2019(e)ko abenduaren 27(a) 12:25

Rementeria: Bizkaiko aurrekontuek lehentasuna ematen diete pertsonei, enpleguari eta aukera-berdintasunari

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

2020rako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrak 8.477 eurokoak dira, eta Gizarte Ekintzara bideratuko da sailetako gastuaren % 44

Aurrekontuak onarketa

Batzar Nagusiek Bizkaiko 2020rako Aurrekontu Orokorren Foru Araua onetsi dute. Aurrekontua 8.477 milioi eurokoa izango da. Aurrekontu horiei esker, Bizkaia hobetzen jarraitzeko helburua betetzen da. Ahaldun nagusiak aurrekontuetako hiru lerro nagusi aipatu ditu. Lerro horiei esker, helburu hauek lortu nahi dira: jarduera ekonomikoa sortzen jarraitu, kalitatezko enplegua bultzatu, beharrizana duten pertsonei lagundu, eta inbertsio produktiboak eta garraio publikoaren arloko hobekuntzak egiten dituzten eskualdeei aukera-berdintasuna eskaini.

Unai Rementeriak zehaztu duenez, Aldundiak arreta berezia eskainiko dio enpleguari, eta, hori dela eta, aurrekontu horietan sartzen dira Enplegurako Plan Berezira bideratuko diren 10 milioi euroetatik 2,5 milioi. Gainera, urtean 600 milioi eurora arteko kopurua bideratuko da aurrekontu-partida hauetara: adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak eta/edo bazterkeria-arriskuan daudenak, emakumeak, umeak eta zaintzaileak.

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onetsi duten aurrekontua Foru Aldundiak izan duen handiena da, 2020rako aurreikusitako diru-sarreren igoera dela eta. Igoera horren ondorioz, gainera, beste erakundeen gasturako eta inbertsiorako ahalmena handiagoa izango da. Diru-sarreren gehiengoa beste administrazio batzuk eskaintzen dituzten zerbitzuak finantzatzeko konpromisoak betetzeko erabiliko da, Estatuarentzako Kupoa, Eusko Jaurlaritzarentzako ekarpenak eta Bizkaiko udalen finantzaketa kasu. Bada, kasu bietan ordainketak aurten egindakoak baino handiagoak izango dira. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, ekarpenak 161,7 milioi euro areagotu dira, eta udalen kasuan, aldiz, 33,1 milioi euro.


Argazkiak


Bideoak


Audioak