2020(e)ko otsailaren 06(a) 10:36

Foru Aldundiak Alonsotegira aldatuko du udalerria zeharkatzen duen errepidearen titulartasuna

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako Sailak 150.000 euro inguru inbertitu ditu zeharbideko trafikoa arintzeko neurrietan. Tarte horrek 580 metroko luzera dauka, eta gaurtik aurrera Alonsotegiko Udalaren jabetzakoa da.

Imanol Pradales eta Joseba Urbieta

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak eta Joseba Urbieta Alonsotegiko alkateak herriko hirigunetik igarotzen den BI-3651 errepidearen zatia entregatzeko akta sinatu dute gaur eguerdian. Zati hori udalaren titulartasunekoa izango da. Titulartasun-aldaketa hori bi administrazioek sinatu duten hitzarmenaren ondorioa da. Hitzarmen horren bidez, Foru Aldundiak 150.000 euro inbertituko ditu zeharbidean trafikoa baretze aldera, halako moldez no zeharbide hori herriko bizilagunentzat seguruagoa eta ibiltzeko errazagoa izango baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak lagatako zatiak 580 metroko luzera du, BI-3651 errepideko 8+240 eta 8+820 KPen artean, Bilbotik Reinosara doan BI-636 errepide zaharraren artean, eta gaur egun tokiko sareko errepide gisa dago sailkatuta. Alonsotegiko Udalak bere gain hartu du tarte horren titulartasuna, bideak udalez gaindiko trafikoaren ardatz gisa duen funtzionaltasuna errespetatzeko konpromisoarekin.

Titulartasuna laga ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak trafikoa baretzeko jarduketak gauzatu ditu, hau da, lehendik zeuden oinezkoen bi pasabide goratu ditu, horietako batean semaforo bat jarri du, eta oinezkoen pasabide goratu berri bat egin du. Era berean, Lasaoko autobus-geltokiaren erdian zegoen oinezkoentzako pasabide bat kendu da, geraleku horretan erabilgarri dagoen luzera handitze aldera.

Galtzadaren zorua ere hobetu egin da, zorua saneatuz eta zeharkaldi osoa asfaltatuz. Seinaleztapenari dagokionez, bide-markako 2.100 metro lineal eta 170 metro karratu ikur eta zebra-bide margotu dira, eta hamabost seinale berri jarri dira oinezkoen pasabide goratuei eta semaforizazioari loturik, gehienezko abiadura 50 km/h-tik 30 km/h-ra murriztuz.

Alonsotegiko zeharbidean trafikoa baretzera bideraturik dauden jarduketa horiez gain, Aldundiak espaloi berri bat eraiki du Lasao auzoan, eta lehendik zegoena egokitu du, pertsona itsuentzako baldosa podotaktil eta gidatua jarriz.

Obra horiek 148.868 euroko aurrekontua izan dute, eta bi hilabeteko iraupena izan dute; 2019ko abenduaren 5ean hasi eta 2020ko otsailaren 5ean amaituko dira.


Argazkiak


Audioak