2020(e)ko abenduaren 29(a) 10:00

Bizkaiak 2,5 milioi euro bideratuko ditu 2020an enpresa berritzaile berriak sortzeko laguntza-programara

Ekonomia Sustatzeko Saila

Dekretuak 15.000tik 65.000 eurora arteko laguntzak ezartzen ditu, hainbat arlotan, enpresa-proiektu berritzaileak garatzeko eta enpresa berritzaile berriak sortzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa berritzaileak sortzeko programaren 2020ko lehenengo deialdia onartu du. Ekonomia Sustatzeko Sailaren ardatz estrategiko horren bitartez, ekitaldi honetan 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo da programa espezifiko hori garatzeko, Bizkaian startupak sustatzen eta finkatzen jarraitzeko helburuarekin.

Lehen deialdiko laguntzak eskatzeko epea 2020ko otsailaren 1etik martxoaren 12ra artekoa da, eta proiektu bakoitzaren beharrizan espezifikoen araberakoa izango da. Ildo horretan, enpresa bakoitzak gehienez ere 15.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du lokalen errentamendurako; 20.000 eurokoa kontratazio espezifikoak egiteko; 30.000 eurokoa enpresa berri bat eratu eta abiarazteko; eta 65.000 eurokoa startup bat abian jartzeko.

Bizkaiko enpresa-ehunari dibertsifikazioa eta teknologia berriak ekarriko dizkioten proiektu berriak, balio erantsi handia eta hazteko ahalmena dutenak, abiarazten laguntzea da programaren helburua. Gainera, ekintzaileei laguntza eta jarraipena egiteko tresna guztiak eskainiko zaizkie, proiektu bat haren aldi guztietan eratzeko eta/edo abian jartzeko. Era berean, lehentasunezko helburutzat ezarri da enpresa berritzaileen hazkundea azeleratzea, jarduera ekonomiko handiagoa sortzeko eta barne-ekintzailetza bultzatzeko.

Ekintzailetzako eta Gizarte Berrikuntzako programa

Bestalde, Ekonomia Sustatzeko Sailak 400.000 euro bideratuko ditu ekitaldi honetan Ekintzailetzako eta Gizarte Berrikuntzako Programara. Haren bidez, laguntza eskaini nahi zaie proiektu berritzaile eta inpaktudunen bitartez ekonomia soziala sustatzen duten enpresa berriei.

Programa horretan parte hartu dezakete ekintzaileek, entitate sozialek, erakundeek edo jardunean dauden enpresek. Dirulaguntzaren xede diren proiektuen helburu esplizitua gizarte-arazo bati konponbidea ematea izan behar da. Horretarako, konponbide berritzaile bat eskaini behar dute, egun daudenak baino eraginkor, efiziente, iraunkor eta bidezkoagoa. Halaber, dekretuan ezartzen da merkatura bideratuta egon behar direla; horrek esan nahi du negozio-ereduak —egoera iraunkorrean— ez duela behar urteko fakturazio-bolumenaren % 30etik gorako sarrerak izatea laguntza publikoak direla eta.

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko martxoaren 2tik apirilaren 23ra artekoa izango da.