak barkamena eskatzen die inguruan bizi diren pertsonei gaueko lanek sortutako eragozpenengatik, eta eskerrak ematen dizkie obra exekutatu bitartean izan duten jokabideagatik eta egonarriagatik.

Obraren bigarren fasea hastear

Datorren astean helduko zaie bigarren faseari dagozkion lanei; Leioatik Artazako biribilgunerako sarbidean jardungo da fase horretan. Dagoeneko exekutatuta dagoen fasearekin lotzeko, suhiltzaileen lotunearen eta Artatzaren arteko tartea zabalduko da, bi erreitik hirura; hala, handitu egingo da biribilgunera sartzen diren ibilgailuetarako itxarote-gunearen ahalmena.

Gainera, ikusgarritasuna hobetzeko eta biribilgunera sartzeko mugimendua arintzeko, handitu egingo da Uribe Kosta - La Avanzada mugimenduan biribilgunearen azpiko tuneleko trintxeraren gaineko zona estalia. Horrek aukera emango du lekuz aldatzeko tunel hori gaur egun estaltzen duten euste-langak, galtzadaren ezkerreko ertzean daudenak; izan ere, langa horiek mugatu egiten dute biribilgunera sartzen diren gidarien ikuste-eremua.

Hala, bada, bigarren fasearen jarduketa bikoitz honek xede du segurtasuna hobetzea eta zirkulazioaren arintasuna handitzea Artazako biribilguneko sarbideetan, faktore horrek La Avanzadako gainerako zatian auto-ilarak sortu baititzake zirkulazioaren intentsitate handiko momentuetan. Lehen fasean bezala, honetan ere jarduketa baliatuko da drainatzea eta argiztapena hobetzeko eta zorua berritzeko.

Ibilgailu gutxiago, koronabirusaren alarmagatik

Lurraldeko gainerako errepideetan lez, BI-637ak ibilgailu-kopuru nabarmen txikiagoa erregistratu du, alarma-egoera dekretatu zenetik eta, ondorioz, COVID-19aren kutsatzeak geldiarazteko mugimenduak murriztu direnetik.

La Avanzadan Getxorako noranzkoan martxoaren 16, 17 eta 18an erregistratu den zirkulazioa eguneko 21.000 ibilgailukoa izan da, hau da, % 55 gutxiago, martxoaren 9, 10 eta 11ko datuen aldean (47.000 ibilgailu).

Bilakaera hori bat dator ordainpeko errepideetan erregistratutako datuekin; egun horietako trafikoa 106.000 ibilgailutik 50.000ra igaro zen. Eta Artxandako tuneletan, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean eta AP-8an, ibilgailuen % 53 gutxiago ibili zen egun horietan, alarma-egoeraren aurreko egoerarekin alderatuta.


Argazkiak