2019(e)ko abenduaren 18(a) 11:09

Bizkaia Talentek Talentia Challengen laugarren edizioa aurkezten du

Ekonomia Sustatzeko Saila

35 gazte talentudunek Bizkaiko bost erakunde eta enpresak proposatutako erronkak ebazteko lan egingo dute

Talentia Challenge

Bizkaiko Foru Aldundiak tinko darrai lurraldeko talentu gaztea sustatzeko apustuarekin. Bada, horretarako, Bizkaiko erakunde garrantzitsuen laguntzaz eta La Caixa Banku Fundazioaren babesarekin, Talentia Challenge programaren beste edizio bat aurkeztu du. Urtarrilean hasiko da, eta bost hilabeteko iraupena izango du.

Ekonomia Sustatzeko saileko foru diputatu Ainara Basurkok eta Bizkaia Talenteko zuzendari kudeatzaile Iván Jiménezek edizio honen xehetasunen berri eman dute. Ekimena Bizkaia Talentek garatzen du Talentia zerbitzuaren baitan, eta helburua da gaitasun handiko pertsonak lurraldera erakarri, atxiki eta lotzeko baldintzak eta prozesuak sustatu eta erraztea. Horretarako, parte hartzen duten enpresek proposatutako benetako erronka profesional bati egin beharko diote aurre parte-hartzaileek.

Laugarren edizio honetan Biolan, Elecnor, Fineco, La Caixa eta Zunibal izan dira erronkak aurkeztu dituzten bost erakundeak. Erronka horiei konponbidea aurkitzeko, 35 gaztek diziplina anitzeko bost taldetan lan egingo dute, askotariko profilak dituzten eta akademiaren adar ezberdinetatik datozen pertsonek osatutakoak. Hala, kide bakoitzaren ekarpenak gainerakoenekin osatuko dira, eta erronkak ikuspegi integral batetik landuko dira.

Taldeek team coach baten laguntza izango dute, gazteak lagundu eta gidatuko dituenak prozesu osoan zehar. Horrez gain, prestakuntza-saioak izango dituzte mentore espezializatuen eskutik, prestakuntza jarraitua bermatzeko asmoz, eta ikasketa-egonaldi bat egingo dute Bartzelonan, tokiko eragileekin ezagutzak partekatu eta erronkak konpontzeko ideia berriak sortu ahal izateko.

Balorazio oso positiboa

Lehenengo hiru edizio hauetan, gazteek nahiz erakundeetako ordezkariek modu oso positiboan baloratu dute esperientzia. Hala, 2019ko urtarriletik ekainera arte gauzatu den azken edizioaren ostean, gazteek aitortu dute programak lagundu egin diela beren garapen profesionala azkartzen eta enpresa munduan integratzen. Halaber, enpresa guztiek (% 100) baieztatu dute programan parte hartzea gomendatuko luketela. 

Talentia Challengen azken hiru edizioetan 100 gaztek parte hartu dute, eta konponbidea eman diete programatik igaro diren honako 15 erakunde hauei: Apnabi, Arteche, Bizkaiako Foru Aldundia, Faes Farma, Grupo Urbegi, Idom, Imar, ITP Aero, Lantegi Batuak, Parke Bizkaia, Seber Altube Ikastola, Sener, Sisteplant, Tecuni eta Vidrala.

Talentia zerbitzua

Talentia zerbitzua unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta honako programa hauek ditu: Talentia programa, Bizkaiko Profesionaltasunerako Gaitasunen Programa, Talentia Challenge eta Be Basque Ambassadors. Zerbitzu horren osagai nagusia da industriaren eta akademiaren arteko elkarlana, eta eskualdeko jasangarritasunari laguntzeko helburua ere bai. Hala, euskal unibertsitate-talentua garatzearen alde egiten du apustu, betiere zeharkako gaitasunak garatzearen bidez.


Argazkiak


Bideoak