2020(e)ko urtarrilaren 22(a) 18:00

Bilbo Bizkaiak interés handia piztu du Fitur azokan, enoturismoaren eta merkataritza-eskaintza berdingabearen alde eginez

Ekonomia Sustatzeko Saila

2020ko FITUR azokan Bilbo Bizkaiak aurkeztuko dituen berrikuntzak aditzera eman dituzte Ekonomia Sustapeneko foru-diputatu Ainara Basurkok eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok

Ekonomia Sustapeneko foru diputatu Ainara Basurkok eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok gida berriak, txakolinari eta euskal produktuen erosketei buruzkoak, aurkeztu dituzte gaur Euskadik FITUR azokan duen standeko Bilbo Bizkaia gunearen inaugurazioan. Datorren igandera arte (urtarrilaren 26a), Bilbo Bizkaiak hiriko eta lurraldeko erakargarri turistiko nagusiak emango ditu ezagutzera.

Txakolina. Nortasun propioa duen ardoa eta Erosketa berdingabeak dute izena aurkeztutako argitalpenek, eta haien helburua da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak elkarrekin garatzen ari diren turistak erakartzeko politika indartzea eta nortasun propioa duen turismo-eskaintza iraunkorra bistaratzea.

Lehenengo argitalpenak txakolinaren historia biltzen du, hura nola egiten den azaltzen du, lurraldeko esperientzia enoturistiko guztien berri ematen du, eta ardo zuri horretaz Bilboko ostalaritzan eta jatetxeetan gozatzera gonbidatzen du irakurlea. Euskal gastronomiak, mundu-mailako erreferente izanik, eragiten duen turismo-eskariaren osagarri gisa sortu zen. Horrez gain, zentro espezializatuetarako bisitak, produktu enologiko horri lotutako jaien agenda eta txakolinaren bidez Bizkaia ezagutzeko bost ibilbide —Enkarterri, Durangaldea, Nerbioi, Erdialdeko Kostaldea eta Ekialdeko Kostaldea— proposatzen ditu.

Shoppingera bideratutako gidak, Erosketa berdingabeak, hiriko eta lurraldeko saltokien esklusibotasunaz eta kalitateaz beste modu batean gozatzeko gonbita egiten dio turistari. Argitalpenaren edukia Bilbo Bizkaiko 13 ikono turistikoren inguruan garatzen da, turistaren esperientziara egokituz. Ikono turistiko horietatik egindako ibilbidean zehar, erosketa-esperientzia hurbila, esklusiboa eta benetakoa izateko leku bereziak aurkituko ditu bisitariak. Helburua da turismo mota hori bultzatzea, eta turista bakoitzak erosketetan batez beste egindako gastua handitzea.

Bilbao Bizkaia Card

FITUR azokan aurkeztutako berrikuntzei esker, Bilbao Bizkaia Card turismo-txartel ofizialaren erabilera sustatu da. Txartel horrek askotariko abantailak eskaintzen dizkie bisitariei. Bilbao Bizkaia Card txartelaren salmentak % 6 egin zuen gora 2019an, eta 4.989 txartel saldu ziren. Gainera, orain arte gehien saldutako txartela 24 ordukoa bazen ere, azken urtean joera hori aldatu egin da, eta 72 ordukoa saldu da gehien. Joera horrek lagundu egin du batez besteko egonaldia eta lurraldeko eta Bilboko fluxuen banaketa handitzeko helburua betetzen.

The Place to Be eta Pride Everywhere berrargitaratzea

Urtero bezala, berritu egin da The Place to Be katalogoa, eta 2020an Bilbon eta lurraldean izango diren ekitaldiak jaso dira. Aurten, Euro 2020 eta ekainean San Mamesen jokatuko diren partidak ditu ardatz. LGBT+ turismoari zuzendutako Pride Everywhere katalogoaren edukia ere eguneratu egin da, Bilbo Bizkaia ardatz atlantikoko LGBT+ hiriburu gisa posizionatu da-eta. 2019an, Bilbon egin ziren Europride Conference eta lehenengo LGBT+ Konferentzia Atlantikoa, eta mundu osoko 300 profesional, Europako prideen antolatzaile eta 30 herrialde baino gehiagoko kazetari espezializatuk baino gehiagok hartu zuten parte.