2020(e)ko martxoaren 18(a) 13:09

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, martxoak 18, hartutako neurriak

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

TELELANA ETA BERRANTOLAKETA

Bizkaiko Aldundiak zabaldu egin du bere ahalmen teknologikoa, foru-langileak telelanean aktibatzeko. Foru-erakundearen asmoa da presentzia fisikoari eustea funtsezko diren zerbitzuetan bakarrik.

Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu eta indartu egin ditu bere baliabideak eta ahalmen teknologikoa, telelana ezartzeko erakundeko langileen aurrez aurreko jardunaren ordez, salbu eta sail bakoitzak aurrez aurre eman beharrekoak erabakitzen dituen kasuetan.

Asteazken honetan onetsitako foru-aginduaren bidez, gehitu egin dira osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioz orain arte hartu izan diren antolakuntza-neurriak. Aparteko aldi baterako neurriak dira, zeinen bidez babes handiagoa eman nahi baitzaie Aldundiaren zerbitzuko langileei, eta COVID-19 birusa biztanleen artean zabaltzea saihesteko gomendioei jarraitu.

Berrantolaketa honi heltzeko, zenbait irizpide ezarri dira bakarrik mantentzeko aurrez aurre egin behar diren funtsezko zeregin eta zerbitzu atzeraezinak emateko ezinbesteko diren langileak. Horretarako, kontuan hartu da une honetan bizi garen larrialdi-egoeraren deklarazioa, zeinaren arabera beharrezkoa baita ezinbesteko zerbitzu publikoak bermatzea eta Aldundiko langileen osasuna babesteko betebeharra betetzea.

Ondorioz, funtsezko zerbitzuak emateko, hauek ezarri da:

  • Lanaldiaren malgutasuna
  • Lan-txanden sistema bat, aurrez aurreko lana egiten duten langileei lantokian duten presentzia fisikoa ahalik eta gehien murriztu ahal izateko, zerbitzu publikoari eutsiko zaiola bermatzeko; bai eta osasuna behar bezala babesteko beharrezko neurriak hartzea ere. Halaber, aurrez aurreko lana beharrezkoa ez den txandetan, telelanaren modalitateko zerbitzua emango da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren gainerako langileak, funtsezko zerbitzu bat aurrez aurre eman behar ez dutenak, etxean geratuko dira, telelanaren modalitatean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetara.

Telelanaren modalitatetik kanpo geratzen dira Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak ematen dituen larrialdietarako funtsezko zerbitzua, suteen aurkako zaintaldeko zerbitzuei atxikitako langileak eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) laguntza-zerbitzua.

Bizkaiko Foru Aldundia prestaturik dago berrantolatze-eginkizun konplexu honi aurre egiteko; izan ere, aurreikusi ditu beharrizan teknologikoko eszenatoki hauek, bai eta eszenatoki horiek dakartzaten antolakuntza-beharrizanak ere. Hori guztia erronka itzela da 3.000 langile baino gehiago dituen erakunde batentzat.

TELEFONO BIDEZKO ARRETA EGOERA AHULENEAN DAUDEN ADINEKOENTZAT

Bizkaiko Foru Aldundia telefonoz kontaktatzen hasi da egoera bereziki zaurgarrian dauden lurraldeko adinekoekin. Gizarte Ekintza Saileko profesionalen taldeak 1.000 dei egiten ari dira egunero, detektatzen dituzten beharrizanak erregistratzeko eta, gero, pertsona horien ongizatea bermatzeko behar diren neurri guztiak bideratzeko.

10.500 adinekok baino gehiagok jaso dute edo jasoko dute foru-erakundearen telefono-deia: mendekotasun-egoeran dauden eta adineko zaintzaile batekin bizi diren adineko guztiek eta jarduna etenda duten eguneko arreta-zentroetako erabiltzaileek.

GARBIGUNEAK ETA EDUKIONTZI ZURIA

Erakundeak gogorarazten du ezen garbigune nagusiak (Barakaldo, Basauri, Durango, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Güeñes, Igorre eta Markina) irekita egongo direla, baina bakarrik gremioek obra-hondakinak bertan botatzen jarraitu ahal izateko. Kasu batean ere ez diete zerbitzurik emango herritarrei, oro har, beren etxean geratu behar baitira.

Azkenik, Aldundiak Bizkaiko gizarteari eskatu nahi dio edukiontzi zuria ahalik eta gutxien erabil dezala eta etxean gorde ditzala berrerabil daitezkeen gauzakiak, koronabisuaren zabaltzea geldiarazteko hartu diren neurriak kendu arte.

ERREPIDEAK

Astearte honetan, hilak 17, Bizkaiko errepideetan nabarmen gutxitu da ibilgailuen trafikoa, pasa den asteko asteartearekin alderatuta. Bidesaridun bideetan, non zehatz neurtu ahal den ibilgailu-kopurua, % 52 egin du behera zirkulatu duten ibilgailuen kopuruak; guztira, 50.500 igarotze zenbatu dira eguneko 24 orduen barruan.

Zehazki, 35.000 ibilgailuk zirkulatu dute AP-8tik (% 48 gutxiago); 9.000, Artxandako tuneletatik (% 59 gutxiago), eta 6.700, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidetik (pasa den asteartean -hilak 10- baino % 57 gutxiago).