2020(e)ko otsailaren 17(a) 10:00

Bizkaiak segurtasun neurriak indartu ditu Zaldibarko AP-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Geologoek egindako etengabeko monitorizazioak zehazten du zabortegia hautsi ondoren irristatutako hondakin masa ez dela egonkorra, nahiz eta hamaika egun hauetan ez duen desplazamendu esanguratsurik izan. Autobidea trafikoari ixteko Ertzaintzarekin batera ezarritako protokoloa indartzen da, geologoek alerta aktibatzen badute luizi berriak gertatzeko arriskuagatik. Harri-lubeta egiteko dikeaz gain, autobidearen babesa handituko du Aldundiak, jausien aurkako pantaila dinamiko baten bidez, eta neurri gehigarriak aztertzen jarraitzen du.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegiturak eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak neurri berriak hartu ditu otsailaren 6an Verter Recycling enpresaren zabortegiaren irristatzeak kaltetutako foru bideen segurtasuna hobetzeko. Hasiera-hasieratik, neurri horiek Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta egon dira, eta betiere desagertutako bi pertsonak aurkitzeko eta berreskuratzeko lehentasunezko helburuaren mende. Era berean, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen ari dira.

Ermuko autobidean eta saihesbidean segurtasuna indartzeko neurri berriak aztertzen jarraitzeaz gain, Aldundiak lan handia egin du hamaika egun hauetan zabortegiaren ezaugarri geoteknikoak sakon ezagutzeko, autobidera ateratzen den ibarrean zehar irristatu zen material-masari eusteko neurriak aztertu eta hartzeko, eta autobidea trafikorako irekita mantentzeko neurriak hartzeko, erabiltzaileen segurtasuna bermatuz.

Zabortegiaren ezagutza geoteknikoa

Funtsezkoa da hondakin-masaren eta haren jatorrizko lursailaren ezaugarriak ezagutzea, ondorengo jarduketak baloratu eta zehazteko. Horregatik, Azpiegiturak eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko geologoek eta ingeniariek monitorizatuta mantentzen dute otsailaren 7ko ostiral goizaz geroztik irristatutako hondakin masa.

Monitorizazio hori aldi berean eta modu koordinatuan egiten dute teknikari espezializatuek ikusmen-kontroleko postu batetik eta zabortegiko funtsezko puntuetan kokatutako 19 lekukoren (prismak) erreferentziak etengabe hartzen dituen estazio topografiko robotizatu batetik (1. irudia). Estazioak etengabe bidaltzen ditu seinaleak prisma horietako bakoitzera, eta errebotea jasotzeak aukera ematen du eskala milimetrikoan mugimendurik gertatzen den zehazteko.

Bihar, hilak 18, asteartea, bigarren estazio topografiko bat martxan jartzeko lanak amaitzea aurreikusten da, informazio erredundantea eduki ahal izateko, kontrol topografikoko sistema indartuz.

Iragan hamaika egun hauetan lortutako informazioari esker, teknikariek zabortegiaren ezagutza topografikoa eta ezaugarri geoteknikoen ezagutza hobetu dute, eta ezagutza hori zabaltzen jarraituko dute informazio gehiago lortu ahala. Nolanahi ere, hilaren 6tik lortutako informaziotik ondorioztatzen da ordutik ez dela desplazamendu esanguratsurik gertatu, nahiz eta zabortegiko hondakin irristatuen masa ezegonkorra izan. Ezegonkortasun hori irristatze berrien moduan ager liteke inguruko baldintzak aldatuz gero, batez ere euriagatik.

Isuriari eusteko neurriak

irristatze berriak gertatzeko aukeraren aurrean, Aldundiak masaren mugimenduari eusteko neurriak hartu ditu, autobidearen segurtasuna babestuz eta, beraz, erabiltzaileena. Joan den otsailaren 12an, asteartean, harri-lubetazko dike bat eraikitzen hasi ziren (2. irudia) galtzadaren ondoan, Donostiarako norabidean. Horretarako, 200.000 euroko inbertsioa egin behar da, eta sei metroko altuera eta 50 metroko luzera izango ditu.

Horrez gain, ezpondaren aurkako pantaila dinamiko bat jarriko da, bultzada handiak jasateko gai den metalezko sare batez osatua (3. irudia). Geologo eta ingeniari foralen taldeak egindako kalkulu teknikoetan oinarrituta, sare horrek 75 metro koadroko azalera izango du, eta euste-dikea baino 40 metro gorago jarriko da malda txikiko eremu batean; leku horretan izango da eraginkorrena, bai biltegiratzeko ahalmenagatik, bai energia xurgatzeko ahalmenagatik (4. irudia). Aldundiak beharrezko materiala enkargatu du dagoeneko, Suitzatik datorrena, eta otsailaren amaierarako pantaila dinamikoa instalatuta edukitzea espero du. Horiek erosteko eta muntatzeko kostua 75.000 euro ingurukoa da.

Sare hori autobidera ateratzen den ibarraren amaieran instalatzeko, 6.000 metro kubiko hondakin inguru kendu beharko dira lerraduraren buruan. Operazio hori arintzeko asmoz, harri-lubetazko dikearen eraikuntza egun batzuetan motelduko da, haren oinarria hondeamakinen eta kamioien operazio-plataforma izango baita. Bi hesien eraikuntza koordinatu egin beharko da, hesiaren kokapenerako sarbidea harri-lubeta altxatzen ari den puntutik egingo baita.

Egindako kalkuluen arabera, materialak berriro irristatuz gero, euste-dikearen eta pantaila dinamikoaren baturak 7.700 metro kubiko isurketa atxikitzeko adinako gaitasuna emango luke. Otsailaren 6an, ostegunean, autobidera eta N-634 errepidera erori zen kopurua halako bi.

Nolanahi ere, talde teknikoek aztertzen jarraitzen dute zer beste neurri gehigarri har daitezkeen autobidearen segurtasuna areagotzeko.

Autobideko segurtasun-neurriak

Luiziak zirkulazioa eten zuen AP-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean hamabost orduz, otsailaren 7ko goizeko zazpiak arte, eta trafiko-arazo handiak sortu zituen, Bizkaiko errepide-sareko lehentasunezko bi bide direlako. Autobidean, orduz geroztik, bi kilometroko by pass bat dago Bilborako noranzkoan (5. irudia). Egoera hori, Donostiako noranzkoko galtzada trafikoari itxita dagoela, segurtasun-neurri gisa mantenduko da, autobidera isurketa gehiago ezin direla erori bermatzen ez den arte. Horregatik, by pass-a hobetu egingo da, gaur egun konoen bidez seinaleztatuta dagoena, eta New Jersey motako hormigoizko hesiak jarriko dira zirkulazioaren bi noranzkoak bereizteko. Lan horiek gauez egingo dituzte, asteazkenetik aurrera, eta trafikoari autobidea itxi beharko diote 23:00etatik 5:00etara bitartean, bost gauez.

Autobidea erabat ixteko protokoloa

Otsailaren 7ko goizaldean, ostirala, autobidea trafikoari berriz ireki zitzaionetik, Azpiegiturak eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Ermuko autobidea eta saihesbidea ixteko protokoloa martxan du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta (5. irudia).

Protokolo hori aktibatzen da zabortegiaren monitorizazio-sistemak ohartarazten duenean irristatze bat gerta daitekeela. Une horretan, Aldundiaren eta Ertzaintzaren beharrezko baliabideak mobilizatzen dituen aurrealerta aktibatzen da. Talde teknikoak luizi arriskua benetakoa dela zehazten badu, alerta aktibatzen da, berehala autobidea bi noranzkoetan moztuz by pass-ean. Lan horretan Ertzaintzako agenteek eta Interbiak enpresako langileek parte hartuko dute, eta aste honetan bertan semaforo automatikoak jarriko dituzte.

Era berean, alerta-egoeran, by pass-eko zirkulazioaren bi norabideak zaintzaileekin itxiko lirateke. Behin desbideratzeak ezarrita, Gerediagan eta Eibarren, atxikitako ibilgailuak hustuko lirateke. Gomendatutako ibilbide alternatiboa (6. irudia) behar bezala seinaleztatuta egongo litzateke, Gerediaga-Elorrio autobia eta Kanpazar gaina zeharkatuz.

Ermuko saihesbidean, alerta kasuetan jarduteko protokolo bera dago ezarrita: ordainlekuko eta San Lorentzoko biribilguneetan trafikoa atera, eta N-634 errepidetik desbideratu, Ermuan barrena.


Bideoak


Audioak