2019(e)ko azaroaren 15(a) 19:30

‘José Arrue barrutik’ proiektuak pintorearen lanak erakutsiko ditu Bizkaiko bost erakusketa-espaziotan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Euskal Herria Museoa, Arrantzaleen Museoa, Euskal Museoa, Ondare Aretoa eta FIG BILBAO —Paper gaineko Artearen eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia—espazioetan ikusi ahal izango dira José Arrue pintorearen lanak, baita euskal kulturaren hainbat irudi erretratatu dituen pintorearen ikuspegi guztiak ere. Lorea Bilbao diputatuak honako hau nabarmendu du: “José Arrue pintore bizkaitarrak islatu du gehien eta inork baino hobeto hain garrantzitsua dugun ondarea, materiala eta immateriala”.

Bizkaiko bost erakusketa-espaziotan -Euskal Herria Museoa, Gernika-Lumon; Arrantzaleen Museoa, Bermeon; eta Euskal Museoa, Ondare aretoa eta FIG BILBAO Paper gaineko Artearen eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia, Bilbon- ikusi ahal izango da, hurrengo hilabeteetan, ‘José Arrue barrutik’ izeneko proiektua. Izan ere, programa handizalea da hori, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duena pintorearen lanak erakusteko asmoz (Bilbo1885 - Laudio, 1977).

Andoni Iturbe Kulturako zuzendari nagusiak aurkeztu du proiektua, gaur arratsaldean, Gernikako Euskal Herria Museoan. Diputatuak azpimarratu du erakusketaren bidez pintorearen ekarpena erakutsi nahi dela Bizkaiko kulturan eta gizartean, euskal Kostunbrismoa hoberen ordezkatzen duen artistetako bat delako.

Beraz, Bizkaiko bost erakusketa-espazio horietan, artistak ilustratu zituen bost gai ikusi ahal izango dira: pertsonaia arketipikoak, paisaiak, ohiturak, euskal kostaldearen bistak, ohiko bizimoduko tresnak erakusten dituzten pinturak, bere erretratu intimoena eta egin zituen grabatuak.

FIG BILBAOn —Paper gaineko Artearen eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdian—erakutsiko da proiektua lehenbizi, azaroaren 14tik 17ra bitartean. Arrueren sormena ikusi ahal izango da jaialdi horretan, enpresa askok agindu zioten publizitaterako marrazkien bidez.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, aldiz, 2019ko azaroaren 15etik 2020ko ekainaren 28ra bitartean ikusi ahal izango da "José Arrue barrutik" izeneko erakusketa. Arrue hurbilena eta ezezagunena ikusiko da orduan, euskal imajinarioa erakutsiz pertsonaia arketipikoen, paisaien eta ohituren bidez. Olio-pinturez gain, ohiko bizimoduko tresna batzuk ere erakutsiko dira bertan, besteak beste: akuarelak, komiki-zutabeak eta marrazkiak.

Azaroaren 15ean, Ondare aretoan "Campesinos/Baserritarrak" lana ikusi ahal izango da. Lan hori Bilboko Arte Ederren Museokoa da, eta astebetez bakarrik erakutsiko da areto horretan, azaroaren 23ra arte.

2019ko abenduaren 5etik 2020ko apirilaren 19ra bitartean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, "José Arrue eta itsasoa" proiektua erakutsiko da. Euskal kostaldearen ikuspegi harrigarrienetako batzuk ikusiko dira erakusketa horretan egongo diren marrazkien, akuarelen eta olio-pinturen bidez. Besteak beste, Bakio, Bermeo eta Sopela kostaldeko guneak bere pinturaren inspirazio-iturri izan ziren, baita haietako biztanleak ere. José Arrueren paisaiak bakartiak dira, espiritualtasunez beteak, baina alaiak eta bizitasuna eta errealismoa duten irudiz betetakoak ere badira. 

Azkenik, Bilboko Euskal Museoan artistaren alde harrigarrienetako bat ikusi ahal izango da "José Arrue, herri-kulturaren adierazlea" izeneko erakusketan. 2020ko urtarrilean eta otsailean, Euskal Herriko ohiturak eta pertsonaiak ikusiko dira museoan. Ohiko bizimoduko objektu ugari egongo da bertan, hala nola: abanikoak, erretzeko papera duten kutxatxoak, ontziteria, pitxerrak, kutxak, partiturak eta pintoreak ilustratu dituen bestelako objektuak.

Ondare materiala eta immateriala

Diputatuak honako hau azpimarratu du: José Arrue pintore bizkaitarrak islatu du gehien eta inork baino hobeto hain garrantzitsua dugun ondare materiala eta immateriala. Era berean, honako hau nabarmendu du: bere lanetan ondo islatu zituen gure dantza, folklorea, gastronomia, itsasoa, mendia, nekazaritza eta, batez ere, biztanleak. Emakumeek eta gizonek bizia hartzen dute pintore bikain honen lanetan.

Proiektua egin ahal izateko familiaren funtsa erabili da. Oinordekoek, izan ere, oso ondo zaintzen dute, eta "ardura handiz", funts hori, eta horri esker lortu da José Arrueren lan artistikoa hedatzea eta proiektatzea.

Baina proiektuarekin batera hainbat ekintza egingo dira, euskal kostunbrismoaren ordezkari onenetako bat hobeto ezagutzen lagunduko diguten ekintzak, alegia.

EKINTZAK:

2019ko azaroaren 19a

Hitzaldia: "José Arrue eta Dekorazio-Arteen Erakusketa Paris 1925". Santiago Arcediano. Ondare aretoa (María Díaz de Haro 11, 1. solairua), 19:00etan.

2019ko azaroaren 20a

Mahai-ingurua: "José Arrue barrutik". José Antonio Larrinaga, Felícitas A. Lorenzo, Arantxa Pereda eta Roberto Sáenz de Gorbea. Ondare aretoa (María Díaz de Haro 11, 1. solairua, Bilbo), 19:00etan.

2020ko urtarriletik aurrera:

Bisita gidatuak "José Arrue barrutik" erakusketara, Gernikako Euskal Herria Museora. Telefonoa: 946 255 451 - euskalherriamuseoa@bizkaia.eus

Urtarrilaren 30a

Hitzaldia: "Arrue eta euskal soineko tradizionalak". Amaia Mujika. Bilboko Euskal Museoa. 19:00etan.

Otsailaren 27a

Miren Agur Meaberen "Leihoak/las ventanas" kontakizunaren aurkezpena. Txile aretoa (Arrantzaleen Museoa). Bermeo, 19:30ean.

Informazioa hemen: www.bizkaikoa.bizkaia.eus