2019(e)ko azaroaren 08(a) 11:00

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2020an egingo dituen inbertsioak 160 milioi eurokoak izango dira

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bide-sarearen kontserbaziorako eta mantentze-lanetarako inbertsioak Sailaren aurrekontuaren 54,2 milioi eurokoak izango dira. Inbertsio horiek, bestalde, partida esanguratsuak aurreikusten dituzte Supersurren eta Kukularra gauzatzen ari diren obretarako, Ezkerraldea/Meatzaldea Parke Teknologikorako sarbideak eraikitzeko eta bidegorri berrietarako. Lehenengo aldiz, bide-azpiegituretan berrikuntza eta digitalizazioa sustatzeko inbertsio bat egin da, 1,5 milioi eurokoa. Horretaz gain, bidesarietarako diru-laguntzak 7,5 milioi euroko gastua ekarri dute.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Imanol Pradalesek, bere sailaren 2020ko ekitaldirako aurrekontua banakatu du Batzar Nagusietan; aurrekontu hori 198,2 milioi eurokoa da, langileen gastuak zenbatu gabe. Aurrekontu-zuzkidurarik handiena duten bi partidak honako hauek dira: berrikuntza, ustiapena eta desjabetzeena, 109,1 milioi eurorekin, eta bide-sarearen kudeaketarena, 61,7 milioirekin. Era berean, beste 18,8 milioi azpiegituren eta bide-segurtasunaren garapenerako bideratuko dira eta 1,5 milioi lurralde antolamendurako eta hiri-planifikaziorako.

Pradalesek azaldu duen bezala, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sail berriak hiru rol ditu: planifikatzailea, inbertitzailea eta eraldatzailea; eginkizun inbertitzailea da aurrekontuaren zatirik handiena hartzen duena, 2020rako hainbat jarduketa barne hartzen baititu, 160 milio eurotik gorako balioa dutenak. Inbertsioaren zatirik handiena foru bide-sarearen kontserbazio integralerako erabiliko da; 54,2 milioi euro foru titulartasuneko errepideen 1.300 kilometroetan zehar egin behar diren obretarako eta mantentze- eta kontserbazio-lanetarako. Era berean, inbertsioak egingo dira dagoeneko martxan dauden obretan; esate baterako, MHS eta AP-68aren lotunean (43 milioi euro) eta Kukularrako lotunean (4,7 milioi euro) Ezkerraldeko Parke Teknologikorako sarbideak eraikitzeko obrek 2020an 6 milioi euroko inbertsioa beharko dute, eta beste 3,5 milioi bidegorri berriak eraikitzeko inbertituko dira. Pradalesek, bestalde, Bidesarea Planeko hainbat jarduketetan Interbiak foru sozietatearen egingo den 28,6 milioi euroko inbertsioa eta, bideak berritzeko plan baten eta Bizkaiko korridore kooperatibo baten bidez errepide adimentsuak sustatzeko xedearekin foru bide-sarean berrikuntza- eta digitalizazio-jarduketak bultzatzera bideratuko diren 1,5 milioi euroko inbertsioa nabarmendu ditu.

1,1 milioi ibaiaren azpiko tunelaren proiekturako

Rol planifikatzailearen berezko jarduketek 10,2 milioi euroko aurrekontua batuko dute eta, beste jarduketa batzuen artean, ibai azpiko tunelaren proiektua idaztera bideratuko diren 1,1 milioi eurotan edo bide berriak egiteko edo dagoeneko badauden errepideak hobetzeko proiektuetarako 1,2 milioi eurotan banakatuko dira. Planifikazio-jarduketen artean, bestalde, Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Planaren eta Errepideen eta Bidegorrien Lurralde Plan Sektorialen idazketa daude (0,3 milioi eta 675.000 euro, hurrenez hurren).

Rol eraldatzailean aurreikusitako jarduketa modura, Pradalesek Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak beste foru sail batzuek aginduta gauzatuko dituenak identifikatu ditu, horien aurrekontuaren kargura. Atal horretan Bizkaiarentzako estrategikoak diren azpiegiturak (esate baterako, Energy Intelligence Center, Nagusi Intelligence Center, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa edo Zallako suhiltzaile-etxea) sustatu eta gauzatzea aurreikusten da.

Rol bakoitzean aurreikusitakoaz gain, Sailaren aurrekontuan beste jarduketa batzuk aurreikusten dira; adibidez, Gerediaga-Elorrio eskualde-ardatzaren kontzesioaren gastua (47 milioi eurokoa) edo ordainsarientzako diru-laguntzak; Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 7,5 milioi euro bideratuko ditu foru aldundien ordainsaridun errepideetan hileko gastuaren muga diruz laguntzeko.