2020(e)ko martxoaren 06(a) 19:30

Bizkaiak aitortu die berdintasunaren aldeko lana: García Crespo, Abogadas por Igualdad, Torre Babel eta Portugeleteko Aisialdia

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k berdintasuna sustatzeko antolatutako Zirgari sariak banatzeko gala

Zirgari.

Zirgari Sariak

Bizkaiak gure lurraldean berdintasunaren alde eginiko lana aitortu die pertsona eta erakunde hauei: Milagros García Crespo Ekonomia Zientzietako doktorea (kategoria: ohorezko saria), Abogadas por la Igualdad emakume-taldea (kategoria: emakumeenganako indarkeriaren aurkako saria), Ellacuría fundazioaren Torre de Babel ekimena (kategoria: ahalduntzearen eta balio-aldaketaren saria) eta Portugaleteko Aisialdi Sarea (kategoria: herritar aktiboentzako saria).

Gaur, martxoak 6 (ostirala), Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK aretoan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Zirgari sariak banatu dira, Emakumeen Nazioarteko Eguna baino bi egun lehenago. Galan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak eta Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak hartu dute parte.

Pertsona eta erakunde irabazleek sari fisiko bat jaso dute: Dora Salazar eskultorearen pieza bat. Eskultura horrek gogora ekartzen du zirgariek egiten zuten lana: ontziak arrastatzea itsasadarrean, beren indarraz soilik baliaturik.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, bere mintzaldian, Milagros García Crespo aipatu du, ohorezko saria jaso duena, esanez aitzindari izan dela arlo guztietan edo ia guztietan. Izan ere, curriculum zabala du sarituak: Ekonomia Zientzietako doktorea Bartzelonako Unibertsitatean; Espainiako Ekonomia Fakultate bateko dekanoa; Eusko Jaurlaritzako sailburua; Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea, edo Kontuen Auzitegiko kontseilari eta presidentea, besteak beste.

Eta bada beste kontu bat, beraren curriculumean jasota egon ez arren, nire biografian badagoena: alegia, mutil koskor batentzat lehen erreferentea izatea Mundakako udaldietan. Ahaldun nagusi honen lehen erreferentea, gehitu du.

Rementeriak esan duenez, Milagros García Crespok eta beraren izebak, ondo ezagutzen zuten elkar. Sabinak taberna bat zuen, eta, egunkaria ere bertan saltzen zenez, gorde egiten genion. Lagunak ziren, berbetan jarduten zuten, eta, gero, izekok ari buruz berba egiten zidan. Ze garrantzitsua zen ikastea, jakitea, inoren beharrik ez izatea, besteek dakitenaren beharrik ez izatea, nork bere ahotsa izatea, dena delakoa, baina norberarena, azaldu du.

Bere aldetik, Teresa Laespada Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak adierazi du zirgaren sinboloak batu egiten gaituela emakume zirgari haiekin, eta emakume haiek ausartak ziren, borrokatu zuten eta bidea erakutsi ziguten, berdintasunaren defentsaren lekukoa eman ziguten; haiek zabaldu zuten bidea, asko borrokatuta eta oinaze handiak pairatuz. Era guztietako emakumeak ziren, izugarri indartsuak. Haiei zor diegu guk orain garena izatea , azpimarratu du.

Lan asko dago oraindik egiteko, zeren eta feminismoak zailtasun eta mehatxu berriei erantzun behar baitie. Feminismoak, bere tradizioari eutsi, eta eztabaida irekiak berreskuratu behar ditu, ikusmolde eta iritzi ezberdinak errespetatuz eta ulertuz. Sororitatea. Erdietsi nahi ditugun aldaketak ez dira azkar gertatzekoak, sakonak baizik, eta merezi du arazo konplexuei konponbide errazik ez bilatzea, gehitu du.

Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, berriz, esan du ezin ukatuzkoak direla berdintasunaren arloan egin diren aurrerapenak eta baduela horretan zerikusirik Bizkaiak berdintasunaren alde eginiko ibilbideak. Izan ere, parte izan dugu eta parte dugu desberdinkeriak artezten jakin duen ekosisteman, eta harrotzeko modukoak dira, hain zuzen ere, gure historian zehar egin ahal izan ditugun ekarpenak, funtsezkoak izan baitira, azaldu du.

BBKren barruan, duela zenbait hilabete eguneratu dugu gure plan estrategikoa, eta, dakizuenez, egitasmo horretan gauzatzen ditugu gure etorkizuneko ikuspegia eta apustuak. Horixe dugu aurrera egiteko ibilbide-orria, Bizkaia inklusiboago baren zerbitzura jarduten jarraitzeko dugun tresna, aukera-berdintasuna bermatu ahal izateko. Etapa estrategiko horretan, berdintasuna gure —kanpo zein barruko— jarduera guztiaren erdigunea da, eta, horren bitartez, gizartearen eskaera jakin batzuetan jarriko dugu arreta, bereziki, tresna eta baliabide berriak eskaini nahi dizkiegu-eta, eraldaketa sozial bizkortu, eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko, gehitu du.

OHOREZKO SARIA

Epaimahaiak Milagros García Cresporen ibilbide ikaragarria aintzatetsi nahi izan du: erreferente bat da emakume guztientzat, unibertsitatearen barruko eta kanpoko ekonomiaren ezagutzaren arloan aitzindari gisa, ibilbidea urratu eta taxutu baitu bere irakaskuntzaren eta doktorego-tesien zuzendaritzarekiko konpromisoaren bidez.

Garcia Crespo Bartzelonako Unibertsitatean Ekonomia Zientzietan doktoratu zen lehen emakumea izan zen, eta Espainiako Ekonomia Fakultate bateko lehen emakume dekanoa. Eusko Jaurlaritzako sailburu (1987-1989), Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakari (1989-1991) eta Kontu Auzitegiko lehendakari (1992-2001) izan zen.

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKOA

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako kategorian, Abokatu Talde baten lana aitortu nahi izan da. Abokatu horiek, demokraziaren lehen hamarkadan, lan zaila eta funtsezkoa egin zuten emakumeen eskubideen alde eta jasaten zituzten indarkerien aurka: indarkeria fisikoa, baina baita haien askatasunen aurka egindakoa ere.

Aintzatetsi diren emakumeak ondoko hauek dira: Mercedes Agundez Basterra, Esperanza Osaba García, Mª José Carrera, Isabel Ochoa, Marta Dolado Galíndez, Felicidad Marín Marín, Begoña Hernández, Garbiñe Olealdekoa Orbe, Juana María Balmaseda Ripero eta Lucía Urbaneja.

Abokatu gisa, modu kontzientean eta kolektiboan jardun zuten emakumeen aurkako indarkeria fisiko eta psikologikoari eta gizarte-ereduak haien eskubide eta askatasunen aurka erabiltzen zuen indarkeriari aurre egiten. Emakume horien adibidea hurrengo belaunaldietako beste abokatu batzuek emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokan jarraitu zuten eredu aitzindaria izan zen.

Horietako bakoitzak esparru desberdinetan jardun izan du, eta, aldi berean, eremu osagarrietan ere bai, eta, batik bat, honako gai hauetan nabarmendu da bere lana: trantsizio-aldian emakumeek dituzten sexu- eta ugalketa-eskubideen aldeko borroka; abortuaren despenalizazioa; dibortzio askearen aldeko borroka Espainian; adingabeen eskubideen defentsa; emakumeen eskubideen aldarrikapena lan-arloan; preso dauden emakumeen egoera duintzea; modulu psikosozialak sustatzen eta abian jartzen parte hartzea, eta, modu orokorragoan, justizia arloan genero-ikuspegia txertatzea.

AHALDUNTZEA ETA BALIOAK ALDATZEA

Ellacuría Fundazioaren "Torre de Babel" programak Zirgari saria jaso du Ahalduntzeari eta Balioak Aldatzeari dagokion kategorian, ahultasun-egoeran dauden emakumeei laguntzeko eta ahalduntzeko egindako lanagatik, batez ere emakume migratuei, arrazakeriaren zioz bazterturik dauden emakumeei eta lan-baldintza eskasetan daudenei dagokienez.

Topaketa- eta ahalduntze-talde honek ia 12 urteko ibilbidea du, eta bertan, emakume migratu askorentzat erreferentziazko eta indargune gisa finkatu da. Etxeko eta zaintzako emakume langileak dira, zaurgarritasun-egoeran direnak, eta larunbat arratsaldero biltzen dira hiru giza eta gizarte-dimentsio lantze aldera: emakume migratuen eta autoktonoen arteko ahizpatasuna ezartzea eta indartzea, ahalduntzea eta eremu publikoan haien ikusgarritasuna aintzatesteea eta sustatzea.

HIRITARTASUN AKTIBOA

Herritartasun Aktiboaren arloan, Portugaleteko Aisialdi Sarea aintzatetsi da, hainbat eremutatik sareak eraikitzen eta lurraldeko kapital soziala indartzen egindako lanagatik.

Portugaleteko Aisialdi Sarea Portugaleteko haur, nerabe, gazte eta familia komunitate kolektiboei arreta ematen dien erakundea da. Horretarako, emakumeak ahalduntzea helburu duten hainbat proiektutan parte hartzen du eta proiektuak garatzen jarduten du, ahalak eta jakintzak barneratzea sustatuz, emakumeei beren eskubideak aldarrikatzeko eta beren autonomia eta parte-hartzea sustatzeko aukera emango dietenak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren Zirgari Sariek 6.000 euroko zuzkidura ekonomikoa dute, Ohorezko sariak izan ezik, sari honek ez baitu ezelako diru-hornidurarik.

Aurten, herritarrek aurkeztutako 60 hautagaitza baino gehiago jaso dira, berriz ere parte hartze aldera irekita zegoen prozesu batean, eta, jaso diren proposamenen maila ikusita, parte hartze horrek Bizkaiko gizarteak berdintasunaren alde hartzen duen konpromisoa berresten du. Berdintasunaren aldeko Zirgari Sarien bost edizioetan 150 hautagaitza baino gehiago jaso dira.


Bideoak