2020(e)ko urtarrilaren 13(a) 17:55

Aldundiak itsasadarraren azpiko tunelaren trazatua definitu du, eta erakuntza-proiektua izapidetzen hasi da

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Informazio-fasean egindako azterlan geoteknikoak definitu du tunelerako trazaturik egokiena; 3.037 metro luze izango da trazatua, eta tunelak eraikitzeko materialik egokienak erabiliko ditu. Gainera, 200 metroko luzerako ibilbidea besterik ez du egingo itsasadarraren azpian. Tunela eraikitzeko —Artazako eta Ballontiko biribilguneak lotuko ditu—, 337 eta 403 milioi bitarteko inbertsio bat egin beharko da, erabiliko den eraikuntza-metodoaren arabera. Hori da, hain zuzen, proiektuan zehaztu beharreko alderdietako bat. Proiektua gaur aterako da lizitaziora, 10,5 milioi euroko zenbatekoan. Ahaldun nagusi Unai Rementeriak azpimarratu du zer garrantzitsua izango den itsasadarraren azpiko tunela Bizkai metropolitarreko saihesbide handia osatzeko, eta berretsi du azpiegitura honek multimodala izan behar duela, ez bakarrik autoetarako.

Unai Rementeria eta Imanol pradales prentsaurrekoan

Foru Aldundiak jarraitzen du itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko urratsak ematen; Supersurraren bigarren fasearekin batera, azpiegiturak osatu egingo du Bizkai metropolitarreko saihesbide handia, eta, hala, erantzuna emango zaie ahalmen handiko errepideen sarean gaur egun dauden arazoei. Arrontegi zubiaren ordezkorik ez egotearen ondorio dira arazook; izan ere, zubia, batez beste, 140.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, A8, La Avanzada eta Txorierriko korridoreko bidaien artean. Itsasadarra sareztaturik ez dagoenez, Arrotegi eta haren ingurunea zaurgarritasun-handian geratzen dira, eta behar baino ibilbide luzeagoak egin behar dira itsasadarraren eskuinaldearen eta ezkerraldearen artean gurutzatzeko.

Ahaldun nagusi Unai Rementeriak jakinarazi du Aldundiak dagoeneko amaituta daukala tunela eraikitzeko informazio-azterlana. Besteak beste, azterlanari esker, zorupea ezagutu da, trazaturik onena hautatzeari dagokionez; tunelak zirkulazioan izango dituen eraginak aztertu dira, eta lehen zenbatespen ekonomikoa zehaztu ahal izan da. Egin beharreko inbertsioa 337 eta 407 milioi bitartekoa izango da (lehen zenbatespena 380 milioi izan zen), tunela hondeatzeko azkenean erabiliko den eraikuntza-metodoaren arabera.

Aldundiak, informazio-azterlanaren emaitzak eskuan dituela, hasiera eman die eraikuntza-proiektuaren idazketa adjudikatzeko izapideei, eta proiektuaren lizitazio-agiriak dagoeneko argitaratuta daude kontratazioaren plataforman. Eraikuntza-proiektuaren idazketak 33 hilabeteko epean amaituta egon behar du, eta 10,5 milioi euroko prezioan atera da lehiaketa publikora, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek jakinarazi duenez.

Hautatutako trazatuak 3.037 metroko ibilbidea egingo du Artaza eta Ballonti artean.

Trazatua definitzeko, hiru aukera aztertu dira. Azkenik, zenbait irizpide teknikotan oinarriturik, tunela eraikitzeko lur egokienak zeharkatzen dituena hautatu da. Hona irizpideok: sakontasuna, arroka asko egotea, eta lurzoru, lur ase eta ur gutxi egotea. Parametro horietan oinarriturik, luzera handieneko aukera hautatu da, 3.037 metrokoa; besteak baino 200 eta 195 metro luzeagoa, alegia. Gainera, beste biak baino hobea da zenbait alderdiri begiratuta: haren zorupeak edozein eraikuntza-metodoren erabilera onartzen du, eta, La Benedicta dartsenaren azpitik igarotzen ez denez, ur-azaleraren azpitik distantzia laburrena egiten duena da; 200 metro besterik ez (besteek 520 eta 530 m).

Tunela eraikiko den lurra ezagutzeko, aurretik inguruan egindako 200 zundaketa geotekniko inguruko emaitzak bildu dira, eta zundaketa eta entsegu berriak egin dira; haien artean, itsasadarrean egindako zortzi zundaketa, zeinetarako pontoi bat erabili behar izan den. Lortutako informazioak ahalbidetu du tunela zeharkatuko duten lurren ezaugarriak ezagutzea. Hala ere, eraikuntza-proiektuan egin beharreko zereginetako bat zorupearen ezagutza hobetzea izango da, bereziki, Lamiakon; izan ere, bertan, limo-eremu bat dago.

Zirkulazioa eta lotuneak

Informazio-fasean zehar, azterlanak egin dira oraingo zirkulazio-mugimenduei buruz eta tunela martxan jartzen denean aurreikusten direnei buruz. Zenbatespenen arabera, eguneko, 51.000 ibilgailu erakarriko ditu azpiegiturak, bestez beste; 14.000 ibilgailu aterako ditu La Avanzadatik, 18.000, Max Centerreko zuzengunetik, eta 35.000, Arrontegitik. Lortutako informazioaren bidez, orobat, aurrera egin da tunela sarearekin Artaza eta Ballontiko biribilguneen bidez sarearekin lotzeko irtenbide egokienetan. Helburua da zirkulazioan jariotasuna lortzea eta hirigintza-afekzioak gutxitzea. 2028an aurreikusita dago azpiegitura martxan jartzea. Urte horretako eta ondorengoetako puntuko orduetako trafikoen simulazioa egin da, eta identifikatu da zer mugimenduk behar izango duten berezko adar bat. Hala, ibilgailuak ez dira zertan sartuko biribilgune horietara, nahi duten norabidea hartzeko.

Ezkerralderako proposatu da Portugalete - Sestao, Tunela - Sestao eta Portugalete - Tunela mugimenduak banantzea, lur azpiko adar gisa edo aireko azpiegituren gainetik. Eskuinalderako, Artazako biribilgunearen inguruan ahalik eta afekziorik txikiena sortzeko, baztertu egin dira aireko egiturak; beraz, banandutako mugimendu guztiak tunel bidez bideratuko dira, eta tuneletik datozen ibilgailuei hiru irteera emango zaizkie: Zugazarte, Uribe Kosta eta La Avanzada.

Edozelan ere, eraikuntza-proiektuak optimizatu egin beharko ditu alde bakoitzerako proposatutako irtenbideak; horretarako, tunelaren abiarazteak mugikortasun-azturetan eta sortuko dituen trafiko-mugimenduetan izango duen eraginari buruzko azterlan berriak egingo dira.

Eraikuntza-metodoa

Eraikuntza-proiektua idazteko, azpiegitura hau eraikitzeko metodorik egokiena zein den zehazteko behar diren azterlanak egin beharko dira; izan ere, aukeratutako trazatuak aukera ematen du hiru metodo baliatzeko: tunelak egiteko makina, kaxoi-sistema eta/edo cut and cover eta ohiko metodoa edo tunelak eraikitzeko metodo austriar berria. Horretarako, zundaketa geoteknikoen beste kanpaina bat egin beharko da, aurrekoa baino sakonagoa, zehaztasun osoz zehazteko zer materialetan induskatuko den. Zehazki, tunela arrokatan erabat exekutatzeko aukera zehaztu behar da; Lamiakoko lurzoruen ezaugarri geoteknikoen eta hidrogeologikoen ezaugarriak zehaztasun handiagoz deskribatu behar dira; ahalik eta gehien murriztu behar da unean-unean arazotsuak izan daitezkeen lekuetatik igarotzea, eta tunela igarotzen den zorupeko materialek egiten dituzten kontaktuak ondo ezagutu behar dira.

Tunela eraikitzeko inbertsioa aukeratutako metodoaren araberakoa izango da. Informazio-azterlaneko zenbatespenen arabera, tunelak egiteko makina darabilen metodoak 367 milioi euro inguruko inbertsioak eskatuko luke; kaxoi-sistemak, 403 milioi euro, eta metodo austriarrak, 337 milioi euro.

Multimodalitatea eta digitalizazioa

Bestalde, ahaldun nagusiak adierazi du eraikuntza-proiektuak definitu behar duela nola izan daitekeen tunela multimodala. Izan ere, Aldundiak azpiegitura hau baliatu nahi du beste garraiobide batzuetarako ere; hau da, ez dezatela autoek bakarri erabil. Aukera guztiak zabalik daudela, Rementeriak ziurtatu du Aldundia gai izango dela mugitzeko beste forma batzuk barne sartzeko. Izan ere, tunelari ahalik eta potentzial handiena eman nahi zaio, eta inbertsioa eta onura maximizatu bizkaitarrentzat. Horretarako, aztertuko da zein den aukerarik onena ikuspuntu sozialetik, ekonomikotik eta ingurumenaren ikuspuntutik.

Proiektuan jasotako beste alderdi garrantzitsu bat digitalizazioa da, proiektuak tunela modalizatzeko aukera emango duten teknologia berriak jaso behar baititu. BIM teknologiaren bidez, tunelaren eraikuntza simulatu beharko du, digitalki, diseinuan zein benetako eraikuntzan sor litezkeen arazoei aurrea hartzeko moduan.


Bideoak


Audioak