2019(e)ko abenduaren 04(a) 09:55

Bizkaiak ordainpeko autobideetan contactless txartelen eta mugikorraren bidez ordaintzeko sistema ezarriko du

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Inberbiakek 4,5 milioi euroko inbertsio bat egingo du AP-8ko, MHSko eta Artxandako tuneletako ordainpeko 119 errepideetan ordainketa-sistema digitalizatzeko; errepideotan, erabiltzaileek ukipenik gabeko txartelak edo telefono mugikorra erabiliz ordaindu ahal izango dute bidesaria.

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako erabiltzaileek contactless txartelak edo telefono mugikorra baliatuz ordaindu ahal izango dituzte bidesariak, telefonoan aktibaturik badaukate NFC teknologia bidezko ordainketa-sistema. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko foru-diputatu Imanol Pradalesek jakinarazi du ordainlekuen modernizazio-sistema hau urtebete barru izango dutela erabilgarri erabiltzaileek hiru azpiegituretako ordainpeko 119 errepideetan.

Interbiakek ordainpeko errepide guztietan digitalizatze-lanei heltzeko kontratuaren lizitazioa onartu berri du; hain zuzen, errepide bakoitzeko txartel-irakurgailua aldatzeaz gainera, ordainleku bakoitzaren eta kreditu-txartelak kudeatu eta ordainketa baimentzen duten erakundeen arteko lotura hobetuko da; beraz, eragiketa bizkorragoa eta seguruagoa izango da. Eguneratze hau egiteko aurrekontu zenbatetsia 4,5 milioi euro da. Inbertsio horri esker, Interbiakek txartel bidez ordaintzeko sistemak berrituko ditu: erabiltzaileek eskatutako teknologiak sartuko ditu, eta AP-8ko, MMHSko eta Artxandako tuneletako ordainpeko errepideetan instalatutako aparatuak homogeneizatuko.

Pradalesek adierazi duenez, contactless txartelen edo mugikorraren erabileraren bidez espero dute txartela baliatzen duten erabiltzaileek ordainketa-eragiketak azkarrago egitea. Gaur egun, Bizkaiko ordainlekuetan egiten diren ordainketen % 20n sistema hori erabiltzen da. Halaber, txartel bidezko ordainketa erakargarriagoa izan daiteke autobidea eskudirutan ordaintzen dutenentzat. Ordainketa guztien % 15 eskudirutan egiten da. Bi sistema horiek alde batera utzita, bidaia gehienak, % 65, Via-T sistemaren bidez ordaintzen dira. Sistema horrek, gainera, aukera ematen du dirulaguntzen programari heltzeko, zeinak muga bat ezartzen duen Interbiakek kudeatutako autobideetan hileko ordaindu beharreko zenbatekoan.

Gaur egun, ordainpeko errepideetan txartel magnetikoak besterik ez da onartzen; gainera, irakurgailuan sartu behar dira ordainsaria ordaintzeko. Aurreikusitako aldaketaren bidez, contactless sistemako txarteletara egokituko da, baina oraingo sistemari eutsiko zaio txartel-mota hori ez daukaten erabiltzaileentzat. Gainera, eskudirutan ordaintzen jarraitu ahal izango da.

Onura gisa, ordainsaria txartel bidez ordaindu eta Bidesaria zerbitzuan (fakturak kudeatzeko) erregistraturik dauden erabiltzaileek ia aldi berean eskuratu ahal izango dute, Interbiaken web orrian, ordainlekuetan txartelaren bidez egin dituzten mugimenduei buruzko informazioa.


Bideoak


Audioak