2019(e)ko abenduaren 23(a) 10:00

Bizkaiak 19,8 milioi euro erabiliko ditu 15 udal-egoitzatan itundutako 578 plazetarako

Gizarte Ekintzako Saila

Aitortutako II. eta III. graduko mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko finantzatutako plazak dira. Foru Aldundiak udal-egoitzetan itundutako lekuak ordaintzeko konpromisoa beteko du, EUDELekin 2017an sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin bat etorriz, zeinaren bitartez arreta emango zaien mendekotasun-egoeran dauden adinekoei.

Bizkaiko Foru Aldundiak 20 milioi euro inguru erabiliko ditu 2020. urtean lurraldeko udal-titulartasuneko 15 egoitzatan, guztira, itundutako 578 leku finantzatzeko; hain zuzen ere, aitortutako II. eta III. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta emateko izango da. Gobernu Kontseiluak onetsi ditu hitzarmenak, eta honako hauekin sinatu dira: Arratiako Mankomunitatea eta Basauri, Bermeo, Dima, Erandio, Forua, Getxo, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Santurtzi, Urduña, Zalla, Zeberio eta Sestaoko udalak, adinekoentzako udal-egoitzazko zentroen titularrak direnak. Itundutako zentroak mantentzeko inbertsioa, guztira, 19.796.179 eurokoa izango da.

Hitzarmen horiek Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek 2017ko apirilean sinatutako lankidetzarako esparru-akordioaren barnean sartzen dira, non udal-titulartasuneko zentro guztien eta foru-erakundearen arteko harremanak arautu diren. Esparru-akordio hori 2020ko ekitaldira arte luzatuko da. 

Hitzarmen horiei esker, esparru-akordioaren baitan, udalen eta mankomunitateen lehentasunari erantzun ahal izan zaio, eta zentro horietako erabiltzaileei kalitate oneko zerbitzuak eta arreta hobea eskaintzen jarraitu. Gainera, Zorroari buruzko Dekretuaren garapenarekiko eta Bizkaiko lurraldeko prestazioen eta gizarte-zerbitzuen mapa zabaltzearekiko koherentea den metodologia baten bitartez egin da. Bestalde, II. edo III. graduko mendekotasun-egoeretan bizi diren pertsonei aukera eman die udal-titulartasuneko egoitzazko zentroetan geratzeko, hala nahi izanez gero, eta foru-finantzaketaren bitartez. Horrela, bermatuta egongo da erabiltzaileek mendekotasun-egoeretan arreta zein zentrotan jaso nahi duten aukeratzeko askatasuna.