2020(e)ko urtarrilaren 20(a) 12:08

Seed Capitalek bere maximo historikoa lortu zuen 2019. urtean, Bizkaiko enpresa arloan 4,2 milioi euroko inbertsioa egin baitzuen

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren hazi-kapitaleko sozietateak 53 enpresari lagundu die iaz bere funtsen bidez eta proiektu berritzaileentzako eta enpresa berrientzako mikrofinantzetarako programaren bidez

Ainara Basurko eta Oscar Ugarte

Bizkaiko Foru Aldundiak 53 enpresa lagundu ditu iaz Seed Capital Bizkaiaren finantzabide-tresna ezberdinen bitartez. Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta Oscar Ugarte Seed Capitaleko zuzendariak jakitera eman dituzte sozietatearen 2019ko jardueraren balantzea eta ekitaldi berri honetarako ezarritako helburuak. Errekor urtea itxi dugu. Inbertsioaren arloko maximo historikoetan gaude, Seed Capital Bizkaiaren tresna guztiak aktibaturik baititugu; funtsak, gizartean eragina duten inbertsio-tresnak eta mikrofinantzaketa 4,2 milioi eurora iritsi dira iaz egindako inbertsioei dagokienez, zehaztu du foru diputatuak".

Ainara Basurkok Seed Capital Bizkaiaren izaera aitzindaria azpimarratu du, berrikuntzaren eta gizartean eragina duten proiektuen zerbitzurako eta finantza-kateko kolektibo ahulenentzako finantzaketa alternatiborako tresna gisa. Estatu osoan eta ia Europan ez dago horrelako beste erakunderik. Seed Capital tresna indartsua da enpresa sortu berriak sustatzeko eta garatzeko, bai eta lehendik dauden eta beren erronkei aurre egiteko eta hazten jarraitzeko finantzaketa alternatiboa behar duten enpresak sustatzeko ere. Tresna horren bidez, administrazio publikoak erantzuna eman diezaieke ekintzaileentzako eta proiektu berritzaileentzako premia oso espezifikoei. Ez hori bakarrik, Seed Capitaletik erantzuna ematen ari gara finantzaketa tradizionala eskuratu ezin duten pertsona ekintzaileei ere, Seed Mikrori esker. Eta azken urteetan gizartean eragina duten inbertsioen arloan ere sakontzen ari gara. Izan ere, Europan administrazio publiko gisa gidatzen ari garen lur eremua da honako hau, azaldu du.

Gizartean eragina duen inbertsioa

Ekintzailetzako eta Gizarte Berrikuntzako Funtsa (EGBF) 2014. urtean sortu zen arrisku-kapitaleko funtsa da, gizartean berritzaileak diren enpresa-ekimenak sustatzea eta sendotzea xede duena. Bizkaiko Foru Aldundia da ezaugarri horiek dituen funtsa sortu duen lehenengo administrazio publikoa, lurraldean eragin sozial zuzena izan dezan eta, gainera, enplegua eta aberastasuna sortzeko iturri izan dadin.

Ekintzailetzako eta Gizarte Berrikuntzako Funtsa (EGBF) ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza sustatzen duten eta sozietatearen egoitza eta ekoizpen-zentroa Bizkaian duten enpresentzat xedaturik dago. Balio sozial erantsia duten proiektuetara bideratuta dago; honako hauek dira, besteak beste, jorratzen dituen alorrak: energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntzara, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei laguntzea, garapenerako lankidetza, bidezko merkataritza eta abar. Horiez gainera, hazteko eta enplegua sortzeko potentziala duten proiektuak izan behar dira egitasmo horiek.

Eratu zenetik, 1,5 milioi euro inbertitu ditu funtsak osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloekin loturik dauden 8 proiektutan. Eta joan den 2019an 5 inbertsio egin dira, guztira 711.000 eurora iristen direnak. Laneratzeari dagokionez, inbertsio horien ondorioz, gainera, 162 lanpostu ere sortu dira.

Oscar Ugartek zehaztu duenez, I eta BI funtsek 9 eta 5 inbertsiorekin itxi dute urtea, hots, guztira 3 milioi euroko inbertsioekin. Eta Seed Mikro Bizkaia mikrofinantzaketarako programak 35 inbertsio gauzatzeko laguntza eman du, 596.000 eurorekin, eta proiektu bakoitzeko 17.000 euroko batez besteko maileguarekin.


Argazkiak


Bideoak