2020(e)ko otsailaren 12(a) 10:10

Unai Rementeria: “Ibarrolako obra bizirik mantenduko dugu. Bizkaiak eta Urdaibaik baso sorgindu bat izaten jarraituko dute”

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Aldundiak Omako baso margotuaren erreplika bat egin nahi du. Ibarrola familiaren onespena eta adituen batzorde baten abala jaso duen proiektuak denboran luzatu nahi du Agustin Ibarrolako obra eta bere proiektu artistikoaren iraunkortasuna mantendu nahi du. Foru erakundeak zabalik mantendu nahi ditu bisitatuak izateko arriskurik ez duten Omako multzo artistikoak; aitzitik, arrisku hori duten multzoak itxi egingo ditu eta basoa espezie autoktonoekin birpopulatuko da, naturagune hori errespetatzea aldera.

Unai Rementeria eta José Ibarrola

Bizkaiko Foru Aldundiak Agustin Ibarrola pintorearen obrarik garrantzitsuenetako bat den Omako baso margotuaren erreplika bat egingo du. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gaur goizean artistaren semearekin, Jose Ibarrolarekin, iragarri duenaren arabera, hilabeteak daramatzate adituen batzorde batekin lanean multzo artistiko eta naturala bizirik mantendu ahal izateko hautabideak ebaluatzen. Omako basoa itxita dago pasa den udaberritik, basoko zenbait zuhaitzen narriadurak suposatzen duen arriskua dela eta.

Arte bizia, definizioz, arte iragankorra da. Agustin Ibarrolak bazekien hori eta honela onartu zuen proiektua hasi zuenean. Bizkaiko Aldundi gisa, gure eginbeharra 1990etik basoa eta Ibarrolaren obra zaintzea eta ahalik eta baldintzarik onenetan mantentzea izan da. Hizpide dugun basoa honelako basoak bizi ohi direna baino 20 urte gehiago bizitzea lortu izana Aldundiaren lan onaren froga da. Guretzat Oma Bizkaiko sinbolo bat da. Ezin dugu imajinatu Omarik gabeko Bizkaia. Badakigu ezin dugula saihestu pinuak hiltzea, baina hilabeteak daramatzagu obra bizirik mantentzeko hautabide bat bilatzen. Omako espirituak bizirik jarrai dezan. Eta gaur esan dezaket bizirik mantenduko dugula Agustinen obra. Ibarrolaren ideia bikainak bizirik jarraituko du. Omako basotik gertu dagoen beste baso batean Ibarrolaren pinturen erreplika bat egiteko Aldundiak egindako proposamenak familiaren eta aholkatzen gaituen adituen taldearen bermea eta babesa jaso du, azaldu du Rementeriak.

Nahiz eta oraindik ez den zehaztu kokapen zehatza, foru erakundeak basoaren ezaugarri antzekoak dituen eta Omako basotik gertu dagoen gune batean egin nahi du erreplika. Helburu nagusia artistak berak iragankor gisa kontzebitu zuen multzo artistikoaren iraunkortasuna mantentzea da. Zentzu horretan, Ahaldun Nagusiak adierazi du orain aukerak bilatzeko eta baloratzeko unea dela. Eta aukera horiek guztiek hainbat baldintza bete behar dituzte: lehenengoa, Omatik gertu egotea; zuhaitz motei zein horien adinari dagokienez teknikoki posible izatea; bisitarientzako irisgarria den kokalekua izatea; jarduketa errespetutsua izatea ingurumenarekin eta Urdaibaiko erreserbarekin; eta, ezinbestean, Agustin Ibarrola bera eta horren familia ados egotea. Horra hor gure konpromisoa. Eta niretzat funtsezkoa den alderdi bat azpimarratzen dut: adituen abala eta babesa jaso duen konpromiso bat da. Bai eta familiarena ere. Laster baso berri hori aurkituko dugula espero dut, azpimarratu du.

Unai Rementeria eta Jose Ibarrolarekin batera izan dira Lorea Bilbao Euskara Kultura eta Kirol diputatua eta basoaren egoeraren inguruan eta artistaren obraren erreplika egiteko aukeren inguruan erabakitzeko kontsultatuak izan diren adituen taldeko zenbait kide. Kontsultaturiko adituen artean daude Ibarrolaren obren eta Omako obraren aditu handienetako bat, EHUko irakaslea, Fernando Bazeta; Javier Riaño pintore eta eskultorea; Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria; eta Lucía Agirre, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna. Adituen batzordean lan egiten dute, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzako taldeek eta Basalaneko teknikariek. Izan ere, proiektua erronka handi bat ikuspuntu teknikotik eta kudeaketaren ikuspuntutik.

Ingurumen-konpromisoa basoarekin

Herritarrei Oma bisitatzeko debekua errespetatu dezatela eskatu ostean, zuhaitzak erortzeko arriskua dagoen bitartean, Ahaldun Nagusiak aurreratu du Omako multzoak (ahal direnak) zabalik mantentzeko ahalegina egingo dutela eta basoa espezie autoktonoekin birpopulatuko dela. Pertsonentzako arriskurik gabe oraindik bisitatzeko moduan dauden Omako multzoak zabalik mantentzea da gure helburua. Eta horretarako, lehenik eta behin arriskutsuak izan daitezkeen multzoak kendu behar ditugu. Nola ez, eroritako multzo horiek mantendu eta aprobetxatzea gustatuko litzaiguke, baina oraingoz ez dugu aurkitu bermeak eskaintzen dizkigun metodorik. Gure konpromisoa ingurumen-izaerakoa ere bada; basoak baso izaten jarraitu behar du. Hori dela eta, Omako basoa espezie autoktonoekin birpopulatuko dugu. Eta nork daki, agian, hemendik zenbait hamarkadetara Omako basoak berriro ere hartu ahalko du Ibarrolaren obra, baso sorgindua, espero du Rementeriak.

Omako baso margotua

Agustin Ibarrola artista bizkaitarrak, arte iragankor moduan definituriko proiektu gisa, bere obrarik ospetsuenetako bat sortu zuen. Obra horretan, basoko zuhaitzak, bizi-zikloaren elementu biziak izanik, obraren elementu garrantzitsu bat dira. Arte garaikideko Land art korrontearen lagin adierazgarri bat da. Lotura bat ezarri nahi dut kultura garaikidearen eta nire herriaren milaka urteko kulturaren artean, bertan baitaude nire sustraiak, dio Ibarrolak bere obraren inguruan.

Gaur egun, basoak 61 multzo artistikori dagozkien margotutako 500 zuhaitz inguru ditu. Foru proiektuaren helburu nagusia honako hau da: jarraitutasuna ematea eskualdean finkatu den eta gaur egun Bizkaia osoarentzako baliabide garrantzitsu bilakatu den kultura-proposamen bati. Baso berriak Ibarrolaren esentzia osoa kontserbatuko du eta, orain gertatzen den bezala, bisitariekin duen konektibitate emozionala mantenduko du.


Argazkiak


Bideoak


Audioak