2020(e)ko urtarrilaren 02(a) 10:00

Bizkaiko zaintzaileek dagoeneko eskuratu ditzakete 15 eguneko atsedenaldia hartzeko eskubidea ematen dieten laguntzak

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak gutunak bidali ditu familia-inguruan zaintzak emateaz arduratzen den zaintzaile bat dagoen 21.000 etxetara; izan ere, egoera horretan egotea nahitaezko baldintza da gaur indarrean sartuko den laguntza osagarriaren onuradun izateko. Urtean 15 eguneko aldi baterako egonaldia Zaintzaileen Estatutuan ezarritako atsedenaldi-zerbitzuari lotutako prestazioaren bidez finantzatuko da. Hogeita hamar pertsona inguruk egin dute eskaera jada, eta bi asteko atsedenaldiaz gozatuko duten lehenak izango dira. Mendekotasun-egoeran dagoen senidea foru-sareko egoitza batean egongo da tarte horretan.

Une honetan, Bizkaian, Familia Ingurunean Zaintzeko Prestazioaren (FIZP) 21.000 onuradun erregistratuta daude. Horrenbestez, horrek esan nahi du beste hainbat pertsonek mendekotasun-egoeran dauden pertsonak modu informalean zaintzen dituztela; hala daude aitortuta Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuan.Horiek guztiek Bizkaiko Foru Aldundiaren gutun bat jaso dute beren etxebizitzetan, zeinaren bidez jakinarazi baitzaie zaintzaile-izaera aitortu zaiela eta animatzen baitzaie Zaintzaileen Estatutuan jasota dagoen atseden hartzeko eskubidea baliatzera.

Ostegun honetan, urtarrilaren 2an, erabat eraginkorra izango da atseden hartzeko eskubidea garatzen duen foru-dekretua, aldi baterako egoitza-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko berria arautzen duena, zeinaren bidez bere etxean mendekotasun-egoeran dagoen senide bat zaintzen duen pertsonak urtean 15 eguneko atsedena hartu ahalko baitu. Mendekotasun-egoeran dagoen senidea foru-sareko egoitza batean egongo da tarte horretan. Dagoeneko 32 zaintzailek beharrezkoak diren urratsak eman dituzte hizpide dugun atsedena hartzeko aurten.Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuan jasota dauden erantzukizun publikoko neurriek barne hartzen dute adierazitako jarduketa, zeinak pixkanaka ezartzen ari baitira beste pertsona batzuk zaintzen dituztenen lana aitortu, babestu eta hobetze aldera. Neurri horiei esker, Bizkaia Europako lurralde aurreratuenetakoa da. Zaintzaileentzako atseden-zerbitzua finantzatzeko, Foru Aldundiak 2.680.000 euro erabiliko ditu aurten.

Gutxienez, aldi baterako egonaldia hasi baino 45 egun lehenago aurkeztu beharko dira atseden hartzeko eskaerak; aldi horretan Familia Ingurunean Zaintzeko Prestazioa aldi horretan etengo da, bi prestazioak bateraezinak baitira, eta berriz ere automatikoki aktibatuko da atsedenaldia amaitutakoan.

Egoitza elektronikoan deskargatu daiteke eskaera-inprimakia, esteka honetan: https://www.ebizkaia.eus/es/catalogo-de-tramites-y-servicios?procID=1566

Horrez gain, gai honen gaineko zalantzak Bizkaiko Foru Aldundiko telefono-zenbaki honetan argituko dituzte: 94 406 60 00.

Bizkaiko zaintzaileen karakterizazioa

% 80 baino gehiagok euren etxean geratu nahi du, mendekotasun-egoeran baldin badaude ere, eta beste pertsona batzuen zaintzak behar badituzte ere; kasu gehienetan, pertsona horiek senide zuzenak dira eta, gehienetan, emakumeak.

Lehenengo begiradan, zaintzailearen profila honelakoa da: 61 urteko emakumea (% 65), ezkontidea edo alaba, mendekotasuna (gehienbat II. gradukoa, % 37) duen pertsona bat zaintzen, 71 urtekoa.

Hala ere, zaintzaileak xehetasun handiagoarekin aztertuz gero, zenbait ñabardura antzeman daitezke, zaintzaileen profil ezberdinak agerian uzten dituztenak.

Zaintzailearen eta mendekotasuna duen pertsonaren arteko ahaidetasunari erreparatuta, gehienetan seme-alabak (% 41,55) edo ezkontideak (% 31,32) dira. Adina loturaren araberakoa da, ezkontideak nagusienak dira (74,9 urte), eta ondorengoak (% 16,68) zaintzen dituzten gurasoak, berriz, gazteenak (50,84 urte).


Bideoak


Audioak