2020(e)ko otsailaren 13(a) 10:30

Aldundiak 6,1 milioi bideratu ditu aurten Garapenerako Lankidetza proiektuetara, 2019an baino 283.000 euro gehiago

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Iazko inbertsioari esker Garapenerako Lankidetzako eta Ekintza Humanitarioko 26 proiektu lagundu ziren Latinoamerikan, 18 Afrikan eta beste 5 gainerako kontinenteetan. Martxoaren 10era arte dago zabalik 2020ko ekitaldi honetako dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea.

.

Bizkaiko Foru Aldundiak Garapenerako Lankidetzaren, gizarte-eraldaketarako sentsibilizazioaren eta hezkuntzaren eta ekintza humanitarioaren arloko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du. Aurten, urte anitzeko partidak barne, 6.108.954,62 euro izango dira guztira, hau da, iaz baino 282.954,62 euro gehiago (% 4,86ko igoera).

Dekretu honetarako eskaerak aurkezteko epea hilabetez egongo da zabalik, martxoaren 10era arte.

Garapenerako Lankidetzari eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzari buruzko 2020ko dekretuak dirulaguntzak jasotzen ditu irabazteko asmorik gabeko erakundeek bultzatutako garapenerako lankidetza-proiektuetarako (II. kapitulua), gizartea eraldatzeko sentsibilizazio- eta/edo hezkuntza-proiektuetarako (III. kapitulua), herrialde pobretuetako eta/edo Bizkaiko ekintza puntualetarako (IV. kapitulua), erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketak bilatzen dituzten laguntza teknikoak jatorrian bertan kontratatzeko (V. kapitulua) eta  larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako (VI. kapitulua).

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritzak sustatzen duen inbertsioa Bizkaiko Lankidetzako III. Plan Artezkariaren printzipioetan oinarritzen da elkartasunaren, koherentziaren, eraldaketaren, koordinazioaren, erantzunkidetasunaren eta kalitatearen aldeko apustu estrategikoekin. Ildo horretatik guztiz bat dator Plan horren helburu orokorrarekin, Bizkaiko lankidetzaren kalitatea eta eragina hobetzearen alde egiten baitu, garapenerako, gizartea eraldatzeko eta pobrezia desagerrarazteko prozesuei laguntzeko.

Era berean Bizkaiko lankidetza deszentralizatuaren garrantzia eta balio erantsia defendatzen da; izan ere lankidetza horrek aukera ematen du Lurraldetik elkartasun-loturak ezartzeko, tokiko garapen-prozesuak laguntzeko, erakundeak edo gizartea indartzeko eta gizartea eraldatzeko hezkuntzan sakonduko duten partaidetza-espazioak sortzeko.

2019an Foru Aldundiak alor horretan egindako inbertsioari esker, Garapenerako Lankidetzako eta Ekintza Humanitarioko 26 proiektu lagundu ahal izan ziren Latinoamerikan kokatuak, 18 Afrikan eta beste 5 gainerako kontinenteetan. Bestalde, gure lurralde historikoan garatutako Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako 36 proiektu lagundu ziren.

Esku hartzeen eremuari dagokionez, hamar proiektuk emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa zuten helburu nagusi; zazpik Hezkuntza; seik antolakuntza edo instituzioak indartzea; bostek garapen ekonomikoa, hiruk osasuna; beste hiruk Giza Eskubideak; bik elikagaien segurtasuna/subiranotasuna; batek Kultura, beste batek Haurtzaroa eta azken batek azpiegiturak.


Argazkiak