2020(e)ko urtarrilaren 24(a) 10:00

Bizkaiko familientzat xedaturik dagoen Arreta Goiztiarrari buruzko Guraso Eskolaren edizio berria antolatu du Aldundiak

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak Guraso Eskolaren laugarren fasea jarriko du abian datorren urtarrilaren 27an. Oraingo hau gurasoentzako informazio- eta prestakuntza-saioen ziklo berria da, eta Arreta Goiztiarreko zerbitzu publikoarekin loturik dauden hainbat gai jorratzen ditu. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileko eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Hezkuntza Sailetako profesionalek arlo horri buruzko hitzaldiak emango dituzte Durango, Gernika, Getxo, Barakaldo eta Bilboko udalerrietan. Arreta Goiztiarreko foru sare itunduak 56 zentro ditu Bizkaiko eskualde guztietan, eta 1.500 haur baino gehiagori ematen die arreta. 2019. urtean 100.000 ordu baino gehiagoko arreta goiztiarra eman zaie lurraldeko adingabeei.

Gizarte Ekintza Sailak Bizkaiko Foru Aldundiaren Arreta Goiztiarreko Zerbitzu Publikoari buruzko Lurralde Historikoko gurasoentzako informazio- eta prestakuntza-saioen zikloa jarriko du abian hurrengo egunetan, Guraso Eskolaren laugarren edizioa.

Durango, Gernika, Getxo, Barakaldo eta Bilbo izango dira urtarrilaren 27tik otsailaren 5era bitartean hitzaldiak emango diren udalerriak. Ziklo berri honetako saioak "hizkuntzaren garapena: familia ingurunearen garrantzia" izeneko leloarekin landuko dira. Foru erakundeak 2.200 gutun baino gehiago bidali dizkie lurraldeko beste hainbeste familiari Guraso Eskolan parte hartzera gonbidatze aldera.

Ekimen horretan, arreta goiztiarrari dagozkion hiru eremuetako profesionalek parte hartzen dute; profesionalok Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeko (AGET) kide dira: Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailekoak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Hezkuntza Sailetakoak.

2017an egindako Guraso Eskola zikloaren lehen edizioan, saioek Bizkaian ematen ari zen Arreta Goiztiarrean sartutako berrikuntzak ezagutarazteko balio izan zuten. Arreta hori doako zerbitzu publiko bilakatu zen urte horretan, eta, gaur egun, baimendurik eta itundurik dauden 56 ikastetxek osatzen duten sarearen bidez eskaintzen da, lurraldeko eskualde guztietan banatuta. Ondorengo bi zikloetan, 2018an eta 2019an, neurogarapena zergatik den garrantzitsua eta familiatik bertatik estimulatzearen garrantzia jorratu ziren, hurrenez hurren. Bertaratutakoen batez bestekoa, saio bakoitzeko, 30 familiakoa izan da, eta, saiook amaitzean, oso altua izan da familiek adierazi duten gogobetetze-maila.

Ziklo berri honetan, honako gai hauek landuko dira saio bakoitzean:

  1. Hizkuntzaren jabekuntza:
    • Komunikazioa, hizkuntza eta hizkera.
    • Haurren hizkeraren eta hizkuntzaren garapenaren etapak.
    • Ahozko hizkuntza.
    • Zailtasunak ahozko hizkuntzan. Alarma-seinaleak.
  2. 0 eta 6 urte bitarteko haurren hizkeraren estimulazioa:
    • Oinarrizko hizkuntza-trebetasunak.
    • Familientzako orientabideak, haurren hizkuntza sustatzeko.

Ondoko hauek dira Guraso Eskolaren fase berri honetako topaketak:

  • Urtarrilaren 27an, Durangon. Durangoko Elkartegian. Helbidea: Landako etorbidea, 6 (Ordua: 18:00).
  • Urtarrilaren 29an, Gernikan. Elai-Alai aretoan. Helbidea: Foru plaza, 2 (Ordua: 18:00).
  • Urtarrilaren 30ean, Getxon. Getxoko Elkartegian. Helbidea: Ogoño, 1 (Ordua: 17:30).
  • Otsailaren 3an, Barakaldon. Clara Campoamor Kultur Etxean. Helbidea: Gernikako Arbola, 41 (Ordua: 18:00).
  • Otsailaren 4an, Bilbon. EHUko Bizkaia Aretoan. Helbidea: Abandoibarra etorbidea, 3 (Ordua: 18:00). Euskarazko saioa.
  • Otsailaren 5ean, Bilbon. EHUko Bizkaia Aretoan. Helbidea: Abandoibarra etorbidea, 3 (Ordua: 18:00). Gaztelaniazko Saioa.

Jardunaldietan izena eman nahi dutenek formulario honen bidez eman dezakete: http://www.bizkaia.eus/es/guraso-eskola. Bestela, deitu telefono-zenbaki honetara: 94 406 60 00

Saioetara joaten direnek haurtzaindegi zerbitzua izango dute eskura.

Zer da Arreta Goiztiarra?

Ondoko hau da arreta goiztiarraren definizioa: 0 urtetik 6 urtera arteko haurrei, berauen familiari eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoa, garapenean nahasmenduak dituzten edo horiek izateko arriskua duten haurrek dauzkaten beharrizan iragankor edo iraunkorrei ahalik eta lasterren erantzutea helburu duena.

Bizitzako lehen urteetan estimuluekiko harmena handiagoa izaten denez eta adinarekin pixkanaka-pixkanaka harmen hori gutxituz joaten denez, ikaskuntza eta errekuperazioa indartu egingo dira baldin eta adin goiztiarrean esperientziak edo estimulu goiztiarrak ematen badira. Hau da, adin txikiagoetan emaitza hobeak erdiesten dira. Bizitzako lehen lau urteak hartzen dira adin goiztiartzat. Horrenbestez, arreta goiztiarreko programen esku-hartzearen eraginkortasun-zedarriak mugaturik daude.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko haurren eskura jartzen dituen estimulazio tratamenduak indartzeak sei urtera arte irauten du. Era berean, osasun-, gizarte- eta hezkuntza-sistemak koordinatzeko mekanismo bat ezartzen da, elkarrekin lan egiteko. Sei urtetik aurrera, eskolatzea derrigorrezkoa baita, hasiera batean, esku-hartzea egiteko bitartekorik egokiena eskola-ingurunea da. Hala, garatzeko zailtasunak dituzten adingabeen premiei aurre egiteko esku-hartzeak sei urtetik gorakoak dira.

2019. urtean 100.000 ordu baino gehiagoko arreta goiztiarra eman zaie lurraldeko adingabeei. Haurren %90ek garapen-arlotzat dute komunikazioaren eta hizkuntzaren arloa, arlo horretan burutu behar baita esku-hartzea.