2020(e)ko martxoaren 04(a) 10:30

Aldundiak bere lan-eremuan sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako borroka indartu du neurri berriekin

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak adierazpen bat onartu du "ez duela onartuko sexu-jazarpenik edo sexuan oinarritutako jazarpenik, eta beharrezko neurriak hartuko dituela jarrera eta portaera horiei aurre egiteko, desagerrarazteko asmoz" esanez. Aldarrikapenean jasotako neurriak foru erakundeko enplegatu publiko guztiei aplika dakizkieke, bai eta bere zerbitzuen erabiltzaile guztiei edo bere lantokietan jarduerak egiten dituzten pertsona guztiei ere. Era berean, foru erakunde publiko guztiei protokoloa onartzeko eskatu die. Erabaki hau bat dator lan-arloko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko Foru Erakundean indarrean dagoen protokoloarekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazpen bat onartu du Gobernu Kontseiluan; aldarrikapen horretan ezarri du   zero tolerantzia  izango duela bere lan-eremuan sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka. Halaber, berdintasunerako eta pertsonen osotasun fisiko, psikiko eta duintasunerako eskubidea bermatzeko konpromiso eta prebentzio-ekintza espezifikoak jasotzen ditu testuak. Adierazpen hau foru erakundeko enplegatu publiko guztiei zuzenduta dago, bai eta bere zerbitzuen erabiltzaile guztiei edo erakundeko lantokietan jarduerak egiten dituzten pertsona guztiei ere. Era berean, Aldundiak sozietate publikoei, erakunde publikoei eta foru fundazioei eskatzen die bere gain har ditzatela protokoloa eta urtebeteko epean abian jarri beharreko prebentzio-neurriak.

Aldarrikapenean Bizkaiko Foru Aldundiak adierazten du ez duela onartuko eta ez duela onetsiko sexu-jazarpenik edo sexuan oinarritutako jazarpenik bere lan-ingurunean, pertsonen berdintasunerako, duintasunerako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen aurka egiten duenik, biktima edo jazarlea edozein dela ere eta erakundean duen egoera edo hierarkia-maila edozein dela ere. Ildo horretatik, ohartarazten du beharrezko neurriak hartuko dituela, prebentziozkoak zein legezkoak, jarrera eta portaera horiei aurre egiteko eta desagerrarazteko.

Hala, foru erakundeak konpromisoa hartzen du eskura dituen neurri guztiekin lan-ingurune seguru eta jazarpenik gabea sortzeko, mantentzeko eta babesteko, foru erakundeko langile guztien duintasuna eta sexu-askatasuna errespetatuz, edozein dela ere haien lotura juridikoa. Horretarako neurriak sustatuko ditu foru sektore publiko osoan, bai eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloaren aplikazioa ere, adierazpen honetan jasotako beste ekintza, printzipio eta orientabide batzuekin osatzen dena.

Onartutako testuak honako prebentzio-ekintza hauek jasotzen ditu:

  • Azkar eta irmo zehatzea jokabide horiek gauzatzen edo onartzen dituzten pertsonak.
  • Prestakuntza-, informazio- eta sentsibilizazio-ekintzen prebentzio-kultura sustatzea, bai eta kontzientziazio- eta gaikuntza-kultura ere administrazioaren egituretan.
  • Erakundeko langile guztiei prebentzio-arloko prestakuntza eta informazioa emateko behar diren bitartekoak eta baliabideak ezartzea, sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerei datxezkien arriskuei dagokienez, bai eta egoera horiek prebenitzeko hartu beharreko neurriei dagokienez ere. Testuinguru horretan, aldi berean, prestakuntza-ekintza espezifikoak sustatuko dira pertsonei egoera horiek goiz detektatzeko tresnak eta jarduteko neurriak emateko.
  • Akordio hau eta lan-esparruan sexu-jazarpenaren eta sexu-arrazoiengatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokoloa intranetean sartzeaz gain, informazioa eta sentsibilizazioa foru plantillako pertsona guztiei helaraziko zaie, ohiko barneko komunikazio-bideen bidez, eta Aldundiaren harrera-politikan sartuko da. Enpresa laguntzaileei ere emango zaie testuaren berri, foru erakundearentzat edo haren instalazioetan lan egiten duten langileen artean publizitatea egin dezaten.
  • Jarduteko prozedura hobetzeko, protokoloa etengabe berrikusiko da, protokoloa aplikatzen den kasuetan hautematen diren hobekuntzak oinarri hartuta.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatzen die sozietate publikoei eta enpresa-erakunde publikoei eta foru fundazioei protokoloa eta prebentzio-neurriak har ditzatela edo haien inguruabarretara egokitu ditzatela, eta abian jar ditzatela urtebeteko epean.