2020(e)ko urtarrilaren 04(a) 10:00

Bizkaiak azken teknologiez hornitutako autoeskala erosi du, dagoeneko Iurretako suhiltzaile parketik diharduena

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

32 metroko altuera duen Magirus M32L AS autoeskala berriak erantzun-denborak hobetzea, zirkulazioan arintasun handiagoa eta profesionalentzako segurtasun handiagoa lortzea ahalbidetuko ditu. 710.000 eurotik gorako inbertsioa behar izan da.

Magirus M32L AS autoeskala Iurretan

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak  autoeskala berria eta modernoa eskuratu du eta Iurretako Suhiltzaile Parketik dihardu dagoeneko eskualdeko udalerriei zerbitzua emateko. Foru Aldundiak 711.480 euro inbertitu ditu ibilgailu horretan, 1992. urteaz geroztik lanean ari zena ordezkatzeko.

M32L AS ereduko autoeskala berria Alemaniako Ulm hirian kokatuta dagoen Magirus enpresak egin du; zabaldu ostean 32 metroko garaiera du eta 60 segundoko gehieneko denboran hedatzen da. Ibilgailu mota horietan eskuragarri dauden azken prestazio eta berrikuntzak ditu, hala nola: 5 lagunentzako edukiera duen saski-plataforma bat; ur-monitorea eta aginte-postu nagusitik ikusmena duen kamera saskian instalatuta, eta erorikoen aurkako lerro pertsonalak segurtatzeko segurtasun-ainguraketa guneak; saskian segurtatzeko eta atxikitzeko sistemak eta erreskaterako anda-zorro bat, 270 kilogramoko karga-ahalmena duena.

Halaber, ibilgailuaren behealdean gurutze erako 4 egonkortzaile ditu makinak lan egin behar duen tokiaren zabalera erabilgarrira egokitzen direnak eta lurrak izan ditzakeen desnibelak gorabehera eskailera orekatzea ahalbidetzen dutenak. Gainera eskaileraren azken zatia artikulatzeko eta zabaltzeko aukera du eta horri esker suhiltzaileek aukera dute suteei teilatuen atzetik erasotzeko edo eremu sakonetan salbamenduak egiteko.

Ibilgailu berriak esku hartzearen eraginkortasuna eta azkartasuna hobetzen ditu, eta segurtasun-sistema hobea du. Horrela esku hartzeak egiteko lekualdaketen denbora hobetu ahal izango da; azkarrago zirkulatu ahal izango da, ibilgailua azkarrago jarri, nibelatu eta erabili ahal izango da; lan-luzera handiagoa izango da eta, era berean, segurtasuna handiagoa izango da hala suhiltzaileentzat nola laguntza behar izan dezaketen pertsonentzat.

Azken erosketa horrekin Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek belaunaldi desberdinetako Magirus etxeko 9 autoeskailera dituzte.

Suhiltzaileen Iurrerako Parkea

Iurretako egungo suhiltzaileen parkea 2010etik dago martxan (1970etik Durangon zegoena ordezkatu zuen), eta Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua osatzen duten 8 parkeetako laugarrena da esku hartzeei dagokienez, Urioste, Artaza eta Basauriren atzetik. Iurreta ez ezik, Durango, Ermua, Amorebieta-Etxano, Elorrio, Abadiño, Berriz, Zaldibar, Atxondo, Mallabia, Otxandio, Mañaria, Izurtza eta Garay udalerriei ere ematen die estaldura.

Parke hori osatzen duten 52 kideek (42 suhiltzaile, 6 kabo, 3 sarjentu eta ikuskatzaile-orde bat) 519 irteera egin zituzten 2018an; horietatik 334 salbamendu operazioak izan ziren, 129 suteetan egin ziren esku hartzeak eta 56 laguntza teknikoak. Durango (% 27), Amorebieta-Etxano (% 17) eta Abadiño (% 14) udalerriek parkeko irteeren % 58 bildu zituzten bere esku hartze eremuan.


Argazkiak