2020(e)ko urtarrilaren 28(a) 09:59

Bizkaiko Ogasuna berrantolatu egin da Batuz eta errenta berria ezartzeko lanei ekiteko

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetza berria sortuta, Ogasuneko Zuzendaritzak behar duen egitura izango du kudeaketa, ikuskapena eta zerga-bilketa koordinatzeko, eta, hala, minimizatu egingo dira iruzurrerako arriskuak eta hobetu egingo da zergadunari emandako laguntza.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak aldatu egin du Ogasuneko Zuzendaritzaren egitura, legegintzaldi honetako bi proiektu handiak lantzeko: Batuz eta errenta berria. Proiektu bien oinarria da tributu-administrazioa modernizatzea eta digitalizatzea, zergadunei ematen zaien zerbitzua hobetzeko eta zerga-iruzurrerako arriskua minimizatzeko. Biak egongo dira erabat ezarrita 2021ean. 

Proiektu biek behar dute garapen informatiko berriak inplementatzea zergen arloan garrantzia duen informazioa kudeatzeko, eta, horretarako, Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetza berria sortu da, orain arte Ikuskapen Jardueren Zerbitzuko buru izan den Mª Carmen García Pinedoren ardurapean. Zuzendariordetza honek hiru zeregin nagusi izango ditu: 

  • Zergak kudeatzeko, Bizkaiko Ogasunak hirugarren batzuengatik jasotzen duen informazioaren tratamendua egitea eta tributu-zerbitzuen eskura jartzea. 
  • Batuz eta errentaren eredu berria inplementatzeko, Ogasuneko Zuzendaritzaren eremu guztietan behar diren garapen informatikoak kudeatzea. 
  • Datuen eskala handiko analisirako tekniketan oinarritutako aukera informatiko espezifikoak garatu eta kudeatzea, zerga-iruzurraren kontrako borrokan aplikatzeko. 

Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetza hau Ogasunean jada dauden besteekin koordinatuko da, hau da, Zergak Kudeatzeko, Ikuskapenerako, Zerga-bilketarako eta Koordinaziorako eta Laguntza Teknikorako zuzendariordetzekin, eta haietatik datozen langileek osatuko dute. Hala, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak dituen 795 lanpostuak honela banatuko dira:  442, Zergak Kudeatzeko Zuzendariordetzan; 141, Ikuskapenerako Zuzendariordetzan; 128, Zerga-bilketarako Zuzendariordetzan; 14, Koordinaziorako eta Laguntza Teknikorako Zuzendariordetzan, eta 68, Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetza berrian. 

Berregituraketa honen bidez, erantzuna ematen zaie Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiari eragiten dioten beharrizan eta eginkizun transbertsalei; izan ere, orain arte, modu segmentatuan edo partikularrean bete dira, zeuden zuzendariordetza, zerbitzu, atal edo unitateetan. 

Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetzak atxikita izango ditu zerbitzu hauek: Zentsuak Kontrolatzeko eta Informazioa Kudeatzeko Zerbitzua, Koordinaziorako eta Barne Kontrolerako Zerbitzua eta Arriskuak Analizatzeko eta Zerga Iruzurraren Aurkako Borroka Koordinatzeko Zerbitzu berria. Zuzendariordetza honen ardura izango da iruzurraren aurkako urteko plana egitea, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiko gainerako zuzendariordetzekin koordinatuta.  

Halaber, tributuei buruzko datuak zentralizatu egingo direnez, zerga bakoitzari lotutako informazioa sisteman kargatu ondoren, ikuspegi orokor batekin aztertu eta tratatuko da, eta ez zerga bakoitzaz arduratzen den zerbitzuaren ikuspuntu hertsiarekin. Hala, dauden ahulak detektatu ahal izango dira, eta datu garrantzitsuak modu transbertsalean aztertuko dira.  

Halaber, dauden informazio-iturri guztien erabilera optimizatu ahal izango dira, zergadunei PFEZ, BEZ eta sozietateen gaineko zergaren aitorpenen zirriborro ahalik eta osatuenak eskaini ahal izateko. Horrela, zergadunei betebeharrak betetzen laguntzeko ematen zaien zerbitzua lehen mailakoa izango da, herri aurreratuenetan bezala; gainera, zerbitzu aitzindaria izango da, gure ingurukoak baino osatuagoa. 

Zuzendariordetza berri hau sortzeak aukera emango du informazioa aztertzeko tresna berriak diseinatu eta garatzeko zergadunen portaera aztertu dadin; baina azterketa hori ez da modu indibidualean egingo, modu kolektiboan baizik, kontuan hartuta zergadunak zer sektoretakoak diren, zer eremu geografikotakoak diren, edo zer harreman zibil edo zer merkataritza-harreman dituzten. Horrez gainera, aukera emango du barne-prozedurak eta tresnak garatzeko eginiko jarduketak eta haien emaitzak ezagutu, kuantifikatu eta ebaluatu daitezen; hala hobeto planifikatu ahal izango dira etorkizuneko jarduketak. 

Zergak Zergadunaren Profilaren arabera Kudeatzeko Zerbitzu berria

Ogasuneko Zuzendaritzaren berregituraketan nabarmendu behar den beste aldaketa bat da Zergak Kudeatzeko Zuzendariordetzan egindakoa, non Zergak Zergadunaren Profilaren arabera Kudeatzeko Zerbitzu berria sortu den. Helburua da zergapekoen tratamendu integrala egitea, hau da, zerga bakoitzaren ikuspuntutik tratatu beharrean, sektoreka aztertuko dira zergadun-tipologiak. Zerbitzu berri honek, beraz, jarraipena ematen dio Jarduera Enpresarialen eta Profesionalen Egiaztapenerako eta Informaziorako Atala, Aurrez Aurreko Egiaztapenen Unitatea eta Zergadun Handien Tributu Kontrolerako Unitatea sortu zirenean hasitako bideari.

Halaber, berrantolatu egin da Zerga-bilketako Zerbitzua, eta Zerga-bilketa Exekutiborako Zerbitzua sortu da. Haren eginkizun nagusia izango da premiamendu-prozeduraren bidezko zor-bilketa egitea (enbargoak, enkanteak, premiamendua, errekurtsoak, eteteak). Zerga-bilketako Prozedura Berezien Zerbitzua zerga-bilketako gainerako prozedurez arduratuko da: geroratzeak, konkurtsoak edo erantzukizun-deribazioak. Horrela, hobeto kontrolatuko dira prozedura horiek, pertsonalaren kudeaketa eraginkorragoa izango da eta herritarrei zerbitzu hobea emango zaie gerorapen-espedienteetan.

Berregituraketa honen ondorioz, honela antolatuko dira Ogasun Saileko zuzendaritzak eta zuzendariordetzak: 

Foru-diputatua. José María Iruarrizaga Artaraz 

  • Ogasuneko Zuzendaritza Nagusia. Iñaki Alonso.
    • Zergak Kudeatzeko Zuzendariordetza. Olatz Basarte. 
    • Ikuskapenerako Zuzendariordetza. Antonio Pérez. 
    • Zerga-bilketarako Zuzendariordetza. Iñigo Ormaetxea. 
    • Koordinaziorako eta Laguntza Teknikorako Zuzendariordetza. Juan Sebastián Sanz. 
    • Informazioaren eta Sistemen Zuzendariordetza. Mª Carmen García. 
  • Finantza, Aurrekontu eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia. Aitor Cobo.
    • Aurrekontuetarako eta Ekonomia Kontrolerako Zuzendariordetza. Aitor Salsidua. 
  • Katastroaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusia. Maite Asensio. 
  • Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa. Félix Ayarza.
    • FAEAko presidenteordetza. Ignacio Andia. 
  • Idazkaritza Orokor Teknikoa. José Gabriel Rubí.