2020(e)ko otsailaren 28(a) 11:30

Bizkaiko Foru Ogasunak 504,1 milioi euro detektatu ditu zerga iruzurrean

Ogasuna eta Finantzetako Saila

2019an Zerga kudeaketa, ikuskaritza eta diru-bilketa zerbitzuek 487.174 jarduketa egin zituzten Zerga iruzurraren aurka egiteko planaren barnean. Jarduketa berrien artean, Batuz garatzeko lanak edo eragiketa digitalen eta hidrokarburoen zerga gordailuen ordainketa zuzenak kontrolatzeko lanak daude

_

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailak, 2019ko ekitaldian zehar, zerga iruzurreko 504,1 milioi euro detektatu zituen. Guztira, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiko hainbat zerbitzuetan 487.174 jarduketa egin ziren Zerga iruzurraren aurkako planaren barnean. Aurreko ekitaldiarekin alderatuz, 2019an iruzur gehiago detektatu dira jarduketa gutxiagoren bitartez, izan ere, 2018an 496.430 jarduketa egin ziren eta 488,3 milioi euro detektatu ziren.

Iruzur gehiena BEZaren ordainketako irregulartasunetan dago, 363,6 milioi euro, iruzur guztien % 72 hain zuzen ere. Gainerakoa, 45,7 milioi euro, egin gabeko edo gaizki aitortutako atxikipenetakoak dira; 43,6 milioi euro Sozietateen gaineko zergaren likidazioetakoak, eta 29,8 milioi euro Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak. Era berean, 2019an Bizkaiko Foru Ogasunak fiskaltzara hiru ustezko zerga delitu bidali zituen, guztira, 1,9 milioi euroko zenbatekoa osatzen dutelarik.

Emaitza hori Foru Ogasunak zerga iruzurraren aurka egiten dituen hiru jarduketa alorretako bakarrari dagokio, erregularizazioari eta kobrantzari hain zuzen ere. Lehenengo jarduketa alorra, prebentziozkoa, iruzurra egitea saihesteko da, eta beraz, ez da posible zehaztea zenbat iruzur ekidin diren jarduketa horiei esker. Era berean, informazioa jasotzeko jarduketak ezin dira zenbatu, baina ezinbestekoak dira, ondoren erregularizatzen eta kobratzen den iruzurra detektatzeko.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako foru diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendari nagusiak emaitzak aurkeztu dituzte, eta nabarmendu dute 2019an zenbait berritasun ezarri zirela iruzurraren aurka egiteko. Berritasun horien artean, Bizkaiko Foru Ogasunak Fabrikazioko zerga berezietan espezializatutako unitate berri bat sortu du, eta beste unitate hauekin batera jarduten du: Nazioarteko fiskaltasun unitatea, Auditoretza informatikoko unitatea, Lehiaketa ikerketako talde eragilea, Zergadun handietan espezializatutako unitatea eta Zergadun handien zerga kontrolerako unitatea. Zerga berezietan espezializatutako unitate berrian, 2019an hidrokarburoen zerga gordailuak zuzen ordaintzea jorratu da, eragiketa bolumenaren arabera. Horren ondorioz, AEATri 230,8 milioi euro eskatu zaizkio, izan ere, Bizkaian kokatutako zerga gordailuetan jarduten duten hidrokarburoen enpresa merkaturatzaileek ez zituzten zergak zuzentasunez ordaindu estatuko administrazio orokorrean.

Era berean, ikuskaritza langileei ekonomia digitaleko eredu berriei buruzko prestakuntza eman zitzaien, eta horri esker, kriptodiruarekin egindako eragiketei buruzko informazioa lortu zen, bost zergadun bizkaitarrek egindakoak eta zerga arriskua dutenak. Horietako bati 0,5 milioi euro erregularizatu zitzaizkion.

2019an Batuz definitzeko lan egin da baita ere. Sistema hori jarduera ekonomikoen zerga ordainketak kontrolatzeko da, eta uztailaren 1etik aurrera ezarriko da. Horretarako, aurreko ekitaldian araubide izapidetzea egiten hasi ziren eta TicketBai! softwarea garatzeko programa pilotua gauzatu zen. Horren bitartez, fakturazio sistemetan salmentak ezkutatzea ekidingo da. Aurreko urtean baita ere zerga hezkuntzako modulua finkatu zen. Ikasturte honetan Bizkaiko 112 ikastetxeetan ematen zaie modulu hori DBHko eta Batxilergoko ikasleei.

Erantsitako agirian jarduketa nagusien zerrenda eta iruzurraren aurkako lanean lortutako emaitzak daude jasota:


Argazkiak


Bideoak