2020(e)ko otsailaren 24(a) 19:02

Bizkaiko foru-zabortegiek ez dute kapazitaterik Zaldibarkora eramaten ziren hondakin industrialak hartzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Horrela jakinarazi dio Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeari orain arte gai horri heltzeko egindako bi bileretan. Bilera horietan foru erakundeak azaldu zuen Artigasen erabiltzen ari den isurketa-biltegia ia beteta dagoela, eta horrek Jatako zabortegia berriro irekitzera eta azken biltegi horretan egokitze-lanak egitera behartuko duela, Bizkaian kudeatzen diren etxeko hondakinak bertan jasotzeko. Foru-zabortegiek ingurumenaren arloko baimena dute beren beregi hiri-hondakin solidoak biltzeko, ez industria-hondakinak biltzeko; beraz, baimen hori aldatu beharko litzateke industria-jardueratik datozen hondakinak biltegiratzen hasi ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak dituen bi zabortegiek ezin dituzte epe laburrean hartu instalazio pribatu horiek kolapsatu ondoren Zaldibarko zabortegira eramaten ziren hondakin industrialak. Izan ere, foru erakundeak Artigasko zabortegian utzitako hondakinen zati bat Jatara eraman beharko du aldi baterako, orain zabortegi horietako lehenengoan erabiltzen den isurketa-biltegia ia beteta baitago. Artigasko instalazioak beteta eta Jatakoa Bizkaian kudeatzen diren etxeko hondakinen fluxuak hartzera behartuta, sistemak ezin dio aurre egin zabor kopuru berriak sartzeari.

Hala jakinarazi dio Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen sailburuordeari gai horri heltzeko orain arte egindako bi bileretan. Bi topaketetan Artigas zein kolmatazio-egoeratan dagoen azaldu da, eta  derrigorrezkoa dela Jatako zabortegia berariaz etxebizitzetatik datozen hondakinak bertara eramateko erabiltzea; horretarako beharrezkoa izango da instalazioak egokitzeko zenbait obra egitea.

Hondakinen zati bat Jatako zabortegira desbideratzea zazpi hilabetez luzatuko da datorren martxoaren 2tik aurrera eta txanda bakarrean egingo da, goizez eta astelehenetik ostiralera, Maruri-Jataben eta Lemoizen bizi diren pertsonei gerta dakizkiekeen eragozpenak gutxitzeko.

Beste alde batetik, bi foru-zabortegiek ingurumenaren arloko baimena dute baina bakarrik hiri-hondakin solidoak biltzeko, ez industria-hondakinak hartzeko; beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ingurumen-baimen hori aldatu beharko luke industria-hondakinak Bizkaiko biltegi publiko horietako edozeinetara desbideratu nahi baditu.