2020(e)ko martxoaren 15(a) 16:55

Aldundiak eten egin du Bizkaiko pertsona desgaituentzako eguneko arreta-zentroen jarduna

Gizarte Ekintzako Saila

Foru-erakundeak zentro horien jarduna 15 egunez eteteko beharra helarazi die zentroak kudeatzen dituzten entitateei, eta profesionalak berrantolatzeko eskatu die, laguntza eman dezaten etxebizitzetan eta egoitza-zentroetan. Halaber, Aldundian eten egin ditu arreta goiztiarreko zentro itunduen sarean adingabeekin egiten diren esku-hartzeak.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduna eteteko eskatu die desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arreta-zentroak kudeatzen dituzten entitateei. Neurri horren barruan sartzen dira zentro okupazionalak eta zentroetan egiten diren eguneko egonaldiak ere, eta etetea hurrengo 15 egunetarako izango da, gutxienez. Halaber, zentroetako profesionalak berrantolatzeko neurriak hartzeko eskatu die zentroei, profesional horiek etxebizitzetan eta egoitza-zentroetan lagundu dezaten.

Foru-erakundearen ustez, gure autonomia-erkidegoan COVID-19 koronabirusaren hedapenaren egoera dela eta, birusaren hedapena eragozteko, murriztu egin behar dira eguneko arreta-zentroetako erabiltzaile diren pertsona desgaituen baliabide batetik besterako joan-etorriak eta pertsona horiek komunitatearekin dituzten interakzioak. Aldundiak argi dauka zentroen erantzuna funtsezkoa izan daitekeela erabiltzaileentzat.

Ildo horretan, Aldundiak eskatu du egoitza-zentro batean (etxebizitza, pisua, egoitza, ...) bizi diren eta egunean zehar eguneko arreta-zentro batera (okupazionalak, eguneko zentroak edo antzekoak) doazen pertsona desgaituek eguneko arreta-zentrora joateari uzteko. Horrez gainera, eguneko arreta-zentroetara beren etxetik doazen pertsonak etxean geratzeko eskatu du, baldin eta ez joateak kalterik eragiten ez badio haien ongizateari. Joaten ziren zentroari jakinarazi beharko diote inguruabar hori, beharrezkoak diren neurriak har ditzan.

Halaber, Foru Aldundiak Bizkaiko arreta goiztiarreko 56 zentro itunduk osatutako sareari jakinarazi dio datozen 15 egunetarako eten egingo direla adingabeekin aurrez ikusitako esku-hartzeak, eta etenda egongo direla abisua eman arte. Saioak atzeratu egingo dira, eta aurrerago berreskuratu ahal izango dira, lehenengo epe hori eta gero berriro ekin ahal bazaio jarduerari.