2019(e)ko abenduaren 19(a) 10:43

Gidarien arabera, oso ondo daude Bizkaiko errepideak, eta garbitasuna, seinaleak eta segurtasun-neurriak nabarmendu dituzte

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Lurraldeko errepideen kalitatea nola ikusten duten jakiteko inkestan lortutako emaitzen arabera, erabiltzaileek kalifikazio ona jarri diote foru bide-sarearen egoerari, eta, gainera, Supersur saihesbidearen bigarren faseak eta itsasadarraren azpiko tunelak trafikoa hobetzen lagunduko dutela uste dute Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak jakinarazi du 21.000 pertsonak egin dutela bat bidesarietako gastua mugatzeko Bidesaria programarekin, eta, batez beste, 55 euroko dirulaguntza jaso dute

Imanol Pradales

Bizkaiko errepideetako erabiltzaileek, batez beste, 7,7ko puntuazioa jarri diote foru bide-sarearen 1.300 kilometroen egoera orokorrari, eta puntuazio hori bat dator azken urteetan lortutakoarekin. Datu hori, hain zuzen ere, Bizkaiko errepideen kalitatearen inguruko informazioa jasotzeko inkestaren emaitzetatik lortu da. Imanol Pradales foru-diputatua arduratu da emaitzak aurkezteaz.

Inkestaren arabera, erabiltzaileek sarearen garbitasuna baloratu dute notarik onenarekin, 8.86 puntu, eta gero seinaleak 8,33 punturekin. Trazadurak, segurtasun-neurriek, ingurumenean duen eraginak edo errepideetako obrek, aldiz, 7,5 eta 8 puntu bitartean lortu dituzte. Aurreko emaitzekin alderatuta, bide-zoruaren egoerak eta zoladurak baino ez du behera egin (2018. urteko 6,7 puntuetatik, 2019. urteko 6,0 puntuetara). Batik bat, inkesta egin zenean —azaroaren 6tik 20ra— egondako euri zaparradengatik izan da hori.

Bidesaria

Gero eta jende gehiagok egin du bat gastua mugatzeko Bidesaria programarekin. Aurten, 8,5 puntuko balorazioa lortu du, 2017. urtean hasi zenean baino 0,4 puntu gehiago. Bestalde, nabarmendu beharra dago erabiltzaileek bikain bat jarri diotela Bidesaria programari, zeinaren bitartez, hilean, gehienez ere, 31,8 euro ordaintzen dituzten AP8, Supersur eta Artxandako tuneletan. Horrez gain, 8 puntura igo da Gipuzkoarekin eta Arabarekin dugun bonu konbinatua. Horri esker, hilean 46,58 euroko gehieneko gastua ezarri da lurralde horietako AP8 eta AP1 errepideen ordainsarietan.

Pradalesek jakinarazi duenez, dagoeneko 21.000 pertsona sartu dira Bidesaria programan. Azarora arte, 55 eurora igo da batez besteko itzulketa; beraz, Aldundiak 8.275.000 eurora igo du programa finantzatzeko 2019. urteko partida.

Bidesarera Plana

Sarea hobetzeko eta modernizatzeko Bidesarea Planari dagokionez, erabiltzaileek 7,7 puntuko balorazioa eman diote. Plan horretan jasota obrak egiteko beharrari buruz galdetu diegunean, honako puntuazio hauek eman dituzte:

  • Lemoa eta Zeanuri arteko N-240 errepidea hobetzeko premia: 7,5
  • Artea eta Zeberio arteko segurtasuna hobetzeko premia: 7,6
  • Markina eta Berriatua arteko errepidea hobetzeko premia: 9,2
  • Errontegitik Txorierrirantz doan irteera-konexioa hobetzeko premia: 8,1
  • Malabrigo eta Traslaviña arteko BI-630 hobetzeko premia: 8,4
  • Mungia eta Trobika arteko errepidea hobetzeko premia: 6,5
  • Iurretan N-634 errepidea berrantolatzeko premia: 7,4
  • Berna eta Euba arteko errepidea hobetzeko premia: 7,1
  • Abian jarri zenetik urtebete igaro denean, erabiltzaileek 8,7 batekin baloratu dute Ermuko saihesbidea, eta udalerriko herrigunean trafikoak behera egin duela nabarmendu dute

Supersur

Pixka bat hobetu da Supersurren balorazio orokorra, eta 6,7 puntura iritsi da. Azpiegiturari Enkarterriko herritarrek eman diote baloraziorik onena. Horrez gain, hamarretik seik uste dute A8ko auto-ilarak murrizten eta trafikoa arintzen lagundu duela. Supersurraren ezaugarriei dagokienez, 8 puntura iritsi da segurtasunean, erosotasunean eta arintasunean, bideen eta bazterbideen zabaleran eta argiterian.

Supersur AP68 errepidearekin lotzeko aurten hasi diren obrei buruz, kontsultatutako hamar pertsonatik zazpik uste dute bigarren faseak inguruaren mugikortasuna hobetuko duela. Gainera, obra oso interesgarriak edo nahiko interesgarriak dira % 64,4rentzat eta ez oso interesgarriak edo batere interesgarriak % 19,9rentzat.

Itsasadarraren azpiko tunela

Errontegiko zubiaz gain, beste alternatiba bat behar dela galdetzerakoan, Bizkaiko errepideetako erabiltzaileek 7,9ko puntuazioa eman dute, 0 ez da premiazkoa eta 10 guztiz premiazkoa direlarik. Ildo horretatik, % 81,5ek uste du itsasadarraren azpiko tunelak trafikoa arintzen lagunduko duela Bizkaian. Antzeko ehuneko batekin, hamarretik zortzik uste dute ona litzatekeela garraio publikoa ere itsasadarraren azpiko tuneletik igarotzea.

Berrikuntza errepideetan

Galdetutakoen % 81ek uste du egokia dela errepideen berrikuntza Aldundiaren lehentasunezko ardatz izatea. % 77,9k uste du errepideetako teknologia berrietan inbertitu behar dela.

Azterlana telefono-inkesta baten bitartez egin da. Hain zuzen ere, Bizkaian bizi diren 3.000 gidariri egin dizkiegu galderak 2019ko azaroaren 6tik 20ra.


Argazkiak


Bideoak


Audioak