2019(e)ko azaroaren 08(a) 13:30

Garraioaren arloko aurrekontuak 750.000 € bideratzen ditu Bizkaian Bizikleta Bidezko Mugikortasuna sustatzera

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Bizkaibusen mantentze-lanetarako partida 92,35 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldian baino % 2,2 gehiago. 700.000 € markesinak berritzeko. Bizikleta Bidezko Mugikortasuna sustatzeko eta aparkaleku seguruen sarea bultzatzeko kanpainak.

JJGG

Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, ostiral honetan bere sailaren aurrekontuak aurkeztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan; aurrekontuaren zenbatekoa 139.098.000 € da, pertsonal-gastuak kenduta.

Sailaren aurrekontuaren zati nagusia, 136.632.120 €, Bizkaiko Garraio Publikora bideratzen da, bereziki Bizkaibusera eta Metrora.

Bizkaibusen mantentzeak 92.350.000 euroko inbertsioa dakar, % 2,2ko igoera aurreko urtearekin alderatuta. "Azken urteotan etengabe hazi den eta iaz 28.040.787 erabiltzaile izan zituen zerbitzu baten beharrei erantzuteko beharrezko hornidura da", gogorarazi du Gomez Viarrek.

Garraio Azpiegituren Programara 42.466.120 € bideratu dira. Horietatik, 40 milioi euro Metroaren mantentze-lanetarako  dira, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bidez, eta 1,2 miloi  € Aparkabisaren funtzionamendurako.

Partida horretan sartzen da, halaber, Bizkaibuseko markesinen parkea mantentzea eta berritzea. Guztira 700.000 € daude, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 27,27ko igoera nabarmena, markesina eredu berria Bizkaian hedatzen jarraitzeko.

Gainera, eta Garellanoko Geltoki Intermodal berria martxan jarriko dela aurreikusita, milioi 1 euroko partida ezarri da Bizkaibuseko lineek geltokia erabiltzearen ondoriozko gastuetarako.

BIZIKLETEN APARLKALEKUAK

Sailaren beste jarduera eremuan, Mugikortasun Jasangarriari buruzkoan, 750.000 € ezarri dira Bizkaian Bizikleta Bidezko Mugikortasuna sustatzeko.

Gomez Viarrek iragarri du, 2019ko aurrekontuen kargura, azterlan bat egingo dela aztertzeko zertarako erabiltzen dituzten gaur egun bizkaitarrek bidegorriak, indibidualki edo taldean, eguneroko jardueretarako edo kirolerako. Esan duenez, azterlan horri esker, lurraldean garraio publikoa eta bizikleta uztartuko dituen mugikortasuna sustatzeko politikak diseinatzeko datuak eskuratuko dira.

Garatuko diren ekimenen artean, Garraioen titularrak jakinarazi du bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko kanpainak egingo direla, genero-ikuspegia aintzat hartuta, eta bizikletentzako aparkaleku seguruak egingo direla leku estrategikoetan, bizikletaren eta Bizkaiko garraio publikoen (Bizkaibus, trena edo metroa) arteko intermodalitatea ahalbidetzeko. 

Sailaren helburuen artean dago Bizkaiko udalekin lankidetzan aritzea bizikletaren erabilera, bidegorrien erabilera eta hiri-mugikortasuneko planak bultzatzen dituzten neurriak ezartzeko, Jasangarritasun Energetikoari buruzko Euskal Legearekin bat etorriz. Lege horrek 5.000 biztanletik gorako udalerriei eskatzen die Mugikortasun Plan bat izan dezatela bi urteko epean, indarrean jartzen denetik hasita.

Sailaren 2020rako aurrekontuaren egitura osatzeko  azpiegitura informatikoa sortzeko eta mantentzeko programa dago, 1.312.880 €-rekin. Atal honetan nabarmentzekoa da Bizkaibusen APPa berritu eta eguneratu izana, bai eta Aldundiaren Egoitza Elektronikoan lan- eta unibertsitate-garraioko eta beste kolektibo batzuen  zerbitzu erregularren baimenen kudeaketa sartzeko programa ere.


Argazkiak