2020(e)ko otsailaren 10(a) 10:11

Euskal Museoak berrikuntza proiektua aurkeztu du, nazioartetik euskal kulturarako sarbidea izatea xede harturik

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak egitasmo kultural honetan 20 milioi euroko inbertsioa egitea dago aurreikusita. Euskal Museoa gizarte museoa ulertuko da, eta punta-puntako zenbait esparru izango ditu, hala nola gordailu bisitagarria, laborategi gastronomikoa, ezagutza zentroa eta erakusketa sasi-iraunkor eta abangoardista bat.

Euskal Museoak berritze proiektua aurkeztu du

Bilboko Euskal Museoak erakundearen berrikuntza integralerako proiektua aurkeztu du. Aurkezpen ekitaldian izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Euskal Museoaren koordinatzaile Sorkunde Aiarza. Egitasmoaren xedea da museoa euskal kulturara sartzeko atea izatea, mundura zabalik egongo den ate bat izatea, eta, horrela, nazioarteko goi mailako zentro gisa finkatzea, etorkizunera begira. Gaur egun, hazkunde bete-betean dago: bilduma handitu da, eta 4.000 piezatik gora digitalizatu dira, online eskuragarri egon daitezen. Gainera, %36 igo da bisitarien kopurua 2019an; 100.000 bisitatik gora izan ditu, eta azken lau urteetan bikoiztu egin da kopurua; eta, horrez gain, azken urtean 70 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Klaustroan. Bestalde, Euskal Museoak erabilera publikora bideratutako azalera %57tik %85era igotzea aurreikusi da proiektuan.

Egitasmoa gauzatzeko lanak aurrera doaz urratsez urrats, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren 20 milioi euroko inbertsioari esker, besteak beste. 2016 eta 2018 bitartean, Klaustroa egokitzeko esku-hartze bat egin zen: zoladura berritu, fatxada garbitu eta beirazko estalki integratu bat ezarri zitzaion eraikinari, piezak hobeto kontserbatzeko.

Gainera, urte hartan bertan 5 milioi euroko inbertsioa egin zuen museoak Kurtze eraikina eskuratzeko. Gaur egungo museoaren alboan dago eraikin hori, Gurutze kalean, eta hura espazio museistiko-kultural bihurtzea da asmoa. Dagoeneko amaitu dira kanpo gordailua egokitzeko lanak, zeinari esker biltegiratu ahal izango baita museoaren bildumaren parte handiena kontserbazio egoera ezin hobeetan, eta erakundeak esleitu berri du piezen lekualdatzea, 413.248€-ko zenbatekoan. Datozen asteetan hasiko da lekualdatzea, eta urtebeteko epean amaituko dute, gehienez ere. Espazio esklusibo bat izango da gordailu berria, aukera emango duena piezak hobeto eta modu abangoardista batean kudeatzeko; gainera, hari esker, erabilera publikorako leku gehiago Alde Zaharreko eraikin nagusian.

Bestalde, Euskal Museoak nazioarteko lehiaketa bat abian jarri du zentroaren esku-hartze arkitektoniko eta museografiko integraleko proiektua aukeratzeko, profesionalek osatutako epaimahai batek ebatziko duena. Azaroaren 22an lizitatu zen lehiaketa, eta talde hautagaiek urtarrilaren 22ra arteko epea izan zuten beren proiektuak aurkezteko. Jasotako 9 proposamenak aztertuko ditu epaimahaiak, Euskal Museo berria zer taldek diseinatuko duen erabakitzeko. Honako kide hauek osatuta dago, hain zuzen epaimahaia: Mikel Ocio, Matxalen Acasuso, Elisa Valero Ramos eta Ibon Areso arkitektoak; Zuriñe Antoñana zaharberritzailea, Cristina Novoa museografoa eta Arantza Cuesta historialaria. Idazkaria Iñigo Villate da, eta epaimahaiburua Bilboko Udaleko Kulturako zinegotzi Gonzalo Olabarria. Hauek dira orain arte jasotako 9 proposamen anonimoen lemak: HARITZ BERRIA, EKO-NEKTA, ¡ERROTIK!, HASIERAREN HAZIA, HARTZULO BARRI, AZTARNA, EL LAUBURU, SUSTRAI BIZIAK, eta GU GEUK. Enpresa hautagaiek aukera izan zuten erakundearen espazioetara bisita teknikoa egiteko, abenduaren 10ean. 12 taldek egin zuten bisita, baina bisitarik ez egitea ez zen baldintza baztertzailea.

Apirila aldera aukeratuko du epaimahaiak lehiaketaren irabazlea. Erabaki hori hartutakoan, talde irabazleak behin betiko proiektua aurkeztu beharko du 2020ko azken hiruhilekoan. Jarraian, lanak esleitu eta hasiko dira, 2021ko lehen hiruhilekoan. Proiektu finalista zein den jakin arte, ez dago jakiterik lan horiek zehazki nola egingo diren, baina obra amaitu, eta Euskal Museo berriak 2023an irekiko ditu ateak; hain zuzen ere, Euskal Museo Etnografiko eta Arkeologikoa izenez lehen aldiz ireki zituenetik 100 urte betetzen diren urtean.

>Aretz bizia: plan museologico-interpretatiboa

Aretz Bizia kontzeptuan oinarrituriko dira proiektu hau nahiz museo berria. Kontzeptu hori plan museologiko-interpretatibo berrian garatuta dago, zeinetan ulertzen baita Euskal Museoa munduari zabalik den gizarte museo gisa. Horretarako, berregituratze funtzional eta museografikoa gauzatu beharko da, barne harturik eraikinaren birmoldaketa integrala eta erakusketa diskurtso berria. Eta hori dela-eta eskatu ditu erakundeak diziplina anitzeko taldeak proiektu hautagaiak aurkez ditzaten.

Ildo horretatik, Aretz kontzeptuak gaur egungo bildumako Aretz-zarra piezari omenaldia egiten dio, eta Bizia kontzeptuak, berriz, bizitasunaren eta jarraitutasunaren zentzua iradokitzen du, fonetikoki Bizkaiarekin eta Bilborekin lotura egiteaz gainera. Metafora bat da, zeinak proiektatu nahi baitu ideia hau: museoa, euskal gizartea eta kultura bera, organismo biziak dira, eta iraunkorki hazten ari dira, herritar guztien ekarpenaren laguntzaz.

Euskal Museoaren helburu nagusia -euskal kulturaren hedapena- gogoan izanik, 20 milioi euroko inbertsioa egingo da; hain zuzen ere, lortu nahi da erakundeak gaur egungo bisitari kopurua halako hiru jasotzea, 2023ko mendeurrenari bultzada ematea eta Europako Urteko Museoaren Sarirako (EMYA) hautagaitza sendoa izatea, museo berriak ateak zabaldutakoan.

Helburu zehatzetako bat da etorkizunean 6.400m2-tik gorako azalera museistikoa izatea; gaur egun baino %38 handiagoa. Proiektu honen arabera, Euskal Museoaren erakusketa handitu egingo litzateke solairu guztietan, eta Klaustroaren inguruan irekia litzateke. Horrela, ibilbide bat eratu nahi da, zeinetan eramango baikaitu euskal bizimoduetan oinarrituriko iragana-oraina-etorkizuna arteko elkarrizketak pieza adierazgarrienak ezagutzera, bisitarien sormena bultzatuz betiere. Azken batean, orotariko publikoarentzako erakusketa egokia, moldagarria eta aldian-aldian berriztagarria eskaini nahi da. Horretarako, ekipamendu aurreratuei dagokien mailako guneak antolatuko dira, hala nola gastronomiari buruzko laborategi tankerako espazioak; gordailu bisitagarriak, punta-puntako teknologiaz hornituak; eta ezagutza zentro bat. Nabarmentzekoa izango da euskararen presentzia, zeina barreiatuko baita haritzaren enborraren izerdia bezala, kide izatearen harrotasunaren mezua proiektatzeko, gainerako elementuekin batera.

Ingurune hurbil nahiz urrunarekin loturik egongo da une oro, bereziki euskal diaspora gogoan, eta, ildo horretatik, jarraipena emango zaie dagoeneko martxan diren zenbait jarduerari, hala nola hezkuntza eta digitalizazio programa zabala; emaileekiko lankidetzan sakontzea, funtsak osatzeko; kulturarekin loturiko ekitaldi gehiago antolatzea; komunikazio digitala sendotzea; eta beste erakunde batzuekin lankidetza proiektuak gauzatzea. Hain zuzen ere, esparru berekoekin (San Telmo, Baiona, Boise), lurralde berekoekin (Bizkaiko Museoak) nahiz Europan proiekzioa dutenekin.

Proiektu hau datozen urteetan burura eramatea da konpromisoa, euskal kulturaren alderdi material eta immateriala gordetzen jarraitzeko eta balio publikoa erakartzeko traktore izateko. Alderdi horretatik, hurrengo urratsak izango dira altzari eta hornidura teknikoak instalatzen jarraitzea eta bilduma Euskal Museotik kanpo gordailura lekualdatzea, baita birmoldaketa integraleko proiektu arkitektoniko eta museografikoa idaztea ere.

Urrats horiek eginda, hurbilago egongo gara etorkizunerako nahi dugun Euskal Museo berri nazioartekoago eta herritarrei atxikiagotik.


Argazkiak


Bideoak


Audioak