2020(e)ko otsailaren 14(a) 11:30

Rekalde Aretoak Cristina García Rodero argazkilari ospetsuaren atzera begirako erakusketa aurkeztuko du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

"Con la boca abierta" erakusketak lehen aldiz erakutsiko du Bilbon egungo argazkilaritza garaikidearen funtsezko sortzaileetako bat den artistaren lana

Expo García Rodero

Gaur hasi eta 2020ko maiatzaren 17ra arte Bilboko Rekalde Aretoan Cristina García Rodero Mantxako argazkilari ospetsuaren 'Con la boca abierta' erakusketa egongo da ikusgai. Artista hau gaur egungo argazkilaritzaren funtsezko sortzaileetako bat da. Erakusketa honek artistaren atzera begirako lan tematikoa jasotzen du, bere berrogei urteko ibilbide profesionalaren bitartez, 1979an multzo horren lehen argazkia egin zuenetik gaur egunera arte.

'Con la boca abierta' bildumak hirurogei irudi baino gehiago biltzen ditu, artistaren lan zabala osatzen duten hogeita hamar mila argazkietatik hautatuak izan direnak. Hala, Cristina García Roderoren lanak gizakiaren sentimenduak eta emozioak eta egoera askotarikotasuna adierazteko ahoak duen garrantzia islatzen du. Lorea Bilbao diputatuak nekazaritzako eta landako izaera etnografikotik abangoardistenera doazen irudien erakusketa aurkeztu du. Argazkiek munduan gertatzen dena kontatzen dute eta irudien bidez gizakiaren emozioak transmititzen dituzte: pertsonaiak aharrausika, garrasika, harriturik, barrezka edo euren min-keinuek eraldatuta…, azaldu du.

Erakusketaren ibilbideak gizakiaren gogo-aldarte ezberdinak errepasatzen ditu Cristina García Roderoren begiradaren bidez. Indibidualtasunekiko interesa eta jendearengana hurbiltzeko beharrizana nabari dira, beti pertsonekin harreman hurbila bilatuz, gaineratu du Lorea Bilbaok. Konposizio artistikoak era guztietako irudiak jasotzen ditu, jaiotzetiko lehen negarretik hasi eta heriotzagatiko kexuraino, irribarretik barreraino, minetik plazereraino, harriduratik izuraino, sentsualitatezkoak eta sexualitatezkoak, inozentziatik probokazioraino, samurtasunetik indarkeriaraino, otoitz egitetik garrasi kolektiboraino. Hunkitzen nauten eta jakin-mina eragiten didaten leku eta pertsonen aurrean jartzen naiz. Ez dago ezer kasualik eskaintzen dudanean, arrunkeriatik aldentzen den une bat bilatzen dudalako, argazki bakar bat, adierazi du egileak.

Gainera, erakusketarekin batera, jarduera osagarriak ere egingo dira, besteak beste bisitak eta tailerrak. Jarduera guztiak doan dira, eta batzuk egiteko izena eman beharko da aldez aurretik.

Artista

Cristina García Rodero (Puertollano, Ciudad Real, 1949) egungo argazkilaritza garaikidean funtsezko sortzaileetako bat da. Esploratzen dituen munduekiko sentiberatasunak eta jakin-minak, argazkigintzako lan jarraitu eta landuarekin batera, bere argazkiek indar hunkigarria irradiatzea eragiten dute, exhibizionismoan eta artifizioan erori gabe.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1972) Arte Ederretan lizentziatua, unibertsitate-esparruetan hasi zen argazkilaritzan, bere argazkien arloko jarduera eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arte Ederretako Fakultatean argazkilaritzako irakasle gisa egindako irakaskuntza uztartuz.

Irakaskuntza inoiz alde batera utzi gabe asteburuetan eta oporretan herri ospakizunak eta tradizio erlijiosoak eta paganoak ikertzen eta argazkiak ateratzen aritu zen, batez ere Espainian, baina baita Europa mediterraneoan ere. Emaitza bere "España oculta" (1989) liburua da, besteak beste Arleseko Argazki Jaialdiko Urteko Liburuaren Saria irabazi zuena; urte horretan bertan New Yorkeko Eugene Smith Fundazioaren sari ospetsua irabazi zuen.

Sariz eta prestigioz betetako ibilbide bizia

1983an Argazkilaritzako Planeta Saria eman zioten bere lan osoagatik eta 1988an argazkilari onenaren saria eman zion Madrilgo Foto Profesional aldizkariak. 1993an World Press Photo saria lortu zuen arte kategorian, 1996an Kultura Ministerioko Argazkilaritzako Sari Nazionala irabazi zuen eta urte horretan bertan Habanako Iberoamerikako Argazkigintza Foruma lortu zuen.

Bartzelonako FotoGramPrix saria (1997), La Caixa Fundazioaren FotoPres saria (1997), argazkigintzan Espainiako ibilbide profesional onenaren Madrilgo Bartolome Ros saria (2000) PhotoEspaña-n, Kazetaritzako Argazkilaritzako Godó sariarekin batera (2000).

Era berean Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2005), Laneko Merituaren Urrezko Domina (2014) eta, oraintsuago, bere obra osoa saritzen duen PHotoEspaña saria (2017) irabazi ditu. 2018an Cristina García Rodero Museoa ireki zuen Puertollanon, bere jaioterrian, Ciudad Realen.

Bakarkako erakusketa ugari egin ditu, bai Espainian, bai Europako eta Amerikako hainbat herrialdetan: Mexiko, Frantzia, AEB, Portugal, Ingalaterra, Italia, Alemania, Venezuela, Polonia, etab.

HURRENGO ERAKUSKETA
ERTIBIL BIZKAIA

Maiatzak 28 - uztailak 5.

PROGRAMA

Jarduera guztiak doakoak dira, eta batzuk egiteko aldez aurretik izena eman behar da*.

Bisitak

  • Bisita komentatuak, ostegunero (jaiegunetan izan ezik), 18:00etan. Inskripziorik gabe.
  • Bisitak eskola-taldeentzat.
  • Bisitak beste hizkuntza batzuetan.
  • Bisita inklusiboak.

Tailerrak

  • Eskola-taldeentzako tailerrak.
  • Tailerrak asteburuetan [3-11]
  • 2020ko otsailak 15, martxoak 14 eta maiatzak 9.
  • Tailerrak familian [4-11]
  • Otsailak 29, martxoak 28 eta apirilak 25.
  • Aste Santuko tailerra
  • 2020ko apirilak 14, 15 eta 16.
  • Arte eta Memoria tailerra [+60]
  • 2020ko martxoak 13, 20 eta 27.
  • "Elkarrizketak" tailerra familian [2-6]
  • 2020ko martxoak 15.

Informazio gehiago eta erreserbak: 944068532 edo salarekalde@bizkaia.eus


Argazkiak