2020(e)ko otsailaren 10(a) 18:30

Bizkaiko Foru Aldundia saritu dute adimen urritasuna duten pertsonentzako LEP espezifikoaren prozesu berritzaileagatik

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Foru erakundeak hirugarren sektorearekiko lankidetza saria jaso du, Plena Inclusión erakundeak ematen dituen Enplegu Publikoaren eta Adimen-desgaitasunaren lehen Sarietan. Saria emateko ekitaldia gaur egin da Toledon, adimen-urritasuna duten pertsonentzako Enplegu Publikoari buruzko Mintegi Tekniko baten esparruan. Bertan, Bizkaiak ad hoc hautaketa-prozesu berritzailea azaldu du, duela urtebete amaitu zena, foru-egituran 5 funtzionario berri sartu zirenean mendeko langile gisa. 2017an, Aldundia kolektibo horretako pertsonei berariaz zuzendutako plazen deialdia egin zuen lehen euskal administrazioa izan zen.

Foru Aldundiko eta Bizkaiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetako ordezkariak Toledon.

Adimen urritasuna duten pertsonentzako Lan Eskaintza Publiko espezifikoa egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak duela bi urte baino gehiago martxan jarri zuen hautaketa prozesu berritzailea saritu dute gaur Toledon. Lan Eskaintza Publiko hau arrakastaz lortzeko foru erakundeak egindako lana aitortu egin da Plena Inclusión erakundeak ematen dituen 'Enplegu Publikoaren eta Adimen-desgaitasunaren lehen sarietan', zehazki, 'Hirugarren sektorearekiko lankidetza' kategorian. Bizkaiarekin batera, Gaztela eta Leongo Junta eta Andaluziako Junta ere saritu dituzte, 'Apoyos en el puesto' eta 'Trayectoria' kategorietan, hurrenez hurren. Sari horien lehen edizio honetara Estatuko administrazio publikoetako 16 hautagaitza aurkeztu ziren.

Plena Inclusión erakundeak administrazio publikoen lana saritzen du, adimen-urritasuna duten pertsonentzako enplegu publikoko deialdi espezifikoak egin baitituzte, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiarena. Ekitaldia mintegi tekniko baten barruan egin da, eta 150 pertsona bertaratu dira.

Ad hoc egindako prozesu berritzailea

Bizkaiko Foru Aldundiak oposizio baterako deialdia egin zuen 2017ko azaroan, zerbitzu-langileen kategoriako bost lanpostu betetzeko (mendekoen kidegoko lanpostua), % 33ko edo hortik gorako desgaitasun intelektuala duten pertsonei soilik zuzenduta. Oposizio horretan 216 izangaik eman zuten izena, eta ad hoc egindako hautaketa-prozesu berritzailea gainditu behar izan zuten. Hori gauzatzeko, Foru Erakundeak hainbat material eta testu espezifiko prestatu zituen, horrelako hautaketa-prozesu batera egokituak. Prozesu horretan, pertsona-kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeek aholkuak eman dituzte uneoro. Erakunde horiek (APNABI-Autismo Bizkaia, Gaude, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioa eta Lantegi Batuak) pertsona horiei laguntzen jarraitu dute, beren lanpostu berrietara egokitu daitezen.

2017an, Aldundia kolektibo horretako pertsonei berariaz zuzendutako plazen deialdia egin zuen lehen euskal administrazioa izan zen. Adimen urritasuna duten pertsonak benetan eta eraginkortasunez gizarteratzeko bidean aurrera egiten jarraituko du aurten, datozen hilabeteetan zehaztuko den deialdi berri bati esker.


Argazkiak