2020(e)ko urtarrilaren 27(a) 11:10

Enkarterri suspertzeko planari esker enplegua, komunikazioak eta enpresen lehiakortasuna hobetu dira

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta udalek eskualdearen lehiakortasuna sustatzeko 2018az geroztik garatutako neurrien emaitzak ebaluatu dituzte

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko batzarra

Enkarterri suspertzeko planari esker hobekuntza handiak izan dira bai eskualdean, bai bertako enpresetan, eta, orain, hazten jarraitzeko tresna gehiago izango dituzte, bai eta azpiegitura eta zerbitzu hobeak eta prestakuntza eta ekintzailetza programak ere, eta enpresak finkatzekoak eta erakartzekoak ere bai. Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, izan da buru 2018az geroztik garatutako jarduketen emaitzak ebaluatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta eskualdeko udaletako ordezkarien artean egin den bileran.

Bileran, halaber, suspertze-planarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, eta, horretarako, dagoeneko martxan dagoen Eskualdeko Plan Estrategiko bat prestatu dute Enkarterrirentzat, zeinak horizontea 2030. urtean izango duen, urrunago, alegia. Ikuspegi integral bat eskainiko du eta eskualdearen eraldaketa eta suspertzea lortu nahi ditu, Enkarterriko bizi-kalitatea hobetzeko eta garapen jasangarria errazteko asmoz.

Enplegu eta lehiakortasun gehiago

Nahiz eta oraindik lan asko dagoen egiteko, enpleguaren egoera hobetu egin da: 2019ko abenduan 2017ko aldi berean baino 298 pertsona gutxiago zeuden langabezian. Horrek esan nahi du langabeziak % 12,77 egin duela behera. Jaitsiera-erritmo hori Bizkaia osoan egondako beherakada (% 10,67) baino handiagoa izan da.

Enpresaren esparruari dagokionez, suspertze-planak ehuna sendotu eta enplegu berriak sortu ditu. Hala, zazpi enpresak Indartu programaren babesa jaso dute, guztira, 12,5 milioiko inbertsioa egiteko eta 62 lanpostu sortzeko. Aldi honetan, gainera, kanpoko bi enpresa Enkarterrira erakartzea lortu dugu; horrez gain, hirugarren enpresa bat bere instalazioak handitzen ari da Alonsotegiko udal-mugartearen baitan. Sektore industrialeko eta horri lotutako zerbitzuen sektoreko 42 enpresa txiki eta ertainek babes berezia jasotzen jarraitzen dute, euren lehiakortasuna hobetzeko asmoarekin eraldaketa proiektuak gauzatu ditzaten. Bederatzi enpresa txikik Seed Capital foru-sozietateak Enkarterrirentzat sortutako mikrofinantzaketa programaren onurak jaso dituzte; bestalde, 44 enpresak 57 proiektu aurkeztu dituzte laguntza-programetan parte hartzeko.

Suspertze-planak, halaber, dinamika eta programa espezifikoak sortzeko balio izan du: ibilgailuak konpontzeko 35 tailerrek (86 enplegu) mugikortasun elektrikoari buruzko proiektu berritzaile batean parte hartu dute Sopuertako San Viator lanbide-heziketako ikastetxearen eta Mondragon Unibertsitatearen eskutik; 30 saltokik eskualdeko saltokiak sustatzeko "Retail Coaching" programan parte hartu dute, eta 40 gaztek lan- eta ekintzailetza-aukerei buruzko Bizkaia Dreams Lab ekimenean parte hartu dute. Gainera, 25 emakume enpresaburuk eta ekintzailek osatutako lantalde espezifiko bat sortu da, esperientziak eta beharrizanak partekatu ditzaten.

Hobeto konektatuta dagoen eskualde bat

Konektibitateari dagokionez, BI-630 errepidearen eta Bizkaibus zerbitzuen hobekuntza nabarmendu beharra dago, baita zuntz optikoaren ezarpena eta laster Bizkaiko Foru Aldundiak zabalduko duen arreta integrala emateko bulegoa ere; azken hori 2020ko bigarren hiruhilekoan jarriko da martxan Balmasedan.

BI-630 errepidea hobetzeko lanak Malabrigo-Traslaviña tartean hasi dira eta 6,4 milioi euroko egikaritze-aurrekontua dute. Jarduketak izango dituen bost tarteetako lehenengoa izango da, eta tarteok bata bestearen ostean egikarituko dira. La Herrera-Malabrigo tarteak lehentasuna izango du eta egikarituko den bigarren tartea izatea espero da.

2018-2019 suspertze-plana

Plan honetara bideratutako aurrekontuak gainditu egin du nabarmen hasiera batean aurreikusitako zifra eta 10,3 MM eurora iritsi da; izan ere, aldaketa handiak egin dira aurrekontuan BI-630 errepidea hobetzeko eta Enkarterriko enpresen lehiakortasuna hobetzera zuzendutako neurriak hartzeko.

Enkarterri suspertzeko plana Orkestrak (Lehiakortasunaren Euskal Institutuak) egindako diagnostiko batean oinarritu zen. Diagnostiko horren bidez, eskualde horretako ahulezien berri eman zen: biztanleria zahartua, lurraldearen batez bestekoa baino langabezia-tasa handiagoa eta merkatuaren joeretara egokitzeko zailtasunak dituen enpresa-ehuna. Diagnostikoa oinarri hartuta, hamabi jarduketa zehatz onetsi ziren, bertako enpresen lehiakortasuna hobetzeko (enplegua sortuz eta atxikiz), langabezian zeuden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta konektibitatea hobetzeko.

Suspertze-plana garatzeko ezinbestekoak izan dira erakundeen arteko lankidetza eta Enkarterriko udalerri guztietako eragile sozioekonomikoen inplikazioa. 2018an, planaren foku nagusiak enpresa industrialen ehuna eta industriari lotutako zerbitzuena indartzeko neurriak izan zituen xede, eta neurri berezi ugari hartu ziren: Indartu programa Enkarterrira zabaltzea; BEAZeko langile batzuek Enkarterri eskualderako bakarrik lan egitea; erakunde arteko lantalde egonkor bat osatzea; enpresak eraldatzeko prozesuak eta diagnostikoak garatzea… Bestalde, 2019an, enpresa industrialekin lan egiten jarraitu dugu eta jarduketa-esparrua merkataritzaren sektorera eta zenbait kolektibo espezifikoetara zabaldu da, besteak beste, emakumeak eta gazteak.


Argazkiak


Bideoak


Audioak