2020(e)ko urtarrilaren 21(a) 12:00

Aldundiak mendekotasuna duten pertsonak etxean egoten laguntzeko formula aitzindariak entseatzen ditu EtxeTIC ereduaren bidez

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

EtxeTIC ereduak mendetasun-egoeran diren pertsonei eguneko zentro batean ematen zaien arreta (25 plaza) eta etxean dauden eta mendetasun-egoeran diren pertsonen kopuru zabalago bati ematen zaion arreta (751 pertsona) konbinatuko ditu, etxean laguntzeko eta prebenitzeko teknologien bidez monitorizatuta, eta zentrora lantzean behin joanez. Proiektua abian jartze aldera, berrikuntza-teknologia publikoki erosteko prozesu bati ekingo zaio, merkatuari aldez aurretik kontsulta eginda. Proiektu pilotua 18 hilabetez gauzatzeko, hasieran milioi 1 euroko aurrekontua dago. Ekimen aitzindari hori Etxaniz zentroan egingo da, Bilboko Marcelino Oreja kalean. Zentro horrek kaleari begi dauden 800 m2 erabilgarri ditu, eta zentroa duela gutxi birgaitu da. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu duenez, "harago joan behar dugu, etorkizuneko zentroak eta zerbitzuak sortu behar ditugu. Zainketa arloaren etorkizuna teknologian, etxeetan eta prebentzioan datza. Zentroen eta zerbitzuen belaunaldi berria bultzatuko dugu".

Unai Rementeria, Sergio Murillo eta Asier Alustiza

Bizkaian, gaur egun 40.000 pertsona baino gehiago dira mendetasun-egoeran, aintzatetsitako graduren batekin, eta horietatik 21.000 baino gehiagok jasotzen dute Familia Inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa (FIZPE). Horietako bakoitzaren atzean, bere sare sozio-familiarreko pertsona bat dago, erreferentziazko zaintzaile gisa jarduten duena. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak zahartzearen erronkei aurrea hartu nahi die, errealitate horri erantzuna emango dioten formula berriak probatuz; aldi berean, baliabide tekniko eta teknologiko berritzaileen eta antolaketaren arloko bitartekoen eskaintza zabalagoa jarri nahi du Bizkaiko lurraldearen ardurapean dauden pertsonen eta haien zaintzaileen zerbitzura, etxean zaintza bultzatze aldera.

Horixe da EtxeTIC ekimenaren filosofia. Hain zuzen ere, honako hau ekimen pilotu berritzailea da, prebentziozko izaera duena eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak gaur aurkezten duena. Mendetasun-egoeran den pertsonaren eta etxean zaintzaile jarduten dutenen bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Sistema konbinatua da, erreferentziazko zentro batean espezializatutako zerbitzuak eskaintzen dituena eta pertsonen ongizatearen zerbitzura dauden teknologia berrien potentzialaren erabilera sustatzen duena. 

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, pertsonak artatzeko eredu berri honekin, Zentro eta zerbitzuen belaunaldi berria bultzatuko dugu. Harago joan behar dugu, etorkizuneko zentroak eta zerbitzuak sortu behar ditugu. Iraunaldi luzeko zainketa arloaren etorkizuna teknologian, etxeetan eta prebentzioan datza.

EtxeTIC eguneko zentro berria da, zerbitzu-eredu mistoa duena: alde batetik, mendekotasun-egoeran diren pertsonei eguneko zentro batean ematen zaien arreta eta ingurune hurbilean bizi diren eta mendekotasun-egoeran diren pertsonen bolumen zabalagoari ematen zaion arreta konbinatuko ditu. Pertsona horiek etxean bertan laguntzeko eta prebenitzeko teknologien bidez monitorizatuta egongo lirateke. Era berean, pertsona horiek eta haien zaintzaileak unean-unean joan daitezke erreferentziazko zentrora, laguntza-zerbitzu espezifikoak jasotze aldera, hala iritziz gero.

Gaur egun, foru erakundeak mendekotasun-egoeran diren 751 pertsona ditu identifikaturik, Familia Inguruneko Zainketengatiko Prestazio Ekonomikoa jasotzen dutenak, bakoitza bere zaintzailearekin, eta zentroaren eragin-eremuan bizi direnak (oinez 7 minutu baino gutxiagora). Gutxi gorabehera, pertsona horietatik 600 izango dira etxean monitorizatuta egongo direnak.

Esperientzia aitzindari hori Bilbon landuko da, Etxaniz zentroan (zentro hori Marcelino Oreja kalean dago). Ekipamendu horrek 800 m2 erabilgarri ditu kaleari begi, eta zentroa duela gutxi birgaitu da; zerbitzu-eredu misto hau garatuko da bertan: eguneko arretarako 25 plaza eta etxean bertan egoteko laguntza-zerbitzu berritzailea.   

Berrikuntza zerbitzuan

Etxean mendekotasun-egoeran diren pertsonen monitorizazioa, haiekiko prebentzio-aurreikuspenak eta pertsona horiek dituzten arriskuak detektatzeko jarduerak garatze aldera, mendekotasun-egoeran diren pertsonei eta haien zaintzaileei laguntzeko zerbitzuen eredu berritzailea diseinatu behar da. Etxean bertan laguntza eskaintzen duten teknologia berrietan oinarriturik dagoen zerbitzua da, eta unean-unean bertara joateko erreferentziazko zentro batekin konbinatuta dago.

Laguntza-zerbitzuak emateko ikuspegi berritzaile horrek -kontuan hartu behar da laguntza-zerbitzuok zerbitzu pertsonalizatuak direla, eta prebentzioaren eta erkidegoaren zaintzaren arloetako osagai garrantzitsuak dituztela-, lizitazio-fasera igaro aurretik, ideia berritzaileak jaso behar ditu merkatutik, gaur egun Bizkaian ez dagoen kudeaketa- eta arreta-eredu espezifiko bat zehazte aldera. Horretarako, Unai Rementeriak iragarri du proiektua abian jartzeko, aldez aurreko kontsulta egingo zaiola erosketa publiko baten prozesuan parte hartzen duen merkatuari.  

Proiektu pilotua 18 hilabetez gauzatze aldera, milioi 1 eurotan zenbatetsi den aurrekontua dago, geroagoko fase batean doitu edota zehaztuko dena. 

Dibulgazio jardunaldia

Bizkaiko Foru Aldundiak EtxeTIC proiektua aurkeztuko die enpresei, eragileei, udalei, Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteei, kudeatzaileei eta adituei, jardunaldi ireki baten esparruan. Jardunaldi horretan, halaber, teknologiek etxeko zaintzan eta adinekoen kopurua handia duten gizarteetako iraupen luzeko zaintzan duten potentziala aztertuko da. Horretarako, teknologietan, gerontologian eta iraupen luzeko zaintzan adituak diren pertsonek hartuko dute parte topaketan. Ondoko hauek daude gonbidaturik jardunaldi horretara: Cristina Bescós, EIT Health-eko zuzendaria; Javier Yanguas Lezáun, "La Caixa" Fundazioko Adinekoen Programako zuzendari zientifikoa; Pedro García Peña, Santa Marina Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko burua, eta Begoña Pablos de Prado, Bizkaiko Medikuen zuzendaria. Jardunaldia, "Etxeko zaintza eta iraunkortasunerako teknologiak" izenburupean, datorren ostegunean, urtarrilaren 23an, egingo da Euskalduna Jauregian, eta 400 pertsonak baino gehiagok eman dute izena hartan parte hartzeko.


Argazkiak


Bideoak


Audioak