2019(e)ko abenduaren 16(a) 10:34

Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkeztu du

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Unai Rementeria: “Badakit Norman Foster oso pozik dagoela proiektu honekin. Badakit gogor ari dela lanean. Eta badakit, baita, haren paregabeko adimena eta eskua jo eta ke ibiliko direla zirriborroak eta ideiak marrazten, Museoaren zabalkuntza hori are gehiago hobetze aldera”.

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkezpena

Gaur goizean, Norman Fosterrek proiektuaren idazketaren aurrerapena aurkeztu du Bilboko Arte Ederren Museoan, hura handitzea xede duen proiektuari dagokiona. Ekitaldi horretan izan dira, besteak beste, Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Museoko Patronatuko lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikaren arloko sailburua; eta Juan Mari Aburto, Bilboko Udaleko alkatea; han izan dira, baita, Patronatuko, Museoa handitzeari doakion arkitektura-lehiaketarako epaimahaiko eta Museoaren Programa Korporatiboko beste ordezkari batzuk ere.

Esku-hartze arkitektoniko garrantzitsu horren ibilbide-orria 2018ko abenduaren 11n finkatu zen, 2019-2022 Plan Estrategikoan. Plan hori Patronatuak onetsi zuen, erakundea modernizatzea eta fisikoki handitzea bultzatzeko helburuarekin. Ikuspegi estrategiko berri horren ildoari jarraikiz, garrantzirik handieneko jarduketa da museoaren eremu operatiboaren azalera 8.000 m2-tan handitzea. Proiektuaren aurrekontua 18.658.200 eurokoa da, eta haren burutzapen-epea, berriz, 45 hilabetekoa.

Hori erdiesteko lehen urratsa otsailaren 11n egindako arkitektura-lehiaketarako deialdia izan zen. Deialdi hori museoaren ohorezko patroia den BBKren finantzaketari esker gauzatu zen. Lehen fasean onartu ziren 57 taldeetatik, epaimahaiak apirilaren 8an ebatzi zituen sei finalistak.

Azkenik, uztailaren 23an, lehiaketa horri zegokion erabakia iragarri zen, hots, Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztu zuen "Agravitas" izeneko proiektuaren aldeko erabakia. Proiektu irabazlea eta finalistak jendaurrean azaldu ziren uztailaren 29tik urriaren 6ra bitartean.

Museoa handitzeko ideia egituratzailea 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea da, jatorrizko sarrera berrezarriz. Egun badauden instalazioen gainean dimentsio bakarreko eremua proiektatu da, 1945 eta 1970eko eraikinak errespetatuz haien gainean dagoen eremua alegia, halako moldez non Museoak solairu garbi eta malgu bakarrean egituratuko diren galeriak izango baititu. Esku-hartzeak, gainera, Arriagaren Monumentuaren plaza Museoaren ardatz egituratzailearen bihotz berri bilakarazten du.

Bere irizpenean, epaimahaiak honela laburbildu zituen proiektuaren indarguneak: Proiektu honek irudi teknologikoa agertzen du, ikuspegi humanistikoari heltzen dio eta, iraunkortasunari dagokionez, proiektu ekologikoa da; proposamenak arkitekturaren kalitatea, hiri-sentsibilitatea eta erantzukizun soziala batzen ditu, Bilboko erdigune historikoan mugarri argitsu eta leuna eraikitze aldera.

Beste alde batetik, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, arkitektura modernoaren ikur batek bere zigilua jarri du berriro gurean, dimentsio eta oihartzun handiko proiektu batekin. Bizkaia eta Foster berriro elkartu dira. Urtebete baino gutxiagoan beteko ditugu Bilboko Metroaren lehen 25 urteak. Metroak bizitza hobetu digu. Zeharo hobetu digu. Harrezkero, Norman Foster gutartzat hartzen dugu, geure etxekotzat. Eta ziur nago Arte Ederren zabalkuntza honek bide bera urratuko duela. Izan ere, beste ezaugarri bat emango dio Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko nortasun nabarmen honi. Eta bizitza ere hobetu egingo digu, azaldu du Unai Rementeriak.


Argazkiak


Bideoak


Audioak