2020(e)ko urtarrilaren 10(a) 12:40

Zerga-iruzurraren aurka Borrokatzeko 2020ko Plana onetsi da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak Zerga-iruzurraren aurka Borrokatzeko Planaren ezaugarri orokorrak ezarri ditu, zeinak errenta-eredu berria eta Batuz sistema ezartzeko eman beharreko hurrengo pausuak jasotzen dituen, besteak beste, zergadunen eskura jarriko diren zerbitzuak definitzea. Zerga-bilketarako araudi berriaren bidez sinplifikatu egin da zor txikiak geroratzeko aukera; era berean, indartu egin da zerga-zor handien geroratzeen eta arrisku handiagoko geroratzeen gaineko kontrola. Erregularizazio- eta kobratze-jarduketei dagokienez, Foru Ogasunak, besteak beste, indartu egingo du nazioartekotutako enpresa-talde eta talde fiskalen operazio jakin batzuen gaineko kontrola.

Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak Zerga-iruzurraren aurka Borrokatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren Planaren irizpide orokorrak ezarri ditu 2020rako. Hain zuzen ere, agiri horrek gidatuko du Foru Ogasuneko ikuskapen-zerbitzuen, zerga-bilketako zerbitzuen eta zergadunaren laguntzarako zerbitzuen ekitaldi honetako jardunbidea. Ogasun eta Finantzen diputatuak, José María Iruarrizagak, azpimarratu du plan horrek oinarri teknologiko nabaria duela; izan ere, azken urteotan egindako garapen informatikoari esker, datu-analisiaren zientzia eta teknologia berriak aplikatu ditzakegu iruzurra antzemateko, prebenitzeko eta erregularizatzeko.  Planean aurreikusitako jarduketak hiru eremutan banatuta daude, aurreko beste plan batzuetako katalogazioari jarraiki: informazioa eskuratzea, prebentzioa eta erregularizazioa eta kobrantza.

Prebentziorako jarduketei dagokienez, Foru Ogasunak martxan jarriko dituen bi proiektu handi azpimarratu ditu Iruarrizagak: Batuz eta Errenta 2020. Bietan ere araudia onesteko eta beharrezkoak diren garapen informatikoak amaitzeko aurten eman beharreko pausuak jaso dira.  Era berean, errenta-aitorpenerako eredu berriari dagokionez, zeinaren bitartez PFEZaren zergadun guztiei Rentaetxean zerbitzuaren bidez gaur egun eskaintzen den laguntza bera eskainiko zaien, Iruarrizagak adierazi du zergadunen eskura jarriko diren zerbitzuak definituko direla 2020an, horrela, inork ere ez dezan aitorpena aurkezteko zailtasunik izan. Horrez gain, diputatuak aurreratu du datozen hilabeteotan Ogasunak bak gakoa identifikazio digitalerako metodo gisa eskuratzeko aukera emango diela zergadunei, hala nahi izanez gero, errenta-aitorpena aurkezteko edo euskal administrazioekin bestelako kudeaketak egiteko erabil dezaten.

Zerga-bilketarako araudi berria

Bestalde, Iruarrizagak nabarmendu du zerga-bilketarako araudi berri bat sartuko dela indarrean; horren bidez, zor txikiak dituzten zergadunentzako sinplifikatu egingo dira zerga-zorren ordainketak geroratzeko eskaerak. Eskaera horiek automatikoki emango dira honako kasu hauetan:

  • zorra 20.000 euro baino gutxiagokoa bada eta zenbateko bereko 36 hilabeteko epetan ordaintzen bada.
  • zorra 50.000 euro baino gutxiagokoa bada eta zenbateko bereko 24 hilabeteko epetan ordaintzen bada.
  • zorra 500.000 euro baino gutxiagokoa bada eta zenbateko bereko 12 hilabeteko epetan ordaintzen bada.

Aipatutako kasuetan aurreikusitako geroratze-eskaerak automatikoki onetsita, zor txikiak dituzten zergadunek errazago ordainduko dituzte euren zerga-zorrak; gainera, Foru Ogasunaren baliabideak optimizatzea lortuko da eta, horrela, arrisku handiagoko geroratzeak kontrolatzeko-lanetan arreta handiagoa jartzea ahalbidetuko. Arrisku handiagoko geroratzeei dagokienez, gaur egun baino betekizun gehiago eskatuko dira, besteak beste: bideragarritasun-plan bat, zorduna titular gisa ageri den ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz bat eta titularraren aldeko kredituen konpentsazio-eskaera bat. Horrez gain, eskatzailea pertsona juridiko bat baldin bada, urteko kontuak eta azken bi ekitaldietako eskudiru-mugimenduen egoera aurkeztu beharko ditu.

Iruarrizagak eman dituen datuen arabera, 2019an zehar, Bizkaiko zergadunek 59.000 geroratze eskatu zituzten, guztira 772 milioi eurokoak. Eskaera horiek guztiak aztertu ostean, Foru Ogasunak 55.000 geroratze eman ditu, guztira 443 milioi eurokoak. 

Urtarrilaren batetik aurrera, geroratze-eskaerak Aldundiaren egoitza elektronikoan egin beharko dira, jarduera ekonomikorik gauzatzen ez duten pertsona fisikoen kasuan izan ezik. Azken horiek aurrez aurre eskatu ahal izango dute geroratzea, 2021eko urtarrilaren 21era arte. 

Informazioa lortzeko jarduketak

Iruzurraren aurka Borrokatzeko Planean jasotako jarduketei dagokienez, Ogasuneko zuzendari nagusia den Iñaki Alonso jaunak adierazi du Foru Ogasunak, informazioa lortze aldera, jarraituko duela datu-bolumen handiak aztertzeko berariazko konponbide informatikoak garatzen. Horren harira, nabarmendu du geroz eta informazio gehiago lortzen dela beste administrazio batzuekin trukatutako datuen bidez, atzerrian dauden zergadun bizkaitarren ondasunak eta eskubideak hautemateko nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako informazioa barne. Adibide modura, zehaztu du Bizkaiko Foru Ogasunak Ameriketako Estatu Batuetako erakundeetako finantza-kontuen titular diren 400 zergadunen datuak jaso dituela 2014az geroztik. Europar Batasuneko beste estatu batzuetan lortutako errentei buruzko Europako DAC-1 Zuzentarauak bildutako informazioak honako hauek hartzen ditu barne: 5.500 pertsona baino gehiagoren pentsioak; 1.000 pertsona baino gehiagoren lan-etekinak eta zuzendarien ordainsariak; eta higiezinak edukitzea, 250 higiezin inguru aintzat hartuta. Atzerriko finantza-kontuei buruzko Europako DAC-2 Zuzentarauak 2016. urtetik aurrerako informazioa eskaintzen du 11.000 zordun baino gehiagori buruz, zeinen guztizko saldoa 1.500 milioi euro ingurukoa baita. Informazio hori 50 herrialde baino gehiagotik jaso da; alabaina, Suitzan bakarrik bildutako saldoa 600 milioi eurokoa da.

Prebentziozko jarduketak

Prebentziozko jarduketei dagokienez, Batuz eta Errenta berriaren araudia eta garapen informatikoa egiteaz gain, Alonsok nabarmendu du garrantzitsua dela ikastetxeei zerga-hezkuntzaren moduluan parte hartzeko aukera eskaintzen jarraitzea; modulu hori Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako zein Gipuzkoako foru-ogasunekin elkarlanean sortu dute.  Aurten, Bizkaiko 118 ikastetxek aipatutako modulua eskainiko diete DBHko hirugarren nahiz laugarren mailetako ikasleei.

Era berean, Foru Ogasunak jarraituko du etengabeko prestakuntzarako ekintzak burutzen azken urteetan sortutako unitate espezializatuetako kideentzat; unitate horien artean daude, besteak beste, hauexek: Informatika Auditoretza Unitatea, Zergadun Handiei Laguntza Espezializatua Emateko Unitatea, Zergadun Handien Tributu Kontrolerako Unitatea, Nazioarteko Fiskalitate eta Transferentziako Prezioen Unitatea, Konkurtso-ikerketako talde eragilea, eta Zerga Berezien Unitatea​.

Arautu eta kobratzeko jarduketak

Arautu eta kobratzeko jarduketen inguruan, Alonsok azpimarratu du Iruzurraren aurka Borrokatzeko Planak areagotzen duela nazioartekotutako enpresa-taldeen gaineko kontrola; hala, bereziki jazartzen dira hitzarmenez abusatuz edo eragiketen balorazioaren edo kokapenaren bidez egindako saiheste fiskaleko jardunbideak, zeinak Bizkaian egin beharreko zerga-ordainketa murriztu nahian egin baitira​. Enpresa handiei dagokienez, zerga-ordainketa behar bezala egin ote duten aztertuko da, eta arreta berezia jarriko da kenkariak eta beste zerga-pizgarri batzuk egoki finkatzean nahiz egiaztatzean​. Talde fiskalei dagokienez, aztertuko da zerga-baterakuntzaren araubidea behar bezala aplikatu ote den baterakuntza-perimetroaren zehaztapenean. Halaber, honako hauen aplikazio zuzena ere izango da aztergai: zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa, eranskinak eta ezabaketak. Hori guztia gorabehera, talde bakoitzeko zerga-ordainketako beste elementu berezi batzuk egiaztatuko dira.


Bideoak