2020(e)ko otsailaren 07(a) 11:44

Aldundiak 3.024 laguneko muga jartzen du egunero Gaztelugatxen sartzeko, ingurunea babestu eta segurtasuna bermatze aldera

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Martxoaren 14tik aurrera, biotopo babestu horretara sartzeko, ezinbestekoa izango da plaza erreserbatzea, Foru Erakundeak 2018ko udan abian jarri zuen ticketing plataforma digitalaren bidez. Igarotze-murrizketa bisitari-kopururik handiena dagoen aldietan aplikatuko da; murrizketa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzako teknikariek egin duten azterlan baten ondoren ezarri da, espazio publikoetako segurtasunaren arloko araudia erreferentziatzat harturik. Uhartera, gehienez, 340 pertsona sartu ahal izango dira, eta kopuru hori baselizara sartzeko eskaileren oinetan dagoen gailu baten bidez kontrolatuko da. Datorren astean bukatuko dira BI-3101 errepidearen elkarguneko lanak eta autobus-geltoki berri bat sortzeko obrak; lan horien helburua da eremu horretan trafikoaren eta oinezkoen segurtasuna hobetzea. BI-3101 errepideko bazterbideak blokeoaren kontrako markekin pintatuko dira, eta seinale gehiago jarriko dira errepide horren ertzetan aparkatzea debekatzeko.

Elena Unzueta eta Imanol Pradales

Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapausoak ematen jarraitzen du Gaztelugatxeko turismo-erabilera eta biotopo babestu honen zaintza bateragarri egite aldera, halako moldez non biotopo horretarako sarbidea mugatzea erabaki baitu, gehienez ere 3.024 lagun jarriz egunean, eremu horren babesa bermatzeko. Hala, martxoaren 14tik aurrera, Gaztelugatxera sartzeko Foru Erakundeak 2018ko udan egokitutako ticketing plataforma digitalaren bidez erreserbatu beharko da plaza, nahiz eta erreserba horiek doakoak izaten jarraituko duten.

Gaztelugatxera sartzea murrizteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzako teknikariek egin duten azterlan bat hartu da oinarritzat, espazio publikoetako segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudia erreferentziatzat hartuta. Gaztelugatxeko uhartetxoaren ezaugarriak eta araudi horretan jasotako parametroak kontuan harturik, proposamen bat egin da, eta proposamen hori izango da praktikan jarriko dena. Proposamen hori egiteko, Gaztelugatxera hurbiltzen diren pertsonek egiten duten ibilbiderik ohikoena hartu da kontuan (Urizarretatik sartu eta Ermutik irten); horri dagokionez, ibilbide bakoitzeko hiru denbora desberdin kalkulatu dira (90, 105 eta 120 minutu), eta bi kasu planteatu dira: bata, 15 minuturo pertsona talde bati sartzen uztea, eta, bestea, sartzeko epea 20 minutukoa izatea. Kontuan hartu da, halaber, irlatxoa punturik txarrenean ebakuatzeko kapazitatea, eta, aldagai horiek guztiak aztertu ondorik, azkenean teknikariek proposatzen dute 84 bisitari sartzea, hamabost minuturo, sarbideen kontrola egiten den eguneko bederatzi orduetan, egunean gehienez 3.024 bisitari sartzeko eta uhartetxoaren gehieneko lagun-edukiera 340 pertsonara mugatzeko. Horiek dira, hain zuzen ere, hemendik aurrera babestutako kokagune honetan aplikatuko diren edukiera-mugak.

Muga horrekin Gaztelugatxeko ingurumenaren arloko aberastasuna babestea lortu nahi dugu eta, aldi berean, babestuta dagoen enklabe hau bisitatzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea, azpimarratu du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko udan gaitu zuen ticketing plataforma digitalaren bidez arautuko da pertsona-kopurua. Ezinbestekoa izango da online tiket bat izatea Gaztelugatxen sartzeko, toki horretara jenderik gehien joaten den garaietan, hots, Foru Aldundiak sarbideak kontrolatzeko sistema bat jartzen duen aldietan: martxoko zubian (San Jose), martxoaren 14tik ekainaren 14ra arteko asteburuetan, egunero Aste Santuan zehar, maiatzaren 1ean, egunero ekainaren 15etik irailaren 20ra arte, iraileko eta urriko asteburuetan eta urriko zubian (Pilar) eta abenduko zubietan (Konstituzioarena eta Sortzez Garbiarena).

Sarbideen kontrol hori ohiko lekuetan (Urizarretatik eta Ermutik enklabera sartzeko bi guneetan) eta eskaileretara sartzeko plataforman egingo da. Bertan, edukiera-neurgailu elektroniko bat jarri da, bisitari-fluxua zuzentzearen ardura duten langileek egiaztatu ahal izan dezaten inoiz ez dela gainditzen baselizaren zabalgunean eta eskaileretan bertan dauden pertsonen gehieneko kopurua.

BI-3101 errepidean segurtasuna hobetzea

Imanol Pradales Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren foru diputatuak jakinarazi duenez, Foru Aldundia lanean ari da inguru horretako pertsonen eta zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko. Hain zuzen, datorren astean amaituko dira BI-3101 errepidearen eta errepide zaharraren arteko elkarguneko obrak, bai eta autobus-geltoki seguruagoa sortzeko lanak ere.

Gurutzagunea Bakio-Bermeo errepidearen bihurgune batean dago, eta aparkaleku-eremurako sarbidea ematen du. Eremu horretan sartzeko, Bakiotik datozen ibilgailuek ezkerrerantz biratze arriskutsua egin behar dute, Bermeorantz irteten eta abiatzen diren ibilgailuek bezalaxe. Bi maniobra horiek erraztu eta arriskuak gutxitze aldera, erdiko errei bat sortu da aparkalekuetara ateratzeko eta BI-3101 errepidera sartzeko, Bermeorako norabidean.

Heldu diren egunotan, eta betiere eguraldiaren arabera, obren jarduketa-eremua asfaltatu eta pintatu egingo da. Halaber, obrok Bakio-Bermeo errepide zaharraren lehen metroak hartzen dituzte (gaur egun trafikoari itxita dago bide-tarte hori), eta bertan markesinadun autobus-geltoki berria sortu da. Horrela, Gaztelugatxera autobusez joaten diren pertsonak orain arte baino eremu seguruago batean sartu eta irten ahal izango dira autobusetara. Geltoki eta biotopoaren sarreraren artean ere espaloiak eraiki ditu Foru Aldundiak, errepidean oinez ibiltzea saiheste aldera.

Beste alde batetik, autobusen maniobrak errazteko, biraketa-plataforma bat eraiki da ibilgailu horientzat, hau da, biribilgune bat, bidaiariak utzi edo hartu ondorik errepidera berriro sartzeko aukera ematen duena. Errepideko jarduketa horietarako 493.000 euroko inbertsioa egin behar izan da, eta helburua da trafikoaren segurtasuna hobetzea eta Gaztelugatxerako joan-etorrietarako garraio kolektiboa erabiltzea erraztea.

Bazterbideetan aparkatzeko debekua

Jarduketa horiek guztiak amaitu ondorik, Pradalesek iragarri du datozen asteetan beste jarduketa bat gauzatuko dela errepideetako bazterbideetan aparkatzeko debekua indartzeko, Gaztelugatxera jenderik gehien joaten den egunetan ohikoa izaten baita ibilgailuak bide-ertzetan aparkatzea. Debekaturik egon arren, BI-3101 errepideko bazterbideetan aparkatutako 200 ibilgailu baino gehiago zenbatu dira, horrek bide-segurtasunerako dakarren arriskuarekin. Horrela, 500 metroko bide-tarte batean, bazterbideak M-7.9 blokeoaren aurkako markekin margotuko dira (aparkatzeko debekua adierazten duten sigi-sagazko marra horiak) eta 100 metrotik behin R-307 seinale bertikalak jarriko dira (gelditzeko eta aparkatzeko debekua adierazten duten seinaleak). Jarduketa hori Aste Santuko oporraldia baino lehen egingo da, eta 7.000 euroko aurrekontua izango du.

Neurri horiek guztiak bide segurtasuna hobetzera, arautu gabeko aparkalekuak kentzera eta Gaztelugatxerako joan-etorrietarako garraio kolektiboaren erabilera sustatzera bideraturik daudela azpimarratu du Imanol Pradalesek. Era berean, eta helburu horrekin, Bermeoren eta Bakioren arteko garraioa ere indartuko du Foru Aldundiak. Hori dela eta, Pradalesek iragarri du Urizarreta aldean aparkaleku berri bat eraikitzeko baldintza izango dela neurri multzo hori eraginkorra izatea jendetza gehien biltzen den aldietan.

Bermeo-Matxitxako oinezkoen pasealekua

Bizkaiko Foru Aldundia, aurtengo azken hiruhilekoan, Bakiotik abiatu eta Bermeora iristen den oinezkoentzako bidexka bat gaitzen has liteke, lehendik dagoen bidezidor bat aprobetxatuz. Enklabearen erakargarritasun turistiko berri horrek gutxi gorabehera 7,5 kilometroko luzera izango du, eta honako ibilbidea edukiko du: Bermeo (Udal Kiroldegiaren ondoko aparkalekutik), Matxitxakoko Itsasargi Zaharra, Lurgorriko askaldegia eta Gaztelugatxeko San Juan baseliza.

Oinezkoentzako bide horrek gutxienez 1,50 metroko zabalera izango du trazadura osoan, nahiz eta puntu batzuetan handiagoa izango den.

Trazaduraren zati batean, Bermeoko hiri-eremuaren barruan dagoen zatian, lehendik dagoen espaloia aprobetxatuko da, eta landa-eremuan, trazaduraren zatirik handiena igarotzen den guneetan, baso-pista bat egokituko da, sasiak kenduz, sestra zuzenduz, drainatze-lanak eginez eta, behar izanez gero, eremuko agregakinekin gotortuz, bidea ingurunean integratzea lortze aldera.

Ibilbidearen zati batean Madariaga erreka gainditu behar denez, Aldundiko teknikariak 50 metro inguruko luzera duen pasabide bat diseinatzen ari dira, paisaiari ahalik eta gehien egokituko zaiona, bai eraikiko diren materialak aukeratzerakoan, bai azken estetikari dagokionez.

Oinezkoentzako bide hori sortzeko lanen barruan sartzen da, halaber, Erleko punta begiratokia egokitzea, mugatzen dituen hormigoizko horma eraitsiz eta egurrezko baranda batekin ordezkatuz, bai eta altzariak eta seinaleak berritzea ere.

Pasealeku hori sortzeko aurrekontua 1.200.000 eurokoa izango da, eta 2022. urtearen amaieran amaituta egongo dela aurreikusten da.

Ermuko sarbidea hobetzeko lanak

Hil honen amaieran bukatuko dira Ermutik Gaztelugatxera sartzeko azken kilometroa egokitzeko eta naturalizatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak egiten diharduen lanak. Joan den irailean hasi ziren obrak, Ermuren eta baselizara igotzen diren eskaileren arteko bidearen zatia zeharo hondaturik zegoelako, oso eremu ezegonkorrean zegoelako eta mendi-hegalean irristadurak izateko arriskua zuelako.

Bide hori oso irregularra zen, eta bide-zoru mota desberdineko bide-zatiak zituen, azken urteetan egin diren konponketa partzialen ondorioz. Egindako lanekin, lehendik zegoen zoru hori kendu egin da, eta agregakin lodien eta lur naturalaren nahasketa homogeneoa duen zorua jarri da haren ordez. Hormigoizko areka ere kendu egin da, lubetak egonkortu dira eta bidearen zabalgunea erregularizatu, nibelatu eta birpasatu da, malda zuzentze aldera; aldi berean, drainatze-sistemak hobetu dira.

Horrela, bidearen estetika eta funtzionaltasuna hobetu dira, eta bidea ingurunean integratzen lagundu da. Gainera, segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaini zaie gune horretara hurbiltzen diren pertsonei, bai eta biotopo babestu hori zaintzen duten langileen ibilgailuei eta mantentze- eta larrialdi-zerbitzuei ere.

Lan horietan, larrialdietako helikopteroa lurreratzeko gune gisa balio dezakeen espazio bat ere egokitu da.

Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideak egokitu eta hobetzeko hurrengo urratsa Urizarretaren eta Ermuren arteko bide-zatia birmoldatzea izango da. Asfalto-geruza kenduko da, bidearen sestra berdinduko da, drainatze-lanak egingo dira eta zonan induskatutako agregakinekin gotortuko da, Lurgorriren eta Ermuren arteko zatian egin den bezala.

1.065 metroko luzera duen bide-tarte horretan, obrak hilabete barru hasiko dira. Eta lanok amaitutakoan, guztira 3,12 kilometroko bidea birmoldaturik egongo da Gaztelugatxeko sarbideko gune horretan.

727.995 bisita 2019an

Proiektu horiek guztiek Gaztelugatxek jasotzen duen bisitari-kopuruaren hazkunde progresiboari erantzuten diote; izan ere, 727.995 pertsona igaro ziren 2019. urtean, hau da, aurreko urtean baino 143.705 bisitari gehiago.

Bisita horietako gehienak (% 52,82) udako hilabeteetan izaten dira. Izan ere, abuztua (154.794 pertsona) eta uztaila (95.150 pertsona) dira bisitari gehien izan dituzten hilabeteak (bisitari guztien % 34,33). Atzetik daude apirila (77.842 lagun) eta iraila (72.869 lagun).

Aste Santuan 59.255 pertsona joan ziren Gaztelugatxera, hau da, guztirako bisitari-kopuruaren % 8,14. Aldi horretan, Larunbat Santuan eta Ostiral Santuan izan ziren bisitari gehien: 8.665 eta 8.322 bisitari, hurrenez hurren.

Pertsona horien jatorriari dagokionez, Estatuko beste leku batzuetatik iristen dira gehienak: guztirako bisitari-kopuruaren % 46,31 dira. Eta nabarmentzekoak dira, kopuruan, Kataluniatik, Gaztela Leondik eta Valentziako Erkidegotik iristen diren pertsonak. Andaluziatik eta Nafarroatik ere bisitari-kopuru garrantzitsua etortzen da.

Beste % 29,57 atzerritik iritsitako pertsonak dira. Eta Gaztelugatxek 80 herrialde baino gehiagotako pertsonen bisitak jaso baditu ere, horietako hamarretik dator % 70, gutxi gorabehera. Frantzia, Italia, Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak eta Erresuma Batua dira presentziarik handiena duten herrialdeen zerrendaburuak.

EAE barruko bisitei dagokienez, bisita guztien % 24,12 dira, eta horien artean gehiengoa dira Bizkaian (% 63,93) eta Gipuzkoan (% 22,51) bizi direnak.

Egunera arte egin diren inbertsioak

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxen jarduteko konpromisoa bere gain hartu zuenetik, haren erabilera turistikoa eta biotopo horren ingurumen-babesa bateragarri egiteko hainbat ekimenetan 6.738.654 euro inbertitu du 2017tik eta orain arte.

Zehazki, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak 4.638.654 milioi euroko inbertsioak egin ditu, eta zonaldea kudeatzeko lanen artean banatzen dira: ticketing plataforma digitalaren kudeaketa, sarbideen kontrola, seinaleak jartzea, mantentze-lanak egitea (itxiturak, sasiak kentzea, konponketak...) eta bideak naturalizatzea, alde batetik, eta konplexutasun handiagoko lanak, bestetik, esate baterako, Urizarreta aldetik Gaztelugatxera sartzeko bide osoa berregokitzea, baselizaren inguruko espaloia konpontzea edota uhartetxora sartzeko eskailerak birgaitzea

Gainerako inbertsioak Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak ingurune horretan egindako lanei dagozkie.


Argazkiak


Bideoak


Audioak