2020(e)ko martxoaren 26(a) 13:09

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, martxoak 26, hartutako neurriak

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

1. Aldundiak sistema digitalak aktibatu ditu egoitzen erabiltzaileak komunikatu ahal izan daitezen beren familiekin

  • Gizarte Ekintza Sailak 160.400 euroko partida bat onartu du egoitzek tableta elektronikoak erostea finantzatzeko, komunikazio telematikoak ezartzeari begira. Izan ere, beharrezkotzat jotzen du aurrez aurrekoen ordezko mekanismoak aktibatzea, baldin bermatuko bada egoiliarren eta haien ahaideen arteko harremana.

Bizkaiko Foru Aldundiak instrukzio bat bidali du egoitza-zentroetara, non azpimarratzen duen, bisitak oro har etenda dauden honetan, nahitaezkoa dela bermatzea erabiltzaileek komunikaziorako duten eskubidea eta, era berean, familiek unean-uneko informazio jakingarria eskuratzeko duten eskubidea.

COVID-19 gaitzaren zabalkunde kezkagarriaren ondorioz dekretatu den alarma-egoerak bisitak mugatzea eta/edo etetea ekarri du, eta horrek eragin nabarmena izan lezake erabiltzaileen eta haien familien ongizate emozional, fisiko eta sozialean.

Ildo horretan, bakartze fisikoak ezin du justifikatu, inondik inora, gauzatu gabe gera dadila pertsonek kanpoaldearekin eta beren familiekin komunikatzeko duten eskubidea. Horregatik, Aldundiaren iritziz funtsezkoa da egoitza-zentroek bisitak berma ditzatela ezarritako salbuespenetan eta, etete-kasuetarako, komunikazio-mekanismoak aktiba ditzatela aurrez aurrekoez bestelako bideen bitartez.

Komunikazioarekin lotuta, foru-instrukzioak irizpide hauek jarraitzea gomendatzen du:

1.- Profesionalek erreferentziako familiei/pertsonei deitzea 48 ordurik behin.

2.- Erabiltzailearekin bideokonferentzia edo bestelako interakzio-sistemak erabiltzea, kausa justifikatuengatik izan ezik, gutxienez 5 egunik behin.

Komunikazioaren bi alderdiak behar bezala gauzatzen ari direla sustatu eta kontrastatzeko —alegia, erabiltzaileak eta haien familiak komunikatua ahal direla eta zentroak unean-unean informatzen dituela familiak— ikuskaritza-kanpaina bat jarriko da abian informazioa biltzeko zentroaz, familiez eta/edo erabiltzaileez, ezarritako komunikazio-sistemekin lotuta.

Harreman telematikoa sustatzeko dirulaguntzak

Ezohiko egoera honetan komunikazio-eskubide horren erabilera sostengatu eta errazteko, Gizarte Ekintza Sailak 160.400 euroko dirulaguntza-lerroa onartu du egoitzek tableta elektronikoak erostea finantzatzeko. Ekipamendu horiei esker, bideodei bidezko konexioa gauzatu ahal izango dute beren artean ahaide eta ezagunek eta mendetasuna edo desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako bizilagunek, izan hauen plazak publiko zein pribatu.

Egoitza bakoitzean, dirulaguntza emango da tableta elektroniko bat erosteko 25 erabiltzaileko; gutxienez, tableta bat egoitza bakoitzeko. Tableten eroste-prezioaren % 80ra iritsiko da dirulaguntza, eta muga hau ezarriko da: 400 euro tableta bakoitzeko eta 4.000 euro zentroko.

2. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa eta ekintzaileei zuzendutako zerbitzuen eta programen epeak malgutu ditu

Bizkaiko Foru Aldundiak lanean jarraitzen du administrazio epeak osasun krisiaren ondorioz sortutako egoera berrira egokitzeko eta, horrela, enpresei eta ekintzaileei baldintza hobeak emateko. Ekonomia Sustatzeko Sailak hainbat neurri onetsi ditu Beaz eta Seed Capital sozietate publikoek eta zenbait zuzendaritzek eskaintzen dituzten zerbitzuekin lotuta.

  • Administrazio epeak eten egingo dira alarma egoerak irauten duen bitartean.
  • Sozietateen gaineko zergaren 64 bis artikuluaren esparruan aurkeztutako I+G+b proiektuen balorazioa bi hilabetetik hilabete bakarrera murriztuko da.
  • Berrikuntza, sorkuntza eta internazionalizaziorako 2019ko programak egikaritzeko epea 6 hilabete luzatuko da, eta gastuen kontzeptuak malgutuko dira. Proiektuak erabat gauzatu ahal izatea da helburua.
  • Seed Capital Bizkaiak kudeatutako Seed Micro maileguen eta 1, Bi eta FEIS funtsen kuoten itzulketa sei hilabete atzeratuko da gehienez.
  • Bic Bizkaia, Bic Bizkaia Ezkerraldea eta Design Kabi inkubagailuen alokairu kuoten ordainketa 3 hilabete atzeratuko da hasiera batean.
  • Sailaren hornitzaileei egin beharreko ordainketak eta laguntza programen ordainketak ahalik eta gehien azeleratzeko konpromisoa hartuko da.

 

3. Bizkaiak urtebete atzeratuko du Batuzen ezarpena

Bizkaiko Foru Ogasunak urtebete, hau da, 2022ko urtarrilera arte atzeratuko du Batuz sistemaren nahitaezko ezarpena; sistema hori jarduera ekonomikoen kontrol integrala egiteko eta zergadunari laguntzeko da.

Era berean, Batuz norberaren borondatez erabiltzea —hasieran, 2020ko uztailaren 1erako zen ezarrita zegoen— hiru hilabete atzeratuko da, 2020ko urriaren 1era arte. Era horretan, enpresek eta langileek hamabost hilabeteko epea izango dute sistema berrira egokitu ahal izateko.

Gainera, 2022ra arteko atzerapen horrek berekin dakar zergadunek Batuzen ondoriozko gastu guztietarako kenkariak aplikatzeko epea ere luzatzea. Gastutzat joko da, eta, beraz, kenkaria sortuko du zerga-oinarrian, baina, horrez gainera, aukera emango du 2020. eta 2021. urteetan eginiko gastuen %30 murrizteko PFEZaren edo Sozietateen gaineko Zergaren kuotan. Lehen, 2020. urtean eginiko gastuak baino ez ziren kontuan hartzen.

Koronabirusak eragindako larrialdi sanitarioak zailtasun handiak sortu ditu Bizkaiko sare ekonomikoan eta, bereziki, Batuz aplikatzera behartuta dauden enpresa eta langile autonomo askotan: egoera hori ikusita hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki hau. Errealitate horren aurrean, Aldundiak uste du egokiagoa dela Batuzen ezarpena atzeratzea; era horretan, Bizkaiko enpresen eta langile autonomoek betebehar hori ken dezakete dituzten kezketatik.

Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari da Batuzen ezarpena arautuko duen foru arauaren proiektua. Hori dela eta, Aldundiak Foru Gobernua osatzen duten batzarkide-taldeei proposamena egingo die zuzenketak sar ditzaten, Batuz borondatezko eta nahitaezko ezarpenaren epe berriak ezartzeko.

4. Zerga-betebeharrak malgutzeko neurri berriak

Langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga betebeharrak malgutzeko neurri berriak hartu ditu Bizkaiko Foru Ogasunak. Zehazki, kolektibo horientzat ekainaren 1era arte luzatzen da autolikidazioak eta aitorpenak aurkezteko borondatezko epea, Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan nahitaez izapidetu beharrekoak barne.