2020(e)ko otsailaren 04(a) 13:00

Bizkaibusek % 4,36 erabiltzaile gehiagorekin eta 7,7 puntuko balorazioarekin itxi du 2019. urtea

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

- Guztira, 29.263.046 bidaia egin dira, zifra errekorra. - Erabiltzaileek emandako asebetetze-maila 7,7 puntura arte igo da. - Aireportura doan Bizkaibus linea da Zerbitzuan gehien erabiltzen diren lineen sailkapeneko lehenengoa.

Miguel Ángel Gómez Viar

Bizkaibusek igoera handiekin itxi du 2019. urtea, egindako bidaia kopuruari zein Zerbitzuaren asebetetze-indizeei dagokienez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatuak zehaztu duenaren arabera.

Guztira, 29.263.046 bidaia egin dira, orain arte lortu den zifrarik altuena. Aurreko urtekoaren aldean, erabiltzaileen kopurua % 4,35 handitu da. Era berean, hobetu egin da Iritzi indize orokorra, 7,4tik 7,7ra igaroz (10 puntutik).

Igoerarik handiena Aireportura doan Bizkaibus A3247 linean eman da, 1.069.080 bidaiarekin; 2018an baino 154.020 bidaia gehiago. Igoera hori dela eta, Bizkaibusen gehien erabiltzen diren lineen sailkapeneko lehenengoa izatera igaro da.

Orotara, eskuraturiko datuak egindako lanaren berme dira eta datu horiek herritarren mugikortasunaren eskaera eta beharrizan zehatzetara etengabe egokitzen den garraio publiko bat finkatzen ari dela erakusten digute; geltoki, ibilbide edota ordutegi berriak txertatzearen bidez, adierazi du.

Agerraldian zehar, Gómez Viarrek Bizkaibusek 2019an egindako kilometro-kopuruaren igoera azpimarratu du, % 0,98koa. Datu hori igotzen doa etengabe azken urteotan, eta horrek, kilometro-kopuru gehien egiten dituen Bizkaiko operadore gisa kokatzen gaitu, Bizkaiko gizarte- eta lurralde-kohesioan modu erabakigarrian lagunduz.

Erabiltzaileen % 86ak Bizkaibus Zerbitzuarekin asebeteta dagoela adierazi du.

Zerbitzuaren 2019ko asebetetze-indizeei dagokienez, Garraioen titularrak azpimarratu duenaren arabera, "Sailak urtero egiten duen inkestatik ateratzen den lehenengo gogoeta da Bizkaibus erabiltzaileek oso ondo baloratzen duten zerbitzu bat dela". Horien % 86 "oso pozik" edo "nahiko pozik" agertu dira zerbitzuarekin.

"Oso pozik" daudenen datua % 19 izatetik (2018an) % 25 izatera (2019) igaro da; "pixka bat pozik" daudenena, berriz, jaitsi egin da: % 18tik % 12ra.

Asebetetze-maila orokorraren hiru hamarreneko igoera —7,4tik 7,7ra— bost esparru nagusitako 30 faktore baloratu ostean eskuratu da: ibilgailuak, zerbitzua, langileak, geltokiak eta ekonomia (txartelak). Horien guztien ordu-erdiari esker eskuratu da datu hori, aldi berean, Bizkaibusek bere historian eskuratu duen daturik altuena dena. Aztertu diren 30 faktoretako batek ere ez du atzerakadarik izan, eta horrek Bizkaibusek emandako zerbitzuaren sendotasuna eta trinkotasuna erakusten du.

Eta beste ondorio garrantzitsu bat da autobus-zerbitzua modu intentsiboan erabiltzen dutenen % 71k ez dutela beste garraiobide bat erabiltzeko beharrik beren helmugara iristeko, Bizkaibusekin iristen dira zuzenean. Gainerako % 28ak beste garraiobide bat erabili behar du bere helmugara iristeko, aukera nagusia Metroa da, % 53.

Erabiltzaileen % 54ak bidaia egiteko beste hautabide bat (metroa edo ibilgailu partikularra) dutela diote, baina hala ere, Bizkaibus aukeratzen dute, nabarmendu du diputatuak. Aukeraketa hori egiteko arrazoi nagusiak gertutasun geografikoa (% 41) eta ibilgailuaren erosotasuna (% 35) dira. Prezioa ere oso garrantzitsua da, batez ere, ibilgailu pribatuaren erabilerarekin alderatzen bada.

Irteera- eta helmuga-tokien gertutasuna da arrazoi nagusia Bizkaibus erabiltzeko, eta ez beste garraiobide batzuk, eta hori da lehiarekiko abantaila nagusia beste garraiobide batzuen aurrean.

Eskaeren arabera gelditzeko zerbitzuak puntuaziorik altuena lortu du azterturiko faktore guztien artean.

Azkenik, Gómez Viarrek azken urteetan ezarri diren eta herritarren artean erantzun ona izan duten "beste ekimen batzuk" aipatu ditu. Bizilekua edo egoera pertsonala gorabehera kolektibo guztiei arreta eskaintzen dien garraio publiko irisgarri, iraunkor eta ingurumenarekin errespetutsua bermatzera bideratutako neurriak, adierazi du.

Zehazki, Bizkaibusen flotan ibilgailu hibridoak eta elektrikoak modu progresiboan txertatzeko neurria —8,9 puntuko balorazioa jaso duena—, zerbitzuaren markesina berriak jartzea —elkarrizketaturiko lau pertsonatik batek ezagutzen ditu, orain arte modelo berriko 17 bakarrik instalatu diren arren eta eskaeren arabera gelditzeko zerbitzua.

Azken zerbitzu horrek azterturiko faktore guztien puntuaziorik altuena —9,6— eskuratu du eta 22:30etik eta 6:30era bitartean Bizkaibusen bakarrik bidaiatzen duten emakumeek 519 aldiz baliatu izan dute urtebetean zerbitzu hori eta segurtasun-arrazoiak direla eta, beren etxetik edo lantokitik gertuago geratzen den tarteko geldialdi bat egiteko eskatu diote gidariari.

Zentzu horretan, Gómez Viarrek gogorarazi du Bizkaibusen erabiltzaile gehienak emakumeak direla: emakumeak % 65 dira eta gizonak % 35. Hori dela eta, bereziki sentiberak izan behar gara genero-ikuspegiarekin, garraio publikoak burutzen ditugun ekimen guztietan.

«Bizkaibusen Kalitateari buruzko Azterlana 2019» kontsultatzeko esteka: https://web.bizkaia.eus/es/web/bizkaibus/sobre-bizkaibus?zx=jsg2u53gy5cr


Argazkiak