2020(e)ko otsailaren 15(a) 09:30

El Pobal burdinolak burdingintzaren iraganeko sekretuak zabaltzen ditu Bizkaian bisita gidatuen programa baten

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Muskizko museoak Bizkaiko burdinolen historiako elementu bitxi eta apenas ezagunak erakutsiko ditu hilero igande baten. Lehen bisita bihar, otsailak 16, izango da. Burdinoletan sekretuak programa El Pobalen XV. urteurrenaren eta Burdiñoletan zehar. Bizkaia territorio ferrón erakusketaren barruan kokatzen da. Datorren larunbatean, otsailaren 29an, María José Torrecilla historialari eta arkeologoak Burdinolen Mundua BER-Egiten hitzaldia eskainiko du.

Muskizko El Pobal Burdinolak bisita gidatuen programa aitzindari bat jarriko du abian eta horri esker bisitariak Bizkaiko burdinolen "sekretu" ezezagunenetako batzuk ezagutu ahal izango ditu, orain arte jendaurrean erakutsi ez direnak. Lehen bisita bihar izango da.

Programa El Pobalen XV. urteurreneko ekitaldien eta 'Burdiñoletan zehar. Bizkaia territorio ferrón' erakusketaren barruan sartzen da eta Bizkaiko burdinolen historiaren eta erakusketaren beraren hainbat alderdi erakutsiko ditu igandero, besteak beste, 1974ko egutegi bat, gainbeheran zegoen El Pobalen irudiekin, 100 urte baino gehiagoko 'altxor dokumentalak' edo Orozkoko burdinolen plano zaharrak. Bisitak doakoak izango dira eta hilero igande baten egingo dira (otsailaren 16an, martxoaren 22an, maiatzaren 10ean eta ekainaren 7an) eta sekretu horietako bakoitza modu monografikoan azalduko dute.

Duela 15 urte lehengoratu zen El Pobal Museoa - Burdinola Bizkaiko burdinaren industriaren lekukotasunik berezienetako baten kontserbazioa bermatzeko helburuarekin. Aldi berean, museoa beste elementu askoren berri emateko jarri zen martxan, horiek ere Bizkaiko historiaren orrialde honetako protagonistak direnak.

Oraingo erakusketak, izatez, burdinola zaharretatik oraindik zenbat hondakin gordetzen diren erakusten du. Ibilbidean azaltzen den bezala Bizkaiak aztarna horiek bere txoko askotan ezkutatzen ditu, nahiz eta askotan nortasun hori beste erabilera batzuen azpian gordeta geratu edo estaltzen duen naturak mozorrotuta egon.

'Burdiñoletan zehar' izeneko programaren lehen bisita gidatua otsailaren 16an, igandean, izango da. Kasu honetan, bilduma bitxi baten inguruan arituko da: Bizkaiko Labe Garaiek 1974an gainbeheran zegoen El Pobalen irudi ederrekin argitaratu zuten egutegia. Siderurgiaren koloso horrek, Bizkaia industrialaren irudia kapitalizatu duenak, argitalpen horrekin omenaldia egiten zion burdinolen munduari -eta, bereziki, Muskizkoari-, eta Euskal Herrian ehunka urteko jarduera garrantzitsua izan zenaren lekukoa jasotzen zuen.

Argazki bikainak, tipografia karratu eta sendoa eta, azken batean, 70eko hamarkadako estetika ezaguna ilustratzen duten testuek El Pobal testuinguruan jartzeari eta 1965. urteko data berantiarrean jarduera bertan behera uzteari buruz hitz egitea bideratzen dute.

Hurrengo bisita monografikoak martxoaren 22an, maiatzaren 10ean eta ekainaren 7an izango dira, besteak beste, Luis Barreiro ingeniariak duela 100 urte baino gehiago marraztutako burdinolak edo Valladolideko Kantzelaritzatik datozen Orozkoko burdinolen plano ederrak ezagutzeko. Erakusketako ibilbidean "ura gozatzea" bezalako terminoak edo esamoldeak ulertu ahal izango dira, ingenio hidrauliko horiei aplikatuta. Emoziorako tartea ere izango da, Anton Lazkanok eta Santi Yanizek sortu duten Burdinura bideoarekin, eta Yanizek berak erakusketa honetarako egin duen argazki erreportaje bikainaz eta berak hain ondo ezagutzen eta erretratatzen duen burdinolen mundu honi egindako begirada pertsonalaz gozatzeko.

"Burdinolen Mundua BER-Egiten" hitzaldia

Gainera, El Pobal Museoak-Burdinolak Mª José Torrecilla historialari eta arkeologoaren hitzaldia hartuko du otsailaren 29an, larunbata, Bizkaiko burdinoletan azken urteotan izan diren esku-hartze, indusketa arkeologiko edo birgaitzeei eta lehengoratzeei buruz. Azken horiek ondare hori hobeto ezagutzeko eta interpretatzeko gako berriak sortu dituzte, datu-banku askoz fidagarriagoa osatuz.

Jarduera aipagarrienetako batzuk honako hauek dira: Ansotegiko burdinolak, Etxebarrian, landa-hotel bihurtua; Olabarri Zeanurin; Urtubiaga, Ean; Torrelanda, Orozkon; Bolunburuko burdinola-errota multzoa Zallan, Erdi Aroko dorretxe handiaren oinetan birgaituta dagoena; Bengola burdinolaren hondarrak, Munitibarren, Bizkaian kontserbatzen den burdinola hidraulikorik zaharrena; edo Balmasedako El Peñueco kokagunean egindako indusketak, Boinas La Encartada fabrikaren instalazio berezien azpian burdingintzari lotutako iragana aurkituz.

Hitzaldia 11:00etan hasiko da eta doan izango da.

Informazioa eta erreserbak:629 271 516 edo info@elpobal.com

www.bizkaikoa.bizkaia.eus/elpobal