2020(e)ko urtarrilaren 16(a) 10:37

Kanpoko merkatuak gidatu du berriro turismoaren hazkundea Bizkaian

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bisitarien sarrerak % 3,7 hazi ziren Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten duen Turismoaren Behatokiaren kalkuluaren arabera. Azterlanak, lehen aldiz, barne-turismoari eta txangozaletasunari buruzko atala jorratzen du eta ondorioztatzen du urtez urte handitzen ari dela bisitarien fluxuen banaketa lurraldean zehar.

Aurkezpena

Abenduko turisten sarrerei buruzko behin betiko datuak jakin gabe Bizkaiak urte amaierako kalkuluak egin ditu, hain zuzen ere % 3,7 inguruko hazkundearekin. Guztira 1.613.185 sarrera eta 3.194.296 gaualdi izan dira. Hala aurreratu dute Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatuak,  eta Cristina Mugica,  Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendariak, Bizkaiko Turismo Behatokiaren 2019ko aurkezpenean.

Ainara Basurkok adierazi du aurten ere hazkundea nazioarteko merkatuei esker gertatu dela. Eta, gainera, lurraldearentzat balio handia dutenetan eta Bilbao-Bizkaia aliantza modu aktiboan sustatzen dutenetan. Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak jarraitzen dute herrialde igorle nagusiak izaten. Eta igoerarik handienak Italian, Japonian, Herbehereetan eta AEBetan daude, non Aldundiak eta udalak ekintzak egin baitituzte, bai marketing digitaleko kanpainekin (Amsterdam, Rotterdam eta Milan), bai Tokion edo New Yorken nazioarteko touroperadoreekin egindako ekintzekin.

Diputatuak azpimarratu duenez lurraldeak hazkunde jarraituak ditu, eta helburua turismoa jarduera jasangarri bihurtzen jarraitzea da, arreta hazkunde kualitatiboetan jarriz. Turismoa sendotu den eta hazten, baina modu iraunkor batean, jarraitzen duen jarduera da. Eta jasangarria izan dadin lan egiten dugu eta lan egingo dugu. Apustua argia da: bisitari fluxuak Bizkaiko gune guztietara banatu behar dira. Sektorearekin lanean jarraitu behar dugu, balio erantsia dugun segmentuetan espezializatuz, eta turismo-industriaren profesionalizazioan sakontzen jarraitu behar dugu. Bizkaiak ez du kuantitatiboki hazi nahi, kualitatiboki baizik, adierazi du Ainara Basurkok.

Turismoaren Behatokia urtero egiten den landa-lan zabala da, eta monitore berriak batu ditu turismo-jarduerari buruz hainbat ikuspuntu eta eremutatik dagoen pertzepzioa ezagutzeko. Hala, behatokia turistek lurraldera egindako bisitan izandako esperientzien inguruko ikerketa izaten hasi zen, eta zabalduz joan da, bizkaitarrek turisten presentzia nola bizi duten eta industriaren eta sektoreko profesionalen ikuspegia eta joerak ezagutzeko. Halaber, azken urteetan eskualdeko monitore bat sartu da, eta ekitaldi honetako inkestan monitore berri bat aurkezten da, txangozalearen figurari eskainia.

Destinoaren balorazio bikaina

Behatokiak bisitarien destinoari buruzko balorazio oso altuak egin ditu berriz ere. Destinoa 10etik 9rekin baloratzen dute, ostatu- eta jatetxe-eskaintza 9,3rekin eta irisgarritasunaren eta garraio publikoaren bidezko mugikortasunaren arloan nota hori 8,5ekoa da.

Berriz itzultzeari eta Bizkaia destino gisa gomendatzeari dagokionez, bisitarien balorazioa 10etik 8,9koa da.

Bizkaitarrak harro daude lurraldez kanpo Bizkaia ezagutzera etortzeko interesa dagoelako. % 88,8k harrotasun-sentimenduaz hitz egiten du, eta % 80,5ek bikain ebaluatzen du turistekiko bizikidetza. Hala ere, alde batera utzi beharreko alderdiak aipatu dituzte, hala nola masifikazio-arriskua (% 53), bidaiarien portaera (% 19,5), turismo-eremuetako prezioen igoera posibleak (% 8,5) eta turismo-jarduerak sortzen duen enpleguaren kalitatea (% 9,7).

Lurraldeko turismo industriari dagokionez, hazten jarraitzeaz gain, berrikuntzan eta digitalizazioan sakontzen du. 61.000 lanpostu sortzen dituzten 15.000 enpresa baino gehiago ditu gaur egun Bizkaiak.

Gaualdi gehiago Bizkaia osoan

Cristina Mugica Lurralde Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariak iazko eskualdeko monitoreari buruzko datuak zehaztu ditu; horren arabera urtez urte bisitarien fluxuak Bilbotik haratago birbanatzen ari dira. Garrantzitsua da nabarmentzea gaua Bilbotik kanpo egiten duten turista edo pertsonen multzoa 500.000 baino gehiagokoa dela, azaldu du.

Turismo zuzendariak azpimarratu duenez, turistak ez dira, lehen bezala, Bilbotik txango txikiak egitera mugatzen. Gaur egun, Uribe Kostara eta batez ere Urdaibaira zabalduta dagoen zirkuitu bat ikusten dugu eta horrek, gainera, Lea-Artibai eta Durangaldea bezalako eskualdeetara egiten diren bisitak areagotu ditu. Zalantzarik gabe, lan handia dugu egiteko alde horretatik, oreka hori Arratia-Nerbioi eta Enkarterri eskualdeetara ere irits dadin, eta horretan ari gara datozen urteetarako ardatza jartzen, amaitu du.


Argazkiak


Bideoak