2020(e)ko urtarrilaren 27(a) 11:30

Bizkaiko Foru Aldundiaren museoen sareak urte osorako jardueren katalogoa aurkeztu du lehen aldiz

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

2020. urterako, kulturaren arloko 400 proposamen eta jarduera baino gehiago biltzen ditu programak. ‘Bizkaikoa’k egunero museo-sareak eskaintzen duen kultur eskaintza handia ikusarazi nahi du, eta lurraldearen kultura, historia eta nortasuna publikoaren eskura jarri.

Jardueren katalogoa aurkeztea

‘Bizkaikoa’k, Bizkaiko museoen sarea kudeatzen eta sustatzen duen sozietate publikoak, lehenengo aldiz bildu du argitalpen batean bere programazio osoa, kulturaren, historiaren eta lurraldearen nortasunaren inguruko kultura-eskaintza zabala eta askotarikoa herritar guztiei erakuste aldera.  

Lehenengo edizio honetan, katalogoak, 2020. urteari doakionez, aldi baterako  erakusketa, tailer, bisita gidatu, hitzaldi eta mintegi edo zinema-zikloak biltzen ditu, kulturaren alorreko beste proposamen askoren artean. Proposamen horiek egunero eskaintzen dira Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen museo-sarea osatzen duten sei museoetan, erakusketa-aretoetan eta ondare-espazioetan. Argitalpena doan dago eskuragarri sareko museo eta areto guztietan, Foru Liburutegian eta Bizkaiko turismo bulegoetan. Webgune honetan ere deskarga daiteke: www.bizkaikoa.bizkaia.eus.

Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuak aurtengo ekintzen egitaraua aurkeztu du gaur goizean Bizkaiko Arkeologia Museoan. Hala, azaldu duenez, museo, areto eta kultura-ondareko gune bakoitzak askotariko eduki tematikoak eskaintzen ditu, Bizkaiko historia, kultura eta ondarea ezagutzeko aukera ematen dutenak, Bizkaiko nortasun-ezaugarriak osatzen dituzten bilduma iraunkorren eta aldi baterako erakusketen bitartez.

Egitarau honetan, aldi baterako erakusketa sorta zabala biltzen da, eta erakusketa horietatik 12 lehenengo aldiz aurkezten dira. Bisita gidatuek, erakustaldiek, ikastaroek, mintegiek, haur eta familientzako tailerrek, ondare ibilaldiek, dastaketek eta kontzertuek osatzen dute, besteak beste, museoek eta erakusketa-aretoek urteko edozein garaitan eskaintzen duten kultur eskaintza hau. Horrezaz gainera, publiko guztientzako ohiko programari, eskola arlora zuzendurik dagoen hezkuntza eskaintza zabala gehitu behar zaio. Kultura diputatuak azpimarratu duenez, Bizkaia osoari kalitatezko kultura hurbilarazteko modu bikaina da hau, jende orok eskuratzeko modukoa eta publiko guztientzakoa baita.

Bizkaiko museoak eta erakusketa-aretoak

Bilbon dagoen Bizkaiko Arkeologia Museoa Bizkaiko ikerketa arkeologikoen erreferentzia-gunea eta ikerlanok hedarazteko bitartekoa da. Era berean, Gernika-Lumon Euskal Herria Museoa bisitatzeak foru erakundeen esanahi historiko-politikoa ulertzen laguntzen du, eta bai Euskal Herriko jendearen kultura eta idiosinkrasia ere.  

Bermeoko Ertzilla dorrean dagoen Arrantzaleen Museoa arrantzaren, itsasoaren eta bertako jendearen ingurunea, bizitza eta lana erakusten dituen mundu osoko museo bakanetako bat da.

Bakioko Txakolinguneak ardo berezi eta bakarra den eta izaera propioa duen txakolinaren ezaugarriak eta elaborazio-prozesua aurkezten ditu, ikus-entzunezko baliabide interaktiboen bidez.

Horrezaz gainera, museo-sareak museo bilakarazi diren ekipamendu edo ondare-baliabideen bi adibide bikain ere baditu. Muskizen dagoen El Pobal da horren adibide garbia, han baitago Bizkaian dugun burdinola bakarra, Bizkaiko Foru Aldundiak birgaitu duena eta duela 15 urtetik bisitatu daitekeena. Halaber, Balmasedako ‘La Encartada’ ehungintza-fabrikan kontserbatzen den makina-bilduma bikaina ere industria-museo horretan erakusten da.  

Era berean, museo-eskaintza zabal horren barruan sartzen dira Muñatones gaztelua, Santimamiñeko kobazuloa, eta arkeologia-aztarnategiak, gaur egun jendearentzat irisgarriak diren toki bilakatu direnak.

Aldi baterako erakusketak

Kulturaren alorreko programazioaren eskaintza ederraren barruan berrikuntza garrantzitsuak ere badaude. Arkeologi Museoko erakusketa batek euskal arkeologiaren historiografia jorratuko du, lehenengo erreferentzietatik eta ikerlan arkeologikoetatik hasi eta gaur egungo garaietaraino, "Erraldoien bizkarren gainean: Euskal Arkeologiaren historiografia" izeneko erakusketan. 

Arrantzaleen Museoko "AKURIO - ELKANO 1519-1522. Bizkaitarrak munduko lehenengo itzulian" izeneko erakusketan, munduari lehen itzulia eman zion Magallanesen espedizioan euskal marinelek izan zuten presentzia azpimarratuko da. Euskal Herria Museoan, literatura unibertsaleko figura bat izango da protagonista: Ernest Hemingway; izan ere, idazleak Euskal Herriarekin izan zuen lotura nabarmenduko da, haren etaparik ezezagunenetako bat Euskal Herriari, bertoko lurrei eta euskaldun jendeari loturik egon baitzen.

Horrezaz gainera, Rekalde Aretoak beste erakusketa bat inauguratuko du uztailean, Agustin Ibarrolaren omenez. Honakoa artistak naturarekin duen erlazioa ezagutzeko funtsezko erakusketa da, erlazio hori haren obra askotan islatzen baita.

Era berean, programak hainbat ondare-ibilbide biltzen ditu, hala nola El Pobaleko burdinolak antolatutako "Burdinaren ibilbideak" edo aztarnategi arkeologiko nagusietatik igarotzen diren ibilbide historikoak. Maiatzetik urrira, ibilbide hauek egingo dira: "Burdinoletako ibilbideak", "Urdaibaiko ibilbide historikoak" eta "Bizkaiko zin-ibilbidea". Era berean, Arkeologi Museoak indusketa-prozesuan dauden aztarnategietarako irteerak ere eskainiko ditu Museotik.

Programak jarduera bereziak ere barne hartzen ditu, parte-hartze arrakastatsuarekin garatzen ari direnak eta komunitatean erreferentziazko ekitaldi bilakatu direnak. ‘La Encartada’ Fabrika-Museoak antolatutako "Gizonen lana, emakumeen lana" antzerki-bisitei buruz ari gara. Balmasedako adin guztietako pertsonek hartzen dute parte bisita horietan, eta ehungintza-fabrikan lan egiten zuten pertsona guztiek (gehienak emakume langileak zirenak), egiten zituzten lanak eta esleitutako roletan eta lan-baldintzetan zeuden desberdintasunak antzezten ditu.

Era berean, Txakolinaren Museoko dastatzeak, Santimamiñe egunean antolatzen diren jardunaldiak edo Arkeologi Museoan Arkeologia Egunean ospatzen diren jardunaldiak ere eskaintza egonkor honen parte dira, publikoari museoetara hurbiltzeko aukera ezin bikainagoa eskainiz.

Horri guztiari dagokionez, museoen eta ondare-espazioen sareak modu aktiboan parte hartzen du urtean zehar programaturik dauden ospakizunetan, eta jarduera berritzaileak eta askotariko ikuspegiak eta formatuak diseinatzen ditu. Berbarako, aipatzeko modukoak dira "Emakumeen Nazioarteko Eguna", martxoan egingo dena, edo hilabete berean "Euskal Kostaldeko Museoekin" batera gauzatuko den ekitaldia. Museoen egutegiaren hitzordu garrantzitsu bat maiatzaren 18a da, "Museoen Nazioarteko Eguna" ospatuko baita. Bertan, Bizkaiko museo guztiek data horretarako programazio espezifikoa aurkezten dute, asteburu batean zehar doako jarduerak edo ate irekien jardunaldiak burutuz.


Argazkiak